ELAk mobilizazioetara deitu du Bizkaiko etxez etxeko zerbitzuan

Sindikatuak gogor gaitzetsi du CCOOk eta UGTk martxo amaieran patronalarekin sinatutako akordioa. Sei mobilizazio egun egingo ditu

Atzo goizean egin zuten agerraldia, Bilbon. BERRIA.
Javi West Larrañaga.
Bilbo
2023ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
ELA sindikatuak sei mobilizazio egun iragarri ditu Bizkaiko etxez etxeko zerbitzuan, salatzeko erosahalmena «galdu» dutela CCOOk eta UGTk martxo amaieran patronal nagusiekin sinatutako hitzarmenarekin. Ekainaren 19an, 22an eta 26an eta uztailaren 3an, 10ean eta 18an egingo dituzte protestok.

Etxez etxeko langileek menpekotasun egoeran dauden pertsonak zaintzen dituzte haien etxebizitzetan. Zazpi urte baino gehiago eman dituzte negoziatzen, eta zortzi urte hitzarmen barik. 70 greba egun egin dituzte osotara tarte horretan, eta, azkenean, CCOOk eta UGTk lan itun berria adostu zuten soldatak %17,5 igotzeko bost urtean. ELAk gogor gaitzetsi du akordioa. «Sinatutako hitzarmenak ez ditu zuzentzen sektore feminizatu honen egiturazko arazoak, ezta zerbitzuaren kalitatea hobetzen ere», kritikatu zuen atzo ELAren eledunak, Bilbon egindako agerraldi batean.

Sindikatuaren kalkuluen arabera, langileek 244 euro gutxiago irabazten dituzte hilean oraingo hitzarmenarekin, eta 2013-2015eko hitzarmenean jada 44,81 euro galdu zituzten. Gainera, kritikatu dute igoeraren zati handiena 2027an etorriko zaiela, eta orain langileek ez dutela «nabari ere egiten» hitzarmena sinatu dutenik.

ELAk deitoratu du CCOO eta UGTren hitzarmenak ez duela jasotzen ordezkapenei eta enpleguaren egonkortasunari buruzko hobekuntzarik. Zehazki, Ortuellako, Galdakaoko, Txorierriko, Leioako, Zornotzako eta Busturialdeko zerbitzuetako langileak mobilizatuko dira. Hainbat dira ELAren aldarrikapenak: lanaldi osoko kontratuak eta mugagabeak lehenestea, galdutako erosahalmena berreskuratzea, kontziliazioa hobetzea, gutxienez ordubeteko zerbitzuak ematea, eta ordezkapenak lehen egunetik betetzea. Horiez gain, zerbitzuak gertutasun geografikoaren arabera banatzea galdegin dute, eta lan osasunaren arloan hobekuntzak egin daitezela.

Etxetik etxera lan baldintzak asko aldatzen direla azaldu du Ainhoa Tirapu ELAko Eskuinaldeko arlo soziosanitarioko arduradunak. «Etxe bat ez da lan zentro bat bezalakoa, auditoria guztiak pasatzen dituena», esan du. «Beti ez dago baliabiderik; batzuetan ez dago leku nahikorik garabi bat sartzeko...».

Langile asko, «kaltetuta»

«Denetarik» dagoela ikusi du Ana Isabel Vegasek sektorean lanean daramatzan hamabost urteetan. Zornotzan egiten du lan, eta etxe batetik bestera aritzen da. Bakoitzean baldintza desberdinak dauzka. «Ohea badaukazu, agian ez daukazu garabirik. Garabia badaukazu, ohe normal bat daukazu. Komuna, batzuetan, egokituta dago, eta beste batzuetan, aldiz, ez».

Vegasek 59 urte dauzka, eta igartzen du lanaren ajea jadanik, egunero egin behar duen esfortzu fisikoagatik. Kontatu duenez, lau urte aritu zen 1,50 metroko garaierako ohe bat zeukan erabiltzaile batekin lanean. «Gero esaten dute gaixo baimenak hartzen ditugula, baina astean bost egun pertsonak altxatzen, makurtzen, altxarazten... Azkenean, trapezioen inflamazioa izan nuen». Ordutik ohean «bainatu» behar izaten zuela azaldu du.

Ez da kasu bakana, Tirapuren arabera. «[Langileen] batez besteko adina oso handia da, eta orain baliabideak heltzen ari dira, baina jende asko oso kaltetuta dago jada». ELAkoak uste du enpresek ziurtatu beharko luketela etxeetan langileen osasuna zaintzen dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.