Paxkal Indo. Garapen Kontseiluko lehendakaria

«10-15 urteren buruan ikusiko da Garapen Kontseiluaren lana»

430 kideko batzarra bozkatu zuten, larunbatean, Euskal Herriko Garapen Kontseiluaren biltzar nagusian. Herritarren parte hartzeak Euskal Elkargoan duen garrantzia azpimarratu du Paxkal Indok.

FRANÇOIS BERLAND.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Mugerre
2021eko otsailaren 9a
00:00
Entzun
2019ko ekainean izendatu zuten Paxkal Indo (Donibane Lohizune, Lapurdi, 1968) Euskal Herriko Garapen Kontseiluko lehendakari, Caroline Philipsek dimisioa aurkeztu ondotik. Paxkal Indok aitortu du Euskal Hirigune Elkargoa sortu ondotik Garapen Kontseiluak birkokatu behar izan zuela, eta horrek barne «krisia» sortu zuela, pertsonen arteko arazoei gaineratuz. «Konplikatua» izan bazen ere gainditu dutela dio, eta ordutik «lanean» ari direla. 430 kideko batzarra bozkatu zuten larunbatean, Mugerreko (Lapurdi) Haitz Ondoan gelan egin zuten biltzar nagusian.

Zertan da Garapen Kontseilua?

Inportantea da jendeak ulertzea zer den gure lekua. Lehen ez zen egitura ofizialik, orain bada hirigune elkargoa. Lehen nehork ez zuen politika publikoaren ardura hartzen ahal, horregatik sortu ziren Garapen eta Hautetsien kontseiluak; orain, lehen instituzioa badugu, eta gainerakoekin konpetentziak banatuak dira. Guk horiek guziak begiratzen ditugu, gizarte zibilaren izenean, errateko ea ondorio on ala txarrak dituzten gure lurraldearentzat.

Adibidez?

Duela hamar egun Ibilbide aurkeztu genuen, Ipar Euskal Herriko gazteen orientazioari buruzko gogoeta. Akitania Berriak dirutza bat eta rol ofizial bat eman dizkigu lan hori egiteko, eta ikusteko ea zerbait ezberdin egin dezakegun hemen. Eta bai, badira gauzak egiteko. Lehenik, mugaz gaindikoa: badira aukerak Paue eta Bordele baino hurbilago. Bertan dira, eta ez ditugu aski baliatzen. Badira estatuen oztopo batzuk ere: baxoa eta selektibitatea ez dira berdinak, adibidez. Hori dena lantzekoa dugu. Gure lana izaten ahal da ideiak ematea baino harago. Eta badugu erakunde ezberdinak saretzeko gaitasuna.

Notre legean, gizarte zibilaren parte hartzea sustatzea da Garapen Kontseiluei ematen zaion funtzioa. Bada zinez parte hartzerik Euskal Elkargoan?

Hori baino ahulagoa da Notre legeak dioena. Abisuak eman eta politiken ebaluazioa egitea aipatzen da. Historikoki Garapen Kontseiluak Ipar Euskal Herrian egin duen lana askoz harago joan da. Koekoitzi ditugu politikak orain arte, eta nahiz eta dena aldatzen den egun, hala ere sekulako lana badenez egiteko oraindik, gehiago parte hartu nahi genuke. Baina badakigu hautetsien lana izanen dela ardurak hartzea. Haatik, ideiak eta ikuspegiak emateko, badugu parada ederra.

Zuen ideiak entzunak dira ala apaletan galtzen diren txosten batzuk dira?

