Abian da Sorturen hirugarren kongresua, eta Nazio Kontseiluak joan den astean aurkeztu zuen «ariketa kolektibo erraldoi baten emaitza» den Herrigaia txostena. Espero izatekoa zen bezala, ordea, bertze txosten bat aurkeztu dute kongresuko eztabaidara: Lurrari lotuz du izena, eta gaur erregistratu dute ezker abertzaleko alderdiaren prozeduran, osoko zuzenketa gisa.
Sortuko militanteek urriaren 24ra arteko epea izanen dute Herrigaia txostenari osoko zuzenketak aurkezteko. Urrian, halaber, herri batzarrak eginen dituzte 140tik goiti herri eta auzotan, eta azaroaren 19tik 21era bozkatuko dituzte osoko zuzenketak. Zuzenketa partzialak, berriz, abenduaren 17tik 19ra egin ahal izanen dituzte.
7.900dik goiti militantek eman dute izena urtarrilaren 22ra arte luzatuko den eztabaidan parte hartzeko.