Berria Erremonte Txapelketa

Jabalera eta Goikoetxea VI.a sailkatu dira Berria Txapelketako finalerdietarako

Susperregi eta Apezetxea gainditu dituzte A taldeko hirugarren partidan 2-1 (15-11, 12-15 eta 8-5)

F013
Apezetxeak bigarren setean lortu du bere mailarik altuena.
Hernani
2024ko martxoaren 22a
20:10
Entzun

Jabalera eta Goikoetxea VI.a sailkatu dira Berria Erremonte Txapelketako finalerdietarako, A multzoko hirugarren partidan Susperregi eta Apezetxea 2-1 (15-11, 12-15 eta 8-5) gainditu eta gero. Multzoko lehenengo postua ziurtatua dute beren bi partidak irabazita. Sei puntu lortu dituzte ligaxkan: lau lehenengo partidan, eta bi gaurkoan. Finalerdietan multzoko lehenengo bi bikoteak sartzen direnez, azken-aurreko partidan izango dira. 

Susperregik eta Apezetxeak estreinako partida jokatu dute, eta, galdu arren, ondo aritu dira. Puntu bat lortu dute sailkapenean, baina multzoko azken jardunaldian erabakiko da finalerdietarako sailkatuko ote diren, Irazu eta Zaldua bikotearen aurkako partidan. Garaileak aurrera egingo du, eta galtzailea kanporatua izango da. 

Galarretan jokatu dute gaurko partida, eta lehia estua izan da, maila handia erakutsi baitute denek. Bi bikoteek oso ongi jokatu dute, eta pilota bizi ibili da, erremontisten lan onari esker. Goikoetxea VI.aren lana goraipatu behar da. Atzelari gorriak min handia egin du sakearekin, eta, set erabakigarrian, bosna berdindu eta gero, sakez egin ditu azken hiru tantoak. Guztira hamaika tanto egin ditu lehenengo pilotakadarekin. 

Gorriek irabazi dute aurreneko jokoa, 15-11. Apezetxea gehiago sartu da jokoan bigarren setean, eta Susperregik ere maila igo du. Hala, partida berdindu dute, 12-15eko partzialarekin. Bi aurrelarien arteko borroka ikusgarria izan da partida osoan. Jabalera eta Susperregi nor baino nor gehiago aritu dira.

Hala ere, partida azken setean erabaki da. Ikusleek partida entretenigarriaz gozatu dute, eta Goikoetxearen sakeak berdinketa hautsi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.