Telebista

'Las Cloacas de Interior' dokumentala ez emateko arrazoiaz galdetuko du EH Bilduk

Espainiako Barne ministerioak Kataluniako independentziazaleen aurkako maniobra ilunen inguruko lana atzo eman behar zuten ETB2n.

Edu Lartzanguren.
2017ko uztailaren 13a
12:07
Entzun

Las Cloacas de Interior dokumentalak Katalunia operazioa deiturikoa azaltzen du. Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministro ohiaren eta Kataluniako iruzurraren aurkako Bulegoaren zuzendari Daniel de Alfonsoren arteko elkarrizketa batetik abiatuta, independentziazaleen kontrako kanpainaren berri ematen du. Atzo eman behar zuten ETB2n, TV3n eta Balearetako IB3 kateetan, hiruretan batera. Baina, astebete atzeratzea erabaki zuen ETBk, aste hasieran. Haren ordez, La imagen de mi vida saioa eman zuen. Datorren asteazkenean –uztailak 19– emango dutela iragarri dute. TV3k ere atzeratzea erabaki du, eta asteartean emango du.

EH Bilduk gaur jakitera eman duenez, dokumentala atzo ETBn ez emateko arrazoiaz galdetuko du Legebiltzarrean eta EITBko Administrazio Kontseiluan. Saioa programaturiko datan ez emititzea "oso susmagarria" dela adierazi du EH Bilduko Legebiltzarreko taldeak, @ehbildu_legebil Twitterreko kontuaren bitartez.

Jaume Rouresek zuzendu du dokumentala, eta Mediaprok ekoitzi du. Egileek salatu dutenez, Espainiako kate handiek uko egin diote erreportajea emateari. Joan zen astean, 1.600 pertsonek ikusi zuten Bartzelonako Aribau zineman aurkeztu zutenean.

"EH Bilduk susmoa du PPren presio politikoak eta alderdi horren eta EAJren arteko akordioek eragina izan dutela EITBren erabakian, dokumentala programaziotik kentzera behartu arte", adierazi du koalizio abertzaleak agiri baten bidez.

EITBko zuzendaritzari azalpenak eskatu dizkiola gaineratu zuen EH Bilduk. “Gertaturikoa larria da eta Maite Iturbe buru duen zuzendaritza-taldeak berehala argitu behar du zergatik aldatu zuen atzoko programazioa dokumental hori ez igortzeko", esan du EH Bilduko legebiltzarkide Unai Urruzunok. Ordezkariaren arabera, “PPren presio politikoak bakarrik azaldu dezake" erabakia, "horrek eta une honetan EAJk PPrekin duen harreman pribilegiatuak". Legebiltzarkidearen arabera, EITBren zuzendaritza "agindu politikoen menpe" jarri dute, beste behin ere, "irizpide profesional eta periodistikoen arabera jokatu beharrean".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.