Euskara

'Kieto', 'ostia txar' eta 'joño' dira Euskaltzaindiak onartutako formetako hiru

Euskaltzaindiaren Hiztegia berritu dute: 646 forma gehitu dituzte, eta 1.130 moldatu. Azken sei hilabeteotako aldaketak sartuta eguneratu dute sarea.

Euskaltzaindiaren egoitza, artxiboko irudi batean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2023ko uztailaren 11
21:05
Entzun

Euskaltzaindiaren Hiztegia berritu dute: 646 forma gehitu dituzte, eta 1.130 moldatu. «Joño!», esan lezake kopuruari erreparatu dionak, agian jakin gabe hitz hori bera ere onartu egin dutela. «Kieto!». Hori ez da forma bakarra: euskara gaizto da beste bat, euskara garbi formaren antonimoa, alegia. Forma horiek Euskaltzaindiaren Hiztegian gehitu izanak ostia txarra eragin diezaioke pertsona txorrotx bati, bekozko beltza jar lezake beste batek, eta hartze ona izan lezake gizartean; batzuk pozez zoratzen egon litezke. Jai daukate Euskaltzaindikoak gezurtero batzuk direla uste dutenak, egia berdaderoa baita letra etzanez idatzitako forma horiek guztiak Euskaltzaindiaren Hiztegian sartu berri dituztela.

Azken sei hilabeteotan 646 forma berri jaso ditu Euskaltzaindiak bere hiztegian, eta sarean egokitu dute jada. 1.130 forma moldatu eta findu dituzte, adibideak gehitu dituzte, eta genero ikuspegia ere txertatu dute. Denetarikoak dira gehitu dituzten forma berriak. Ingelesetik hartutako webcam, spinning eta streaming hitzak onartu dituzte, eta gaurkotasun handiko zenbait hitz jaso dituzte: desberdinkeria, despolitizazio, distopia, kulebroi, prekarizatu, zentsuratzaile, hutsetik abiatu… Garaien ispilu ere badira hiztegiak.

Horregatik beragatik moldatu dituzte sarrera —hiztegi sarrera forma bera ere gehitu dute— eta azpisarrera ugari. Belarrimotz, emakumekeria eta transexual hitzen sarrerak moldatu dituzte, esaterako. Adibideei ere heldu diete. Amatiar hitza azaltzeko, hau zuten lehen adibidetzat: «Emaztea emakume zintzoa zen, gizonek gogoko dituzten dohainez betea: emetasun handikoa, amatiarra, fidela, etxeko andere bikaina». Orain, honekin ordezkatu dute: «Kontuz ibiltzeko aholku amatiarrei entzungor, eskailera mailak launaka jaitsi genituen».

Harremanetan egon, afariketan, muturrandi, akorduan eduki, dudan egon, kokoteraino egon, mihi puntan eduki eta logurak egon formak ere badaude ja Euskaltzaindiaren Hiztegian. Arroba, irradiazio eta ernalkin sarrerak kendu dituzte.

Euskaltzaindiaren Hiztegiko arduradun Miriam Urkiaren esanetan, forma berriak sartzea bezain garrantzitsua —«edo garrantzitsuagoa»— da «lehendik dagoena txukuntzea, eguneratzea, adiera batzuk egungo erabileren arabera berrantolatzea, esapideak eta hitz elkartuak adibidetegitik atera eta azpisarrera egitea, esaera zaharrei atal berezia eskaintzea, eta abar». Nabarmendu du hiztegia «argiagoa eta erabilerrazagoa» dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.