Euskaltzaindiaren Hiztegia etengabe berritzen eta zuzentzen dihardute hizkuntzalariek, eta urtean bitan eguneratzen dituzte moldaketa horiek. Uztailean egin dute aurtengo lehen eguneraketa. Akademiak forma berriak gehitzeaz gain, jadanik onarturik zeuden hainbat forma ere moldatu ditu, 465 guztira, eta beste batzuk baztertu.
Euskaltzaindiak gehitu dituen sarrera berrien artean daude alta, baja, hijab, egunpasa edota traol hitzak, besteak beste. Akademiak aditzera eman duenez forma berriak erantsi dira "gaurko corpusetan erabilera maiztasun handikoak, eta, beraz, gizartearen isla direnak". Horren adibide dira honako hauek: migrante, papergabe, transfobia, feminizidio, transgenero, ahaldundu eta baxoa.
Kale hizkeran ere jarri du fokua azken eguneraketak. Sarrera berrien artean, lagunarteko hainbat hitz ageri dira, tartean, friki, flipatu edo katxarro adjektiboa. Horiez gain, ohikoak diren edariak ere onartu dituzte; hiztegian arauturik daude jada zurito, kaña, kubata eta kuba-libre. Edariak ez ezik, elikagaiak ere badaude berrikuntzen artean: sushi, tofu, curry eta pintxo.
Sarrera berriak gehitzeaz gain, beste hainbat moldaketa egin ditu Euskaltzaindiak: definizioak osatu, adierak eta adibideak gehitu, eta lehendik zeuden forma batzuk kendu: referendum eta barazki jale.