«Estatus ofiziala aurrerapauso bat da Europako demokrazian»

EBn ofizialtasuna lortzeko bidean dira ELENeko zenbait hizkuntza; babes oso urria dute beste batzuek; Jonesek denak ditu kezka.

arantxa iraola
2023ko urriaren 7a
00:00
Entzun
ELENeko lehendakari Elin Haf Gruffydd Jones erreferentzia da galesaren aldeko normalizazio urratsetan. Urteko biltzar handia hasi aurretik, agenda estu-estuan, tarte bat izan du biltzarrean aurten dituzten gogoetagaien inguruan solastatzeko. Nabarmendu du biltzarreko «ideia trukeak» aski lagungarriak izaten direla hizkuntza gutxituak biziberritzeko politika «onenak» aukeratzeko.

Ofizialtasunaren eskeak nola baldintzatuko du aurten biltzarra? Zer gogoeta espero dira?

ELENek babestu egiten du euskarak, katalanak eta galizierak EB Europako Batasunean estatus ofiziala izatea. EBn estatus ofiziala lortzea aurrerapauso garrantzitsua da Europako demokrazian. Horrek era emango die Europako herritarrei eta haien hautetsiei Europa mailan beren hizkuntzak erabiltzeko, bai eta Europako instituzioekin dituzten erlazioetan ere. Horretaz gainera, eragin garrantzitsua izango da merkataritza arloan hizkuntza horiek aitortzeko, eta euskararen, galizieraren eta katalanaren erabilera handitzeko ondasunen eta zerbitzuen eskaintzan.

Ofizialtasunaren eskabidea hiru hizkuntzarentzat da orain. Gainerako hizkuntza gutxituek zer-nola hartu dute prozesu hori?

Hizkuntza asko egongo dira begira ea honek zer bilakaera dakarren. Era berean, ordea, badakigu oso gutxik izango dutela bide horri jarraitzeko aukera. Hizkuntza bakoitza egoera soziopolitiko jakin batean dago, eta EBko estatus ofiziala ez da lehentasuna ELENen dauden hizkuntza gehienentzat. Gainera, gehienak ezin dira hautatu, beren herrialdean ez dutelako ofizialtasunik. Beraz, Europako estatuak ez daitezela kezkatu pentsatuz estatus ofiziala eskatzen duten hizkuntzen zerrenda luze bat sortuko dela orain; hori ez da gertatuko. Estatuek ezarritako mugez harago hitz egiten diren hizkuntzentzat,euskararentzat edo katalanarentzat adibidez, urrats esanguratsua izan daiteke hiztunentzat, baldin eta beren hizkuntzek ez badute ofizialtasunik.

Zer gai gehiagoren inguruan ardaztuko dituzue gogoetak?

ELENentzat oso garrantzitsua da, bereziki Sardinian bat eginda gaudelako, Italiari eskatzea izenpetu dezala Hizkuntza Gutxituen Ituna. Orain dela urte zenbait sinatu zuen, baina ez du oraindik berretsi. ELENen iritziz, lehentasunetako bat da hori.

Ikus-entzunezkoen gaiari ere propio erreparatuko diozue. Hizkuntza gutxituen garapen egokia bermatze aldera, zer garrantzi du alor horrek?

Ikus-entzunezko hedabideen gaineko zuzentarauak berebiziko garrantzia du hizkuntza gutxitu deituentzat. Horrek berekin ekarriko du Europa osoan inbertsio handiagoak egitea gure hizkuntzentzat, eta eragin handiko esparrua da. ELENek zuzentarau honetan hizkuntza gutxituen edo ez-hegemonikoen ordezkaritza hobea izateko lobby lana egin du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.