Berria Erremonte Txapelketa

Berria erremonte txapelketako lehenengo finalerdia osatu da

Gurrutxaga-Aiestaran VI.ak Irazu-Zaldua izango dituzte aurkari datorren apirilaren 13an

ZUBIRI INTERNET (1)
Zubirik galdu egin du Berria Txapelketako debutean.
Hernani
2024ko martxoaren 30a
20:15
Entzun

Berria erremonte txapelketako lehenengo finalerdian zein ariko den jakin da gaur Galarretan. Gurrutxagak eta Aiestaran VI.ak Irazuren eta Zalduaren aurka jokatuko dute finalerdi bat datorren apirilaren 13an. Jabalera eta Goikoetxea IV.a ere finalerdietarako sailkatuta daude, baina aurkariaren zain daude. Azkenengo jardunaldian, gaur zortzi, erabakiko da beste zein ariko den finalerdian, Zubiri-Arluziaga bikotearen eta Zaldua II.a-Eskudero bikotearen arteko norgehiagokan.

Galarretan Berria erremonte txapelketako bi partida jokatu dira gaur. Lehenengoan erabaki da A taldeko bigarren sailkatua. Irazuk eta Zalduak Susperregi eta Apezetxea 2-0 (15-11 eta 15-12) gainditu dituzte, eta modu horretan garaileek lau punturekin amaitu dute ligaxka, eta galtzaileak puntu bakarrarekin kanporatuak izan dira. A talde honetan Jabalera eta Goikoetxea VI.a izan dira jaun eta jabe bi partidak irabazi eta gero.

Jaialdia B taldeko partidak itxi du. Bertan, Arluziaga eta Zubiri bikotearen debuta izan da, baina ezin izan dute irabazi. Gurrutxagak eta Goikoetxea VI.ak 2-0 (15-11 eta 15-9) lortu dute garaipena. Goikoetxeak Aiestaran ordezkatu du hernaniarraren belauneko lesio baten ondorioz. Modu honetan, Gurrutxagak eta Aiestaran VI.ak B taldeko lidergoan amaitu dute ligaxka, zortzi punturekin, bi partidak erraz irabazi eta gero. Bigarren postua gaur zortzi erabakiko da. Zubiri-Arluziaga bikotearen eta Zaldua II.a-Eskudero bikotearen arteko irabazlea izango da finalerdian, Jabaleraren eta Goikoetxearen aurkaria.

Gaurko bi partidak sakeak erabaki ditu. A taldekoan, Zalduak Apezetxeak baino hobeto sakatu du, bederatzi tanto eginez saketik batek eta bakarra besteak. Aurreko koadroetan, Susperregik huts gehiago egin ditu Irazurekin alderatuta. B taldekoan ere, Goikoetxeak hamar tanto egin ditu saketik, eta Zubirik, berriz, lau. Gainera, Gurrutxagak asko hobeto du bere jokoa eta ez du apenas hutsik egin. Arluziaga urduri aritu da, eta errestoan ez du asmatu; erasoan sei tanto bakarrik egin ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.