Estasira, estasirik gabe

Zaleak dantzan jartzeko prest itzuli da Primal Scream 'Chaosmosis' bere ibilbideko 11. diskoarekin. Bobbie Gillespieren taldeak Azkena Rock jaialdian joko du ekainean.

Bobbie Gillespie —aurrean— eta haren taldekideak Azkena Rock jaialdian izango dira ekainean. BERRIA.
mikel lizarralde
2016ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Arteari beldurrik ez. Ate irekiak sorkuntzarako. Mugarik gabe. 1985ean Primal Scream abian jarri zuenetik, Bobbie Gillespie gidatu duten kontzeptuetako batzuk dira horiek—hark hala aitortua—, eta agian horregatik zaila egiten zaio jarraitzaile fidelenari ere eskoziarren disko baten aurrean jartzean zer jasoko duen asmatzea. Elektronika dantzagarria? The Rolling Stonesen eskolako rock-and-rolla? Pop bilduma bat? Orain dela hiru hamarkada pasa All Fall Down jangle-popari estuki lotutako singlearekin estreinatu zenetik, psikodeliatik, hard rocketik, southern rocketik, elektronikatik eta esperimentu zaratatsuetatik igaro da taldea, eta bere diskoetan estasia, sufrea eta gozokiak tartekatu izan dira. Toxikoa bezain argitsua izan baitaiteke Primal Screamen musika. Gillespie: «Uste dut azkenetako rock talde benetakoa garela. Eta oso gurea da disko bakoitzean aldatzea. Musika asko eta ezberdinen eragina jaso dugu, oso irekiak eta malguak gara, eta, gainera, beldurra ematen digu aukerei ez heltzea». Izurik gabe, artea helburu.

Primal Scream albiste da, ostiralean argitaratu baitzuen bere ibilbideko 11. diskoa, Chaosmosis, neurri batean bada ere, Screamadelica-ren egileen aurpegi ugariak bilduma bakarrean biltzen dituen lana. Betiere, beren alderdirik argitsuena lehen planoan jarrita. More Light (2013) aurreko lanak, izenburuari kontra eginez, pieza nahiko ilunak jasotzen zituen, eta disko berriak bestelako bisaia bat erakusten du. Alaiagoa, melodikoagoa, atseginagoa pasarte askotan. «More Light rock askez eta psikodelikoz osatutako 70 minutuko diskoa zen, eta oraingoan lan laburragoa egin nahi genuen, 40 minutu baino gutxiagokoa». Gainera, managerrak eskatu zien «singleak» egin zitzaten, eta taldekideek erronkari heldu zioten: «Estudiora singleak egiteko helburuarekin joan ginen: pop kantu bat-batekoak. Hori izan zen ideia».

Nabaria da hori Where The Light Gets In diskoko lehenengo singlean. Dantzarako musika elektronikoaren izen handien DNA darama atxikita kantuak (New Order, Hot Chip), eta Sky Ferreira kantari estatubatuar gaztearen ahots kolaborazioa ere badu: «Everything is Embarrasing kantua entzutean, haren jarraitzaile handi bilakatu nintzen, ia obsesioraino», azaldu du Gillespiek: «Harekin harremanetan jarri, estudiora etorri,eta konturatu ginen Ferreiraere Primal Screamen zalea zela! Bere bigarren diskorako kantuak konposatzen hasi, eta ikusi genuen haren ahotsean bihotza eta mina batzen zirela. Pentsatu nuen konexio ona izan genezakeela».

Ferreira ez da Chaosmosis-en parte hartzen duen taldeaz kanpoko kolaboratzaile bakarra. Gillespieri beti gustatu izan zaio emakumezko ahotsez inguratzea, batik bat taldearen alderik beltzena nabarmentze aldera, eta disko berrian horren adibide ugari daude. Hala, Haim taldeko hiru ahotsek (Este, Danielle eta Alana Haim) «estasia» eransten diote, Gillespieren beraren hitzetan, 100% Or Nothing diskoko beste une gorenetako bati. 2013an Glastonburyko jaialdian jo zuten, eta hiru ahizpek koroak egin zizkioten Primal Screami, eta kantariak ez du zalantzarik izan haiekin berriro lan egiteko: «Ekoizpen erabaki bat izan da. Soinu bateratu eta epikoa nahi genuen, eta nire ahotsarekin ez zen nahikoa». Haim ahizpen ahotsen ukitu beltzak harrapatu zuen kantaria: «Hain dira apasionatuak eta funk zaleak!».

'Screamadelica'-ren itzala

Diskoa Londres, New York eta Stockholmen grabatu dute, ohikoa dena baino denbora tarte laburragoan, «bat-batekotasuna» bilatzeko asmoz. «Prozesua ez da beti erraza izan, baina oso ondo pasatu dugu bai kantuak osatzen, bai grabatzen». Dinamismoa aipatu du Gillespiek, eta nabari da hori diskoaren paleta ugaritasunean. Hala, Screamadelica taldearen mugarria izan zen diskoaren arrastoak gordetzen ditu Chaosmosis-eko lehen kantuak, Trippin' On Your Love-k. Askoren ustez, 1991n argitaratu zutenean, Screamadelica-k herri musikaren norabidea aldarazi zuen rock-and-roll, elektronika dantzagarri, psikodelia eta, beste ezeren gainetik, bere kutsu ludikoarekin. Estasi garaiak ziren haiek. Oraindik ere, Primal Screamen pauso guztiak neurtzeko balantza lana egiten duen diskoa da, nahiz eta Gillespiek garai jakin batean kokatu. «Iragana ez da ezer guretzat; aurrera begira gauden pertsonak gara. Screamadelica duela 25 urte argitaratu genuen, eta ni gaur egun ez naiz disko hura idatzi zuen pertsona bera».

Bada aldaketa nabarmen bat. Screamadelica, haren ifrentzu Give Out But Don't Give Up (1994) eta ondorengo urteetan etorri ziren diskoak, Vanishing Point (1997) eta XTRMNTR (2000), sustantzia bizigarrien eraginpean grabatu zituzten, eta horrek eragin nabarmena izan zuen lanotan: «Ez dut 90eko hamarkadaz ia ezer gogoratzen!», dio erdi serio erdi txantxetan Gillespiek: «Hamarkada hasiera ona izan zen. Amaiera ere ona. Baina bitartekoa, berriz, infernu bat izan zen...». Orain taldekideak «alkohol eta drogez garbi» daude, eta horrek eragin zuzena dauka musikan. «Neure buruarekin nahiz nigandik kanpo dagoenarekin harreman handiagoa daukat, eta hori musikan islatzen da, emozionalagoa delako».

Bada, ordea, taldearen ibilbidea, Sonic Flower Groove herabe hartatik (1987) gaur egunera arte, lotzen duen hari bat: psikodeliarako joera. Disko (ia) guztiak zeharkatzen dituen giro bat. «Hori hor dago. Baita disko berrian ere. Uste dut oso gurea den zerbait dela. Oso mutil psikodelikoak gara».

Primal Scream ekainean Gasteizen egingo den Azkena Rock jaialdiko izen handienetako bat izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.