Nik uste entzunak direla. Hautetsiek badakite ezin dutela ezer egin gu kontsultatu gabe, eta hori da gutxienekoa —baina jadanik anitz da—. Eta gaiaren araberakoa da. Batzuetan, hautetsiek duten presioa —izan lobbyena edo beste— gurea baino indartsuagoa da, eta ondorioz ez gara biziki entzunak; eta beste ideia batzuei buruz, biziki entzunak gara, aitzindari baikara aspalditik. Eta bada beste gauza bat: anitzek uste dute hautetsiek ez dutela ideiarik, aurreikuspen gaitasunik... bistan dena badutela. Nonbait militanteak dira horiek ere. Beharbada hemen ez ditugu beste lekuetan bezain estralurtar ikusten; beharbada lotuagoak dira. Hautetsiek jadanik badituzte ideia onak, eta ekipo teknikoak, haien txostenak lantzen dituztenak. Haien lehen zirriborroa eta gurea gurutzatzen ditugularik, usu, erdia komuna da. Gure lurraldea begiratzeko ditugun datuetan, anitzetan, ados gara. Haatik, ez gara baitezpada ados, adibidez, etxebizitza arloan, zenbat etxe sozial behar liratekeen; guk aise gehiago ikusten ditugu hautetsiek baino. Hautetsiek zailtasunak ikusten dituzte, eta guk, helburuak. Baina, oro har, entzunak dira gure ideiak, eta merezi du borrokatzea gehiago entzunak izan gaitezen.

Baduzu adibide bat zuen iritzia kontuan hartuta onartu den politika publiko batena?

Emanen dizut bat entzuna izan ez dena, lortutakoak baino gehiago lortzeko direnak atxikitzen baititut nire buruan. Adibidez, garraioari buruz, guk uste dugu badugula sistema bakar bat gauzen lortzeko: osoki aldatzea gure pentsatzeko manera. Gaur egun, Ipar Euskal Herrian autoa da gure lehen garraioa, eta oinezkoa da azkena. Gure ustez dena alderantziz egin behar da: oinezkoa, bizikleta, garraio publikoa eta, azkenik, autoa. Horrek ez du balio barnealderako, baina, hala ere, populazioaren erdiari mintzo gara, erdia Baionan, Miarritzen eta Angelun [Lapurdi] bizi delako. Guk hori eman dugu helburu moduan, eta hautetsiek erraten dute dorpeegi dela, ez dugula lortuko, urteak beharko direla... Bada, egin dezagun desafioa, eta ikusiko dugu nola pasatuko den. Usu estrategian da desadostasuna.

Eta lortu dituzuenak?

Badira anitz. Antolaketan, gobernantzan, lurralde eremuen lekua zer izan behar den... Ez ditut denak zerrendatuko, baina uste baino gehiago bada. Entzunak izan gara anitzetan. Kontua da, nonbait, Garapen Kontseiluak lan egiten duelarik ez direla gauza ikusgarriak lortzen. Egiten dugun lana ideien infusatzea da. Tea koloreztatu dela bukaeran ikusten da. Hemendik 10-15 urtera Garapen Kontseiluak egindako lana ikusten dugularik hiriguneak egin dituen aldaketetan, hor ohartuko gara.

430 kide izatera iritsi zarete. Zer adierazten du?

430 pertsonak erabaki dutela inplikatzea, pixka bat edo anitz, jakiteko Ipar Euskal Herriko prospektiban zer lurralde, zer elkartasun, zer leku euskararentzat... eta edozer gaietan, zer nahi genukeen Ipar Euskal Herrian. Uste dut badela inplikazio polit bat. Beharbada ametsetan ari naiz, beti bezala, baina badut esperantza gauzak hobetzeko.

Zer ildo orokor landuko dituzue hemendik aitzina?

Etxebizitzaren gaia biziki inportantea izanen da, eta ingurumenaren gaia ere bai. Garraioa bai, baina nik ingurumenaren barruan sartzen dut bakea, berdintasuna, kultura... eta laster iritsiko den gai korapilatsu bat: turismoa. Gai guziak ukitzen ditu. Nahi izan dugun dinamikan izanen dira xantier bertikalak, baina saiatuko gara ahal bezainbat horizontalak izaten.

Bakearen inguruko batzorde bat ere sortu duzue. Zer da haren eginbeharra?

Bakeari buruz badira tresna anitz jada. Bi bide genituen: Bake Bidean sartzea, baina ez dut uste gauza anitz eraginen genuenik. Beraz, proposatu dugu azterketa bat egitea ikusteko zer egin dezakeen gurea bezalako tresna batek. Audizioak egiten ari gara, gogoeta osatzeko. Inork proposamenik badu, guregana hurbildu daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.