Berria Erremonte Txapelketa

Zaldua II.a eta Eskuderok osatutakoa da Berria Txapelketako finalerdietan sartu den azken bikotea

Arluziaga eta Zubiri gainditu dituzte 2-1 (15-11, 14-15 eta 8-6) ligaxkako azken partidan, eta finalerdietan Jabalera eta Goikoetxea VI.a izango dituzte aurkari

Eskuderok lortu du ligaxkako azken tantoa, pilotakada eder bati esker. ORIAMENDI
Eskuderok lortu du ligaxkako azken tantoa, pilotakada eder bati esker. ORIAMENDI
Hernani
2024ko apirilaren 6a
18:45
Entzun

Berria Erremonte Txapelketako finalaurrekoak erabaki dira gaur Galarretan ligaxkakako azken partida jokatu eta gero. Zaldua II.ak eta Eskuderok 2-1 (15-11, 14-15 eta 8-6) gainditu dituzte Arluziaga eta Zubiri, eta finalerdietarako sailkatu dira B taldean bigarren amaitu eta gero, puntu bakarrarekin. Galtzaileek ere puntu bakarrarekin amaitu dute ligaxka, baina kanporatuak izan dira euren arteko partida galdu ondoren. Beraz, datorren larunbateko finalerdian, Zaldua II.ak eta Eskuderok, Jabalera eta Goikoetxea VI.a izango dituzte aurkari. Beste finalerdia Gurrutxaga-Aiestaran VI.a bikoteak jokatuko du, Irazu-Zaldua I.aren kontra.

B taldeko eta ligaxka osoko azken partida berdindua izan da, baina bikote sendoagoa osatu dute Zalduak eta Eskuderok. Set erabakigarrian 5-4 galtzen jarri arren, Zalduaren lan onak lau eta bateko aldeko partziala lortzera eraman du bikote urdina (8-6). Merezitako garaipena izan da. Lehenengo bi setetan ere beraiek eraman dute ekimena, eta bikote sendoagoa izan direla erakutsi dute. Zalduak izan du gidaritza, baina Eskuderok ez du huts askorik egin, eta horrek eraman ditu garaipenera. Gorrietan Zubiri sendo aritu da, eta partidako erremontelaririk onena izan da, baina aurrean Arluziagak ez ditu tantoak amaitzeko aukerak baliatu.

Aurreneko setean ekimena, alde txikiekin, urdinek eraman dute. Bi eta hiru tantoren abantailak set osoan mantendu dituzte, eta, azkenean, 11-15 lortu dute lehen partzial hori irabaztea. Bigarren seta hobeto hasi dute gorriek, eta 7-5 jarri dira aurretik. Hala ere, urdinek ongi erreakzionatu dute, eta 7-9 jarri dira aurretik. 12-14 ere joan dira, eta tanto bakarrera izan dute finalerdia, baina Zubirik agintea hartu du, eta, hiru tanto jarraian eginez, 15-14 berdindu dute partida. Azken setean, berdintasuna handia izan da. 2-4 aurreratu dira urdinak, Zalduari esker, baina gorriek 5-4 jarri dira, Arluziagak bi tanto eginda, eta Zubirik beste bat. Ondoren, urdinek hobe baliatu dituzte euren aukerak, eta Zalduak tantoak amaitzea lortu du, eta gorriek ez dute asmatu amaitzen. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.