Gero eta gehiago. Maldan behera doan elur bola baten antzera, Nafarroako haur eskoletako greba mugagabea handitzen ari da, etenik gabe. Ikastetxe gutxi batzuetan hasi ziren lanuzteak duela hiru aste, eta, gaur egun, 77 haur eskolatako langileek babesten dute protesta [103 zentro dira herrialdean, guztira]; horietatik 59tan lortu dute zerbitzua etetea. Nafarroako Gobernuak kudeatzen dituen zazpi ikastetxeak izan dira grebara batu diren azkenak: Ninia Etxea, Orreagako Ama, Nuestra Señora de los Angeles, Sanduzelai, Santa Teresa (Iruñean); Egunsenti (Burlatan); eta Niño Jesus (Corellan).
Nafarroako Legebiltzarraren aurrean egin duten agerraldian, Ninia Etxeako langile Isabel Erdoziainek salatu du «egungo baldintza kaskarretan» oso zaila dela haurren «garapen globala eta ongizate fisiko eta emozionala bermatzea». Propio aipatu ditu ikasle-hezitzaile ratio handiak, langileen eskasia eta finantzaketarik eza. Haren esanetan, honakoa «aukera paregabea da Nafarroako Gobernuak 0-3 hezkuntza zikloari aitortza eman diezaion, ikastetxeek eta ikasleek merezi dituzten baliabideak, kalitatea eta duintasuna emanez».
Bilera Hezkuntza Departamentuarekin
Bestalde, greba antolatu duen 0-3 Plataformak pozez hartu du zazpi eskola horien atxikimendua: «Zoriontzeko modukoa da eskola hauek gure aldarrikapenekin bat egin izana», azaldu du Eider Garde bozeramaileak. «Ez gara nekatu; kontrara, gero eta eskola gehiago ari dira mobilizatzen». Gardek txarretsi du, hala ere, zenbait eskolatan «kamustu» egin dutela grebarako eskubidea eta, protestak babestu arren, ez dietela aukerarik eman lanuzteetara batzeko: «Nafarroako 0-3 zikloaren ezaugarrietako bat da beldur handia dagoela kudeaketa sistemarengatik; ezin dugu geure burua antolatu sektore bezala, ezta talde bezala ere. Dena dago eskola barruko multzo oso txikietan banatua».
Nafarroako Gobernuarekin eta FNMC Nafarroako Udalerri eta Kontzejuen Federazioarekin izandako bilerari dagokionez, berriz, Gardek esan du haur eskolen aldarrikapenak helarazi dizkietela bi erakundeoi, baina ez dutela negoziazioa horretara mugatu nahi: «Eragile aktibo izan nahi dugu prozesu honetan, benetako negoziazio mahai baten bueltan. Ez gonbidatu hutsak, loteslea ez den organo batean». Datorren asterako espero dute Hezkuntza Departamentuaren eta udal federazioaren erantzuna. «Egia esan, erantzunaz eta balorazioaz gainera, kontraproposamen bat espero dugu; hiru aste daramatzagu greban, eta gero eta atxikimendu gehiago ditugu».