Migratzaileak

'Open Arms'-eko migratzaileei harrera egiteko eskatu dute Bilbon

Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteak salatu du "errefuxiatuen nazioarteko konbentzioak" urratu dituztela herrialdeek.

Open Armseko migratzaileen harrera eskatzeko elkarrearatzea, Bilboko Plaza Eliptikoan. MONIKA DEL VALLE / FOKU
2019ko abuztuaren 9a
12:28
Entzun

Zortzi egun daramate OpenArms ontziak jasotako 122 migratzaileek itsasoan, herrialde batek jasoko dituen zain. Egoera hori oinarri, Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteak elkarretaratzea egin du Bilbon, Italiako eta Maltako gobernuen "ezezko kriminala" salatzeko, eta herrialdeei eskatzeko harrera egin dezaten. Europar Batzordearen eta gobernu kideen "konplizitatea" salatu dute, azalduz Europako herrialdeek ez dituztela nazioarteko arauak betetzen; "errefuxiatuen nazioarteko konbentzioak" urratzen dituztela esan dute, besteak beste, Nazioarteko Giza Eskubideena eta Europako Batasuneko Oinarrizko Eskubideena. Plaza Eliptikoan izan da elkarretaratzea, 12:00etan, Espainiako Gobernuaren Ordezkariordetzaren parean.

Lehorreratzea azkartzeko, nahitaezkoa da Europako Batasuneko estaturen batek eskaera egitea modu ofizialean, baina inork ez du halakorik abiatu. Maltak eta Italiak portuak itxi zituzten eta harrera egiteko ezezkoa eman zuten. Europar Batasuneko estatu kideen bitartekari gisa, Europako Batzordeak azaldu du egoera larriari aurre egiteko prozedura bat jarriko duela martxan; ekainean Frantziak eta Alemaniak proiektu bat proposatu zuten migratzaileei harrera egiteko, baina negoziaketa prozesuan jarraitzen dute gobernuek.

Espainiako Gobernuaren jarrerarekin ere kritiko agertu dira; Frantziak eta Alemaniak lehorreratzeetarako aurkeztutako harrera programari ezezkoa eman zion Espainiak. Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeak Pedro Sanchezen gobernuari egotzi dio "borroka burokratikoak" lehenetsi izana, "122 pertsonaren sufrimendua" areagotuz. Gaineratu du Mediterraneo itsasoa "hobi komun bat" bilakatzen ari dela, eta elkartasuna kriminalizatu izana egotzi die estatuei. "Pertsona horiei Mediterraneo itsasoa gurutzatzen laguntzea ez da soilik legitimoa, egin beharreko gauza ere bada", aldarrikatu dute elkarretaratzean.

80 migratzaile erreskatatu ditu 'Ocean Viking' ontziak

Duela bost egun irten zen Marseillako portutik Ocean Viking erreskate ontzia, Libiara bidean. Gaur, 80 migratzaile erreskatatu ditu kostaldean. Mugarik Gabeko Medikuak eta SOS Mediterraneoa erakundeen salbamendu ontzia da, eta, adierazi dutenez, lau haur daude erreskatatu dituzten migratzaile eta errefuxiatuen artean. Atzo jaso zuten Libiako kostaldetik gertu 80 pertsona arriskuan zeudela jakinarazten zuen abisua. Ostera, gaur jaso dute leku zehatzaren informazioa, eta kokalekua jakin ahala, hara joan da ontzia.

Itsasoan zortzi egun daramatzan OpenArms ontziarekin bezala, jarrera irmoa azaldu du Matteo Salvini Italiako Barne ministroak. Espero moduan, galarazi egin du bandera norvegiarra daraman itsasontzia Italiako uretan sartzea. Hala, gogorarazi du Italian baimenik gabe lehorreratzea, nabigatzea edota galkatzea erabakitzen duten erreskate ontziek isunak jaso ditzaketela: "Prest nago sarrera debekatzeko".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.