10.000 euroren isuna jarri diote konpentsazio araua bete ez duen Miarritzeko etxejabe bati

Lehen aldia da Ipar Euskal Herrian zigor bat jartzen dutena turismorako etxebizitzen konpentsazio araudia ez betetzeagatik. Miarritzeko Herriko Etxeak 100.000 euro galdeginak zituen hasieran.

ALDAren ekintza Miarritzeko etxebizitza turistiko batean, 2023an. GUILLAUME FAUVEAU
ALDAren ekintza Miarritzeko etxebizitza turistiko batean, 2023an. GUILLAUME FAUVEAU
Leire Casamajou Elkegarai.
2025eko apirilaren 8a
15:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Lehen aldiz zigortu dute etxejabe bat Ipar Euskal Herrian turismorako etxebizitzen konpentsazio araudia ez betetzeagatik. Bi apartamentu ilegalki alokatzeagatik, 10.000 euroren isuna ordaindu beharko dio Miarritzeko Herriko Etxeari (Lapurdi); 5.000 euro apartamentu bakoitzeko.

Zigorraren zenbatekoa Airbnb plataformaren bidez bidegabeki lortutako irabaziei dagokie. Miarritzeko Herriko Etxeak 100.000 euro galdeginak zituen; auzia otsailaren 23an iragan zen Baionako auzitegian, eta atzo heldu zen deliberoa.

Duela bi urte sartu zen indarrean turismorako etxebizitzak mugatzea helburu duen konpentsazio araua. Horren arabera, bizitegi bat turismorako erabili nahi duen jabeak bestelako lokal bat bizitegi bilakatuz konpentsatu beharko du; bestela, ez du etxebizitzaren erabilera aldatzeko baimena eskuratuko. Gaur egun turismorako diren etxebizitzak urte osoko alokairura itzultzea lortu nahi dute neurri horren bidez.

2023ko ekainean —araudia indarrean sartu eta hiru hilabetera—, konpentsazio arauari iruzur egin zioten mila jabe atzeman zituen Miarritzeko Herriko Etxeak. Auzitegietara jotzeko prest zirela erran zuen Etxebizitza axuantak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.