Espainiako Gobernuak mantendu egin du Aita Mari ontziari ezarri zion blokeoa: ezingo dira Mediterraneora joan erreskate lanak egitera. Jose Luis Abalos Espainiako Gobernuko Sustapen ministroak jakinarazi du Aita Mari-k «urratu» egiten duela nazioarteko salbamendu araudia, eta horregatik ez dutela itsasoratzeko baimenik. Aita Mari-ren egoera berean dago Open Arms ontzia.
Hala ere, Aita Mari-ko tripulazioa ez dago ados Abalosen adierazpenekin: Iñigo Gutierrez egitasmoko kideak azaldu du "erabat dezepzionatuta" daudela. "Arrazoi administratiboekin argudiatu dute baimenik ez ematea, baina ez dakit zein araudi den urratzen duguna", adierazi du Gutierrezek. Izan ere, ontziak ikuskapen guztiak "gainditu" dituela nabarmendu du.
Abalosek adierazi du ontzi horrek ezin dituela "horrenbeste pertsona garraiatu", baina Gutierrezek azaldu du, legearen arabera, 112 pertsona joan daitezkela Aita Mari-n.