Sorturen beraren jarduna, Euskal Herriko egoera politikoa eta bereziki euskal presoen egoera izanen dira irakurgai Hostoak aldizkari berriaren orrietan. Sortuk argitaratuko du aldizkaria, eta, jakinarazi duenez, «espetxean diren militanteei» zuzenduko diete berripapera, «ohiko kanaletatik» ez baitute jasotzen «euskal egoera politikoari buruzko informazio osoturik».
Lehendabiziko alean, Aieteko nazioarteko konferentziaren hamargarren urteurrena izan dute hizpide, baita EH Bai eta EH Bilduren irakurketak, Arnaldo Otegik eta Arkaitz Rodriguezek urriaren 18an egindako adierazpena, eta urriaren 20an Sortuk egindakoa ere. Euskal presoei buruzko informazio xehea ere eman dute: erraterako, jaso dituzten azken epaiak. «Euskal preso politikoei esku hartzen zaizkien komunikazioen inguruko azterketa» egin dute lehen alean, bertzalde. Sortuk jakinarazi du neurri hori «ia guztiei» aplikatzen zaiela gaur egun, oraindik: «Egoera anakroniko honek agerian uzten du iraganeko inertzien biktima izaten jarraitzen dutela».
Irailetik, aldizkaririk gabe
Espainiako Auzitegi Nazionalak joan den irailean eman zuen Kalera info aldizkaria ixteko agindua. Hartan ere euskal presoei buruzko informazioa ematen zuen Sortuk, nagusiki haiei zuzenduta. Epaileak «ongietorrien bidez terrorismoari gorazarre egitea» egotzita eskatu zuen aldizkaria eta izen bereko webgunea ixteko.