Berria Erremonte Txapelketa

Bi bikoterik onenak sailkatu dira Berria Txapelketako finalerako

Aurreikuspenak bete dira, eta, gaur zortzi, Jabalera eta Goikoetxea VI.ak Gurrutxaga eta Aiestaran VI.aren aurka jokatuko dute finala, Galarretan.

Gurrutxagak egin du tanto gehien gaurko bi finalerdietan.
Gurrutxagak egin du tanto gehien gaurko bi finalerdietan.
Hernani
2024ko apirilaren 13a
20:25
Entzun

Berria Erremonte Txapelketako finala orain arteko bi bikote onenek jokatuko dute, datorren larunbatean, apirilaren 20an, Galarretan. Jabalera-Goikoetxea VI.a bikoteak Gurrutxaga-Aiestaran VI.a bikotearen aurka neurtuko ditu indarrak, bere finalerdiak irabazi eta gero. Orain arteko lau partidak irabazi dituzte bi finalistek, eta gaur 2-0 nagusitu dira Zaldua II.a-Eskudero eta Irazu-Zaldua bikoteen aurka, hurrenez hurren. 

Gaurko lehenengo finalerdia dotorea izan da, nahiz eta markagailua irabazleen aldekoa argia izan. Zalduak eta Eskuderok ez dute inoiz etsi piloteoan indartsu aritu eta gero. Jabalerak eta Goikoetxea 15-12 eta 15-14 lortu dute garaipena, baina kostata lortu dute finalerako sailkatzea. Jabalerak bere kolpea beste behin erakutsi du, eta Goikoetxea oso seguru  aritu da atzeko koadroetan. Ordubeteko partida izan da, eta azken tantoa, Goikoetxearen pilotakada bat, ederra izan da. Hamalaunakoa partida erabaki du, bi pareta zoragarri batekin. Bi setak berdinduta joan dira, baina momentu erabakigarrian gehiago asmatu dute gorriek.

Bigarren finalerdian ez dira hainbeste ibili piloteoan, baina ondo jokatu dute erremontistek. Lehenengo seta 15-8 amaitu da, Gurrutxaga eta Aiestaranen alde. Sakearekin min egiten zuen atzelariak, eta erreskadan tanto mordoa lortzen zuten bikoteek. 5-8 aurreratu dira Irazu eta Zaldua, baina 10-0eko partzial batek erabaki du lehenengo set hori. Bigarren seta berdinduagoa izan da. Markagailua orekatuago joan da, baina bosnako berdinketaren ondoren lau tantoren alde erabakigarria lortu dute gorriek. Kontrolpean eraman dute partida eta azken seta, nahiz eta Gurrutxagaren huts batzuen ondorioz hamabinako berdinketa igo markagailura. Hala ere, aurrelariak buelta eman dio momentu txar horri, eta hiru tanto jarraian egin ditu azken 15 eta 12koa markagailura igotzeko. Aiestaran oso seguru aritu da, eta gorriek sendotasuna erakutsi dute.

Finala datorren larunbatean jokatuko da. ETBk zuzenean emango du jaialdiko bigarren txandan, eta lau pilotariek pilotak aukeratuko dituzte etzi, 18:00etan, Galarretan bertan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.