100.000 euroko laguntza iragarri du Akitania Berriak EEPrentzat Herri Urratseko ekitaldian

Andde Sainte-Marie eskualde kontseilariak lehen emendatze gisa iragarri du diru zama, Departamenduak eta Frantziako Estatuak segituko dutelako itxaropenarekin. Seaskako ikastolen bestan «milaka» jende izan da eta «oso pozik» atera dira antolatzaileak.

Peio Jorajuriaren Herri Urratseko hitzartzea, atzo, atzean Nekane Artola, Maider Behotegi, Bingen Zupiria, Jean-Rene Etxegarai, Jean-Jacques Lasserre eta Andde Sainte-Marie dituela. PATXI BELTZAIZ
Peio Jorajuriaren Herri Urratseko hitzartzea, atzo, atzean Nekane Artola, Maider Behotegi, Bingen Zupiria, Jean-Rene Etxegarai, Jean-Jacques Lasserre eta Andde Sainte-Marie dituela. PATXI BELTZAIZ
Iñaki Etxeleku.
Senpere
2024ko maiatzaren 13a
12:45
Entzun

Akitania Berriko eskualdea, Andde Sainte-Marie kontseilariaren ahotik, Herri Urrats egunaz baliatu zen atzo jakinarazteko, aldi bateko, 100.000 euroko laguntza gehigarria prest zuela EEP Euskararen Erakunde Publikoarentzat. Ez da eskatua zitzaiona, eta ez da argi nola bidera daitekeen, parekotasunaren printzipioak EEPko erakundeak hein berean lerrokatzera behartzen baititu aurrekontua osatzeko.

Joan den apirilaren 8ko biltzar nagusian aurrekonturik ez emendatzea bozkatu zuen EEPko ordezkarien gehiengoak. Erakundeak ez ziren ados jarri denek hein berean beren partea emendatzeko. Euskalgintzak salatu zuen 2017tik ez zela aurrekontua mugitu, alta euskararen aldeko elkarteen beharrak azkarki handituak direlarik. Euskal Hirigune Elkargoko hautetsiek martxo hastapenean bozkatu zuten aurrekontuan, 650.000 euroko emendatzea bozkatu zuten EEPrentzat. Jean-Jacques Lasserrek zuzendu Pirinio Atlantikoetako Departamenduak EEPko biltzar nagusian erran zuen ezin zuela bere zatia emendatu, eta hala baieztatu zuen Herri Urratsen karietara, atzo. Akitania Berritik ez zuten deus errana oraino.

Andde Sainte-Mariek erran du erakunde guziak ados direla EEPren aitzinkontua emendatu behar dela. Bizkitartean, blokeatze egoera batean dira. Herri Urratsen iragarri dituen 100.000 euroak ez dira Elkargoak jarri goititzearen heinekoak, baina atzokoa «lehen iragartze bat» zen, «lehen goratze bat eskualde kontseilutik», Euskal Irratietako Ihintza Arrieta kazetariaren mikrofonoan erran duenez. Sainte-Mariek Departamendua eta Frantziako Estatua seinalatu ditu, emendatze deiari ihardetsi ez dioten erakunde gisa. Akitania Berriko kontseiluaren izenean, Elkargoari eta Departamenduari proposatu die «gutun komuna idaztea estatuari», gaiaz mintzatzeko «bilkura ofizial bat» antolatzeko Baionako suprefeturan.

Beste eztabaida bat mahai gainean ezarri nahi izan du eskualde kontseilariak ikastolen bestan: EEPren gobernantza parekidea. «Orain arte eraginkorra izan bada ere, agian molde eta bide berriak badaitezke emendatze bati buruz joateko». Erakunde bakoitzak bere aldetik diru gehiago ekartzeko aukera iradokiz, nolabait, denek ez badute segitzen. «Europako dirua aipatu dut, Poctefaren bitartez», zehaztu du Sainte-Mariek. Akitania Berriko erakundean berean, hizkuntza politikaren sailari lotu beste laguntza batzuen erdiesteko moldea ere aipatu du. «Gauzak ez dira ezinezkoak borondate doi bat erakusten bada».

Seaskako lehendakari Peio Jorajuriak baikorki hartu zuen Akitania-Berriaren iragarpena, nahiz euskarak dituen beharretarik franko urrun gelditzen den guztia. «Hobe 100.000 baldin badira, baina badakigu ez dela aski eta bidea luzea dela oraindik», adierazi zuen Jorajuriak Euskal Irratietan. «Agian Departamenduak irtenbideak atzemanen ditu besteen mugimendua segitzeko». EEPren aurrekontuaren bikoiztea helburu, beti. Jorajuria konbentzitua da, gero, Frantziako Estatuak segituko duela: «Hemengo kolektibitateak ados izanen direlarik, ez dugu dudatzen lortuko dugula estatuak ere segitzea».

Esne Beltza taldearen kontzertua, Herri Urratsen
Esne Beltza taldearen kontzertua, atzo, Herri Urratsen. PATXI BELTZAIZ

Neomak taldearen arrakasta

Baikor atera dira Herri Urratseko antolatzaileak aurtengo ediziotik. «Jendetza batu zen atzo Herri Urratsen», adierazi du Koldo Rodriguez elkarteko langileak. Nahiz ez den izan pandemia ondotiko itzultze edizioko oldea, «milaka jende» bildu ziren Senpereko (Lapurdi) aintzirara, igandean. Aparkalekuak bete ziren, eta Seaskak jarri autobusak ere bete ziren. Horrez agin, Elkargoarekin adostu Txik Txak autobus zerbitzuak arrakasta izan zuen. Segurtasun aldetik ekarpen bat gehiago da ikastolen bestarentzat, eta Rodriguezek badu esperantza usaia bilakatzea: «Oso pozik gaude ikusiz Txik Txakekin zer jende kopuru mugitu den. Zabaldu dugu Iparraldeko jendeak garraio publikoa hartzeko ohitura bat».

Giro biziki onean eta alaian joan zen eguna, antolatzaileen arabera. «Kontzertuen maila izugarria» aipatu du Rodriguezek, eta Neomak eta Esne Beltza taldeenak azpimarratu, bereziki. «Neomaken kontzertuan 20.000 lagunetik gora egon ziren».

Jendea gune guztietan egon dela ohartu dira. Ondorio ekonomikorik ateratzeko goizegi bada ere, leku batzuetan «edari ia dena» bukatu zen. Beskoitzen (Lapurdi) ikastola berri bat sustatzeko diru ekarpena izanen da aurtengo Herri Urratsena. Rodriguezek aitortu du diru bultzada bat izanen bada ere, ikastola berri batek sos gehiago beharko duela oraino. Ikastola bat eraikitzeko «diru asko» behar da eta igandean Herri Urratsen egon ezin izan duen jendeari edo Beskoitzeko ikastola lagundu nahi duenari «elkartasun bide ezberdinak erabiltzeko» deia egin dio. Xehetasunak Herriurrats.eus atarian aurki daitezke. Dei horrek izan du oihartzuna jada. Partikularki, Hego Euskal Herrian, Rodriguezek jakinarazi duenez: «Bizum-etik elkartasun uholdea jasotzen ari gara asteburu honetatik».

BERRIA egunkariak Herri Urratsen izan duen inplikazioa bereziki nahi izan du eskertu Rodriguezek. «Hor sortu den elkarlana izugarri ondo baloratzen dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.