Zuzendaritza guztia berritu du Nafarroako EHNEk

Imanol Ibero izendatu dute sindikatuko presidente, eta Haritz Migueliz idazkari nagusi. 152 ordezkarik parte hartu dute

Ezkerretik laugarrena, Imanol Ibero; eta haren alboan, ezkerrean, Haritz Migueliz. Atzo, Berriozarren. JAGOBA MANTEROLA / ARP.
joxerra senar
Berriozar
2016ko urriaren 2a
00:00
Entzun
«Sistema kapitalista partida hau gailentzen ari zaigu, baina hona gatoz partida hau oraindik bukatu ez dela esatera eta egoera hau iraultzeko buru-belarri lan egingo dugula hitzematera». Atzodanik, Imanol Ibero mahastizain oibartarra izango da Nafarroako EHNEko presidente. Ez da aldaketa bakarra. Atzo, Berriozarko Mendialde ikastetxe publikoan bere VI. biltzarra egin zuen Nafarroako EHNEk. Aurreko bostetan, zuzendaritza modu mailakatuan berritu zuen, eta, atzokoan,zuzendaritzako hamar postuak aldatu zituen.

Haritz Migueliz Iruozkiko abeltzaina izango da EHNEko idazkari nagusia. Beste zortzi kideak hauek dira: Juan Jose Elizalde,Goizuetako abeltzaina; Fermin Gorraiz, Erdozaingo abeltzaina; Alberto Benito, Sartagudako nekazaria; Martin Aldaregia, Etxalekuko abeltzaina; Eduardo Bidaurreta, Erroko artzaina; Felix Floristan Fustiñanako nekazaria; Fernando Eslava, Usuneko artzaina; eta Javier Martinez, Cabanillasko artzaina.

Sindikatuko 1.300 kideen izenean 152 ordezkarik bozkatu zuten. Beste hainbat erakundetako ordezkaritza zabala izan zen: Isabel Elizalde Nafarroako Landa Garapeneko kontseilaria, Raul Maiza Berriozarko alkatea, ELAko Mitxel Lakuntza, LABeko Igor Arroyo, ELBko Panpi Sainte-marie, EH BIlduko Adolfo Araiz, Geroa Baiko Unai Uhalde... Ahal Dugu eta PSN ere izan ziren.

Kongresu amaierako hitzaldian, Iberok gogoan hartu zuen lehen sektorearen krisi sakona. Iberoren esanetan, kapitalismoak «aurrekaririk gabeko egoera larri batera» darama gizateria. Aldaketa klimatikoak, bioaniztasunaren suntsiketak eta petrolioaren nagusitasun energetikoak ordaina pasako duela ohartarazi zuen.TTIP merkataritza askeko hitzarmenaren aurka borroka egiteko beharra azpimarratu zuen. «Gertakari guztiok ezin zaizkigu arrotzak iruditu, nahiz eta urrunekoak direla pentsarazten diguten».

Gure nekazaritza zuen elikadura lelopean egin da batzarra, eta elikadura subiranotasuna aldarrikatu zuen. Euskal lurraldeekin harreman naturalak berreskuratzea garrantzitsutzat jo zuen. «Hizkuntzak, historiak eta kulturak ez ezik, elikadurak ere egiten gaitu herri. Nafarroak beste sei herrialde senideak elikagai askoz asetzeko ekoizpen gaitasun handia dauka. Modu naturalean sortutako bideak estaltzen ahalegindu ziren, baina garbitzen hasiak dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.