Zuraren onurak erakusgai

Egurtek zuraren foroa egiten ari dira BEC erakustazokan. Zurak eraikuntzan duen garrantzia, haren jasangarritasuna eta berrindustrializazioan izan dezakeen zeregina nabarmendu dituzte ekitaldiaren inaugurazioan.

Zura lantzeko tresnen erakustaldia, Egurtek azokan. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Zura lantzeko tresnen erakustaldia, Egurtek azokan. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
gotzon hermosilla
Barakaldo
2024ko urriaren 16a
15:45
Entzun

Egurtek, zuraren inguruko nazioarteko foroa, gaur hasi da Barakaldoko BEC erakustazokan (Bizkaia). Bi urtean behin antolatzen dute, eta arkitektura eta ingeniaritzako profesionalak, eraikuntza enpresak eta zuraren sektoreko beste eragile batzuk biltzen ditu, «zuraren erabilera bultzatzeko, eraikuntza material jasangarri gisa eta berotegi efektua eta klima aldaketa murrizteko faktore erabakigarri moduan».

Gaurko eta biharko, nazioarteko biltzar bat, jardunaldi teknikoak, sari banaketa eta beste zenbait ekitaldi antolatu dituzte Egurteken. Horien artean, erakusketa da esanguratsuenetako bat: BECeko areto batean, Euskal Herriko eta atzerriko 63 enpresak euren produktu, proiektu eta berritasunak aurkezten dituzte, «ezagutza partekatu eta jasotzeko, eta enpresa harremanak sortzeko», antolatzaileek adierazitakoaren arabera.

Erakusmahaietan, mota guztietako produktu eta egitasmoak daude. Eraikuntza enpresak ez dira gutxi: horietako batek, esaterako, zurezko etxebizitza bat 90 egunean osorik eraikitzea eskaintzen du, moduluak erabilita, eta prozesu guztia erakusten duten irudiak dauzka ikusgai erakusketan daukan gunean.

Baina zerbitzu integrala ematen duten eraikuntza enpresekin batera, zerbitzu osagarriak eta zehatzagoak eskaintzen dituztenak ere ez dira gutxi. Badaude zurezko leihoak, etxeetako aurrealdeak, terrazak eta bestelakoak egiten dituzten enpresak; zelulosaz egindako isolatze sistemak eskaintzen dituztenak; hainbat zur mota banatzen duten hornitzaileak; zura moztu eta lantzeko tresneria eta softwarea saltzen dutenak, eta abar.

Zuhaizki aroztegi industriala Txaraman dago (Leaburu-Txarama, Gipuzkoa), eta zurezko leihoak, sarrerako ateak eta eskailerak egitea da haren espezialitatea. «Leihoak aurkeztera etorri gara Egurtekera», azaldu du Zuhaizkiko Joseba Zubizarretak. «Gaur egun, zurez egindako leiho eta ateek oso prestazio onak dituzte. Egurra lehengai naturala da, oso ona, eta egokiena orain hainbeste aipatzen den birziklatze eta ekonomia zirkularrerako»

Zubizarretaren arabera, zurak ez dauka inolako eragozpenik beste lehengai batzuekin alderatuta, eta, gainera, jasangarritasunaren ikuspegitik PVCa, aluminioa eta beste material batzuk baino onuragarriagoa da. Adibidez, Zuhaizkik eskaintzen dituen leiho guztiak efizienteak dira energia aurreztearen ikuspegitik, eta horietako batek Passive House ziurtagiria du, hau da, isolamendu termikorik handiena bermatzen duen agiria.

«Zura lehengai naturala da, oso ona, eta egokiena orain hainbeste aipatzen den birziklatze eta ekonomia zirkularrerako»

JOSEBA ZUBIZARRETAZuhaizki

Protec enpresa, berriz, Elorrion dago (Bizkaia), eta zurezko instalazioak egiten ditu kanpoaldean, hots, herrietako kale, parke, jolastoki eta antzeko lekuetan. Adibidez, Bilboko San Inazio eta Enekuri auzoak lotzen dituen zurezko pasabidea haiek egindakoa da; lan hori azaltzen duten argazkiak dituzte erakuslekuan. «Guk kanpoaldean erabiltzeko baino ez dugu zura lantzen, baina, horren barruan, denetarik egiten dugu: hesiak, pergolak, pasabideak, seinaleak eta abar», esan du Mikel Arandok.

«Zura naturala da, naturatik datorren zerbait da», erantsi du. «Guk asko lan egiten dugu parkeetan; hortaz, zura erabiltzea bertako material bat han berriro ipintzea da. Beste gozotasun bat, beste epeltasun bat dauka. Jakina, dena ez da zertan egurrez egin; gainerako materialek ere onurak dituzte, baina zurak bere lekua izan behar du».

Euskal Herrian tradizio handia egon da eraikuntzan zura erabiltzeko. Adibidez, baserriek, harrizko hormak izanagatik ere, zurezko egiturak izaten zituzten. «Europako beste herrialdeetan ez bezala, hemen ohitura hori apur bat galdu dugu: egurra usteldu egiten zen, eta horrek arazoak ematen zituen. Zurak ospe txarra izan du. Baina orain horren kontrako tratamenduak daude, eta, gauzak egoki eginez gero, ez du zertan arazorik eman».

Horregatik, Arandok uste du sektoreak etorkizun oparoa duela: «Orain arte, ingurumenaren auzia ez da oso kontuan hartu, eta, batez ere, prezioari erreparatu izan zaio, baina hori aldatzen ari da. Gainera, gauza guztiek ez dute betiko izan behar: guk hondartzetan lan asko egiten ditugu, jarri eta kendu egiten diren zurezko instalazioak egiten».

18.000 lanpostu

Biltzarraren inaugurazioan, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuorde Raul Perez Iratxetak nabarmendu egin ditu sektorearen «onura ekonomiko, ekologiko eta sozialak». Esan duenez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 18.000 lagunek lan egiten dute sektore horretan, eta BPG barne produktu gordinaren %1 da.

Geroari begira, bi erronka nagusi ezarri ditu Perez Iratxetak: berrikuntzan eta ikerketan urratsak egiten jarraitzea, eta eraikuntzan zura erabiltzearen abantailak gizarteratzea: «Areto honetan, denok dakigu nolako onurak dakartzan zura material gisa erabiltzeak jasangarritasuna eta ekonomia zirkularra sustatzeko; erronka da onura horiek gizarteari ere jakinaraztea».

«Zurak ospe txarra izan du, baina, gauzak egoki eginez gero, ez du zertan arazorik eman»

MIKEL ARANDOProtec

Baskegur Euskadiko Egurraren Elkarteko zuzendari nagusi Oskar Azkaratek, berriz, zuraren sektoreak «berrindustrializazio prozesuan» izan dezakