Berria Erremonte Txapelketa

Jabalerak eta Goikoetxea VI.ak lehendabiziko lau puntuak lortu dituzte

Berria Erremonte Txapelketako aurreneko partidan 0-2 (9-15 eta 10-15) garaitu dituzte Irazu eta Zaldua

Jabalera
Jabalera izan da Berria Txapelketako aurreneko partidako izarra.
Hernani
2024ko martxoaren 9a
18:15
Entzun

Jabalerak eta Goikoetxea IV.ak 0-2 (9-15 eta 10-15) lortu dute garaipena, Irazuren eta Zalduaren aurka, Berria Erremonte Txapelketako lehendabiziko partidan. Urdinak nagusi izan dira partidan eta lau puntu lortu dituzte. Galtzaileek ez dute punturik lortu. 

A taldeko bi bikoteak gogotsu irten dira Galarretako kantxara. Joseba Goikoetxea zestoarraren debuta izan da profesional mailan, eta gauzak ezin hobeto egin ditu. Ez du hutsik egin, eta guztira hamar tanto lortu ditu, horietatik bost sakearekin. Gainera, partidako azken-aurreko tantoa bi pareta dotore batekin amaitu du. Hala ere, partidako izarra Jabalera doneztebearra izan da. Beste behin bere indarra erakutsi du, haren pilotakadek abiadura itzela dute, eta aldeak lortzen ditu sasoi horrekin. Defentsan hobekuntza nabarmena izan du, eta etorkizunean kontuan hartu beharreko erremontista baten aurrean daude zaleak.

Lehenengo seta urdinen aldekoa izan da, 9-15. 9-10eko markagailura arte berdintasuna izan da nagusi, nahiz eta urdinek gehiago agintzen zuten. 0-5eko azken partzial batek erabaki du aurreneko jokoa. Jabalera izan da onena set horretan, bederatzi tanto lortuta. Gorriek ez dute asmatu momentu erabakigarrian.

Bigarren seta urdinen alde hasi da 2-7, baina Irazuk Jabaleraren jokoa berdindu du, zazpinako eta zortzinako berdinketak markagailuan jarriz. Goikoetxearen momentua orduan iritsi da. Piloteoan ere erasokorra izan da, eta urdinen azken bost tantoetatik berak egin ditu lau. Zortzinako berdinketatik 8-12ra egin dute ihes urdinek, eta, gorriak 10-12ra hurbildu arren, azken hiru tantoak Jabalerak eta Goikoetxeak egin dituzte. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.