Eraikitakoa ez dezan ekaitzak eraman

Zenbaitetan, agenda politikoari dagozkion polemikek kolokan jar dezakete memoriaren eta bizikidetzaren arloan udaletan egindako lana. Konfiantza berreraikitzea eta «min gehiago ez sortzen» ahalegintzea da gakoa.

Bizikidetzaren aldeko agiri bat sinatzeko ekitaldia, Errenterian, 2017an. JON URBE / FOKU.
gotzon hermosilla
2023ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Oraindik ere, memoriaren eta bizikidetzaren esparrua liskar iturria da eragile politikoen artean, eta aldiro-aldiro horren inguruko polemikek inarrosten dute Euskal Herriko panorama politikoa. Udal eta foru hauteskundeen atarian, hizpide izan zen Bizkaiko eta Gipuzkoako zenbait herritako memoria webguneei buruzko ika-mika, Espainiako Gobernuaren ordezkari Denis Itxasok udal horiek auzitara eramateko mehatxua eta guzti.Orain, Espainiako Gorteetarako bozak gertu daudelarik, ez litzateke harritzekoa izango berriz ere polemikak piztea; hain zuzen ere, hauteskundeen atarian polemikarik sortu nahi ez izatea izan da Gogora institutuak emandako arrazoia, Torturaren Biktimen Babeserako Nazioarteko Egunean antolatutako ekitaldiak bertan behera uzteko.

Joan den ekainaren 16an, Argituz elkarteko Juan Ibarrondok, Bertha Gaztelumendik eta Andres Krakenbergerrek iritzi artikulu bat argitaratu zuten BERRIAn.Mesedez, ez egin tiro pianistari izenburupean. Artikuluan, aipatutako polemika horiek izan zituzten mintzagai: «Etsigarria da ikustea botere handiko pertsona eta talde batzuek arriskuan jar dezaketela atxikimendu politiko desberdineko fede oneko hainbeste pertsonak, topaketak dinamizatzen eta errazten dituzten elkarteek, eta lan horiek babesten zituzten erakundeek urtetan egindako inurri lana, erokeria informatiboko egun gutxi batzuetan».

Ekaitzak jotzen duenean, nola egin orain arte eraikitakoa ez zapuzteko? «Gai honetan denoi ardura handiz jokatzea dagokigu, memoriaz ari garenean pertsonen bizitzaz ari garelako», azaldu du Aitziber Blancok, Berbari Lekuako kideak. «Nor bere ardura esparrutik, sufritu dutenpertsona horien zaintza bermatu behar dugu».

Blancok gogorarazi du gaia lantzen duten herrietan «esparru diskretu eta zaindu batean» egin ohi dela: «Nire ustez, eztabaida horiek hedabideetara eraman behar dira lana eginda dagoenean, oinarriak eta irizpideak adostuta daudenean, eta emaitza dagoenean, izan dadin benetan ekarpen bat, eta ez min gehiago sortzeko. Gure iparrorratzak hori izan beharko luke: min gehiegi eragin da, eta gehiago ezin dugu sortu. Min eragitea oso erraza da».

Haren ustez, «giza eskubideen inguruko kultura» barneraturik edukitzea funtsezkoa da oztopoak gainditzeko: «Ez dakit noraino barneratuta daukagun giza eskubideen inguruko kultura eta hizkuntza bat; hala balitz, zailago litzateke biktimak mintzea. Hori barneratuta ez daukagun neurrian, ekarpenak gehiago izango dira politikoak, giza eskubideen alorrekoak baino».

Arlo «hauskorra»

Maider Marañak Baketik fundazioko kideak dioenez, memoriaren eta bizikidetzaren arloa «hauskorra» da, eta prozesuak zangotrabatzeko arriskuak beti egon dira: «Guk horren jakitun izanda lan egiten dugu. Badakigu beti egon daitekeela tentsioa ekar dezakeen zerbait: hauteskunde kanpaina bat, edo hedabideetan agertzen den zerbait, edo biktima edo biktimario baten bizitzan gertatzen den aldaketa bat. Baina ez horiek bakarrik: udal mailako politikak ere eragina izan dezake eta, esaterako, herri batean aparkaleku bat eraiki nahi badute eta horren inguruan udalean dauden indarrak ez badaude ados, gerta daiteke horrek ere gure arloan interferentziak sortzea».

Marañak «normaltzat» jotzen du hori: «Ordezkari politikoak ere gizakiak dira, eta nork bere motxila darama». Baina, oroz gain, prozesua bera aurrera ateratzeari irizten dio garrantzitsuena: «Prozesuek normalean ez dute berehalako etekinik ematen, eta gure politiketan badirudi hori bilatzen dela batez ere. Baina horrekin ere bizi behar dugu, eta arazoren bat sortzen denean konfiantza berriro landu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.