Tortura

'Zabalza auzia' ikertzeko eskaerak ez du aurrera egingo Espainiako Kongresuan

«Oinazea eta frustrazio sentimendua» ulertzen dituztela diote, baina ez dute eskatuko fiskaltzak ikerketa bultza dezan

Aitor Esteban, gaur, Kongresuan. CHEMA MOYA / EFE
gotzon hermosilla
2021eko martxoaren 24a
16:03
Entzun

EAJk berriro eraman du Zabalza auzia Espainiako Kongresura, Aitor Estebanek aurkeztutako presazko eskaera baten bidez, Espainiako Gobernuari eskatzeko ikerketa bultza dezan, auziarekin zerikusia duten agiriak sekretupetik ateraz eta fiskaltzari ikerketa sustatzeko aginduz. PSOEk, baina, aldaketa bat aurkeztu dio proposamenari, eta hor, «horren eskumena duten botere publikoei» dei egiten diete iker dezaten. Aldaketaren azalpenean, PSOEk argi utzi du «justizia erakundeez» ari dela «eskumena duten botere publikoak» aipatzen dituenean, eta ez duela uste Espainiako Gobernuak horretan zerikusirik izan behar duenik. Bozketa bihar egingo dute, baina, itxura guztien arabera, PSOEren proposamenak egingo du aurrera, EAJren testuaren ordez.

Aitor Esteban diputatu jeltzaleak esan du bere proposamena ez doala inoren kontra, «ezta inongo instituzioren kontra edo beste biktimen eskubideen kontra ere», eta haien asmo bakarra dela Nafarroako Parlamentuan, Iruñeko Udalean eta beste zenbait erakundetan agerturiko adostasuna gauzatzea: «Esaten badugu auzia argitu nahi dugula, orduan, ahaleginak egin ditzagun auzia argitzeko», esan du, eta erantsi du Espainiako Gobernuak ere «bere alea» jar dezakeela horretan, «auziarekin zerikusia duten agirien sekretua altxatuz eta fiskaltzari iker dezan eskatuz». Proposatu duten aldaketa «edukiz hutsik» dagoela eta «eskuak garbitzeko modu bat» izan zitekeela aurpegiratu die sozialistei.

PSOEko diputatu Gemma Araujok defendatu egin du sozialisten aldaketa. Esan du bat datorrela familiaren oinazearekin, baita auzia argitu ez izanak sortzen duen «frustrazioarekin» ere: «Badakigu auzia zauri ireki bat dela, emozionala eta soziala». Baina, hala ere, defendatu du bere garaian zuzenbide estatuak «erantzun» egin zuela eta justiziak ikertu zuela auzia. «Joko arauak eta botereen arteko banaketa errespetatu behar ditugu», argudiatu du.

EH Bilduko Bel Pozueta, CUPeko Albert Botran eta ERCko Marta Rosique auzia ikertzearen alde agertu dira. Pozuetak esan du torturaren inguruan Espainiako erakundeek izan duten erantzuna «ukazioa, isiltasuna, ezkutatzea eta ahanztura» izan dela historikoki, eta aurrekoan Fernando Grande Marlarka Barne ministroak arazo horri emandako erantzuna  «onartezina eta mingarria» izan zela. Botranek eta Rosiquek, berriz, esan dute tortura  «errealitate» bat dela, eta ez soilik frankismoaren garaian,  «Franco hil zenetik gaur arte ere bai».

Unidas Podemoseko Roberto Uriartek ere torturaren erabilera deitoratu du, eta zuzenean hitz egin die Alderdi Sozialistako diputatuei: «Demokrazia egian oinarritu behar da. Hemen auzia ez da botereen arteko banaketa, baizik eta botere batek ez diezaiola beste botere bati lan egitea galaraz».

Oso bestelakoa izan da UPNren, Ciudadanosen, Voxen eta PPren jarrera. Carlos Garcia Adanero UPNko diputatuak aurpegiratu dio EAJri «beste batzuek» proposamena erabiliko dutela  «hemen torturatu dela esateko». Voxeko Macarena Olonak esan du proposamena  «iraina» dela Guardia Zibilarentzat eta Espainiako justiziarentzat:  «EAJk Guardia Zibila gorrotatzen du, Espainiaren batasuna gogorarazten diolako», azaldu du. PPko Edurne Uriartek ere ildo horretatik jo du: esan du auzia bere garaian «sakon» ikertu zela, eta orain berriro ireki nahi izatea  «Guardia Zibilaren kontra susmo txarrak barreiatzea» dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.