«Errotik aldatzen ditu hizkuntza politikaren irizpideak»

Euskara normalizatzearen aldeko arkitektura juridiko guztia «bertan behera» uzten du epaiak, Urrutiaren ustez. Dioenez, Gernikako Estatutua «berrinterpretatu» dute sententzian.

ANDONI CANELLADA / FOKU.
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2023ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Iñigo Urrutia (Maruri, Bizkaia, 1966) legelariaren ustez, Euskal Autonomia Erkidegoko udal legea euskararen alorrean garatzen duen dekretuaren zenbait artikulu bertan behera utzi dituen epaia euskararen normalizazioaren aurkako «beste eraso bat» da: «Hizkuntza politika egiten ari dira epaileak, eta ez dagokie».

Nola interpretatzen duzu EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak eman duen epaia?

Ikuspegi juridikotik, oso sententzia ahula iruditzen zait; erabiltzen dituen argudioak ez dira batere sendoak. Muturreko interpretazio bat egiten du. Dekretuak euskarazko funtzionamendu normalari ateak zabaltzen badizkio ere, auzitegiak konstituzioaren kontrakotzat jotzen du hori modu prebentiboan, eta deuseztatu.

Epaiak zer ondorio izango ditu udalen jardunean?

Udaletan egon litezkeen aukera asko indargabetzen ditu erabat. Hainbat erabaki oso harrigarriak dira. Adibidez, udalak lehen hitza euskaraz esatea konstituzioaren kontrakotzat jotzen du, eta udalen ahalmenak erabat mugatuta geratzen dira kontratazio publikoan. Gaur egun, zerbitzu publikorik gehienak modu horretan eskaintzen dituzte administrazio publikoek. Udalek erabateko ahalmena daukate hizkuntza irizpideak ezartzeko, baina sententziak dio kontratuetara eraman nahi direnean konstituzioaren aurkakoak direla. Orduan, zerbitzu publikoak ematen badira modu ez-zuzenean, hizkuntza eskubideak ezerezean geratzen dira, eta horrek ez dauka inolako babes juridikorik. Hizkuntza politikaren eta bi hizkuntzen erabilera irizpideak errotik aldatzen ditu epaiak. Tamalgarria da.

Udaletan euskarak lehentasuna izatea legez kanpokotzat jotzen du, baina zer dio epaiak gaztelera hutsean jarduteari buruz?

Gaztelera hutsez funtzionatzeari ez dio arazorik ikusten sententziak, baina esaten du jarduera horiek euskara hutsean egitea ez datorrela bat konstituzioarekin.

Badirudi sententziak agertzen digula gaztelania dela posizio zaurgarrian dagoen hizkuntza ofiziala, zaindu eta bermatu beharrekoa; lehentasuna gaztelerari eman behar zaiola, alegia. Bere garaian hitzartutako itun politikoen interpretazio beste bat da.

Gernikako Estatutuak dio tokian tokiko egoera soziolinguistikoari egokituta gauzatu behar delahizkuntza politika. Sententziak konstituzioaren kontrakotzat jotzen ditu horri egiten zaizkion aipamen guztiak. Autonomia estatutua berrinterpretatu nahi du, halaber, eta gehiegikeria bat da, botere judizialak ez daukalako lege organikoetan jasotako itun politiko horiek aldatzerik. Euskara normalizatzearen aldeko arkitektura juridiko guztia bertan behera lagatzen du sententziak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.