«Erakutsi dugu gobernatzen dakigula eta akordioetara heltzen garela»

EH BILDU.
joxerra senar
Iruñea
2023ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
EH Bilduk hirugarren legealdia izango du Tafallako Udalean. Arturo Goldarazenaren eta Jesus Arrizubietaren lekukoa hartuko du larunbat eguerdian Xabier Alkuazek (Tafalla, Nafarroa, 1991), udaleko osoko bilkuran. «Intentsitate handiko» bi aste izan dira harentzat, baina orain lasai dago. Aste hasieran akordioa lortu du Geroa Bairekin, IT Iniciativa por Tafalla ezkerreko udal taldearekin eta Zurekin Nafarroarekin.

Hasieratik ikusi zenuen aukerak zenituela, jakinda gehiengoa osatzeko ez zela PSNren beharrik, Nafarroako beste hainbat udaletan ez bezala?

Bai. Hauteskunde gauean ikusi genuen boto kopurua igo genuen alderdi bakarra izan ginela, eta, beste hiru indarrekin, laukoa deitzen dugun hori berriz egin genezakeela. Gauean bertan deitu nituen beste alkategaiak eta esan nien aste horretan bertan beraiekin hitz egin nahi nuela ea akordio batera heltzen ginen. Lehen momentutik hiruen jarrera oso positiboa izan da eta lauen artean ikusi dugu programan puntu dezente konpartitzen genituela.

Horrek esan nahi du erraza izan dela?

Ez da ez erraza ez zaila izan. Egon gara lau urtez elkarrekin lanean lau taldeak eta negoziatzeko orduan pisu handia izan du. Harreman politikoaz aparte, harreman pertsonala dugu eta horrek errazten du asko.

Dena den, berez, inbestidurarako behar zenituen botoak?

Alkatetzarako lortu behar dugu edo gehiengo osoa —hamazazpi zinegotzitatik bederatzi—, edo bestela zerrenda bozkatuenak lortuko luke. Baina politikoki eta sozialki gure ardura zen Geroa Bairekin, Zurekin Nafarroarekin eta Iniciativa por Tafalla udal taldearekin akordio batera iristea.

Akordioaren edukiaz zer nabarmenduko zenuke?

Inbestidura akordio bat da. Bi eranskin gehitu zaizkio eta udal gobernuan izango gara lau taldeak. Guztiok partekatzen genituen puntuak sartu ditugu. Ez da akordio programatiko bat. Ez daude bostpuntu edo hamazazpi. Hurrengo lau urteetarako udalaren ildo nagusiak esaten dira.. ...

PSN ez da beharrezkoa, baina haiekin hitz egiteko prest zeundeten?

Hauteskundeak maiatzaren 28an izan ziren, eta asteartean, 30ean, hitz egin nuen hautetsia lortu zuten alderdi guztiekin, bai UPNkoekin bai eta PSNkoekin ere. Guztiei esan nien nahiago genukeela guztiekin eseri eta ea heltzen ginen puntu komunetara. UPNk esan zidan oso zail ikusten zuela baina bere alderdiarekin kontsultatuko zuela. Erantzun zidan ezetz, ez zirela gurekin elkartuko. PSNk esan zidan deituko zigula. Ez digute beste ezer esan, eta ez dugu dei hori jaso.Bere arrazoiak izango dituzte.

UPNk urte luzez gobernatu ostean, zer garrantzi du EH Bilduren hirugarren legealdia izateak?

Aldatu dugu herriaren dinamika. Udalean bakarrik UPN eta PSN egon ziren eta 2015etik erakutsi dugu alkatetza parte bat dela: gobernatzen badakigu eta beste alderdiekin akordiora iristen gara. Ireki dugu udala jendarteari eta beste alderdiei eta kolektiboei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.