Behin-behinean itxi zituzten, baina behin betikoa da erabakia: Espainiako Auzitegi Nazionalak Kalerainfo aldizkaria eta kalerakalera.eus webgunea ixteko agindua berretsi du, ebatzita «terrorismoa goratzeko tresna» direla. Izan ere, Sortuko kideek aldizkariaren eta webgunearen behin-behineko ixteari jarritako helegiteak gibelera bota ditu Espainiako Auzitegi Nazionalak, bi autoren bidez.
Espainiako Auzitegi Nazionalak iazko irailean agindu zuen aldizkaria eta webgunea behin-behinean ixteko, fiskaltzaren erabaki baten ondoren, «ongietorrien bidez terrorismoari gorazarre egitea» egotzita. Auzitegiak orain aldizkaria behin betiko ixteko kaleratutako ebazpenean argudiatu duenez, «2016tik presoen kolektiboari dagozkion kontuak, lehenago ETAk amnistiaren aldeko batzordeen bidez garatzen zituenak, Sorturen eskumen izatera igaro dira».
Ebazpenak dio, halaber, Oihana Garmendiak eta Antton Lopezek, Sortuko presoen batzordeko kide gisa, modu «sistematikoan» antolatu dituztela presoen «omenaldiak», horretarako kalerakalera.eus webgunea eta mugimendu sozialak zein elkarteak erabilita. Espainiako Auzitegi Nazionalak argudiatu du, baita ere, Sortu zela Kalerainfo editatzen zuena, eta aldizkariak «oihartzun» egiten ziela «ospatzen ziren ongietorri eta omenaldiei».
6.instrukzio epaitegi zentralak eskatu zuen itxiera egokia da, Espainiako Auzitegi Nazionalaren ustez, «aldizkariaren eta webgunearen bidez bilatutako helburuaren zantzu adierazgarriak» daudelako.
«Bizikidetzaren aurkako ofentsiba»
Erabakiaren berrespena «bakearen eta bizikidetzaren aurkako ofentsiban beste urrats bat» dela adierazi du Sortuk, ohar batean, eta haren larritasuna nabarmendu du: «Alderdi baten jarduera komunikatiboaren aurka jo dute. Adierazpen askatasunaren aurka egin dute». Erabakia «mugimendu politiko oso baten aurkakoa» da, Sorturen arabera, eta «herri oso batek eraiki nahi duen bizikidetzaren» kontrakoa. «Erasoa», gainera, «preso, iheslari eta deportatu politikoen auzia konpontzeko inoizko adostasunik handienak ehundu direnean» jazo dela azpimarratu du. Erabakiaren oinarrian «konponbiderako ireki den aukera leihoa kosta ahala kosta ixteko» asmoa dago, Sorturen ustez, «sakoneko estatuak» sustatua. «Bakeari oztopoak jartzen tematu beharrean, egin dezatela behingoz bakearen eta bizikidetzaren aldeko ekarpenen bat», aldarrikatu du.
Halaber, gogoratu du Sortuko sei kideren aurkako sumarioa irekita dagoela, «Kalera Kalera dinamika dela eta». Sumario horrek «euskal preso politikoen eskubideen aldeko eta haien asistentziaren aldeko lana kriminalizatzen» dituela gaitzetsi du Sortuk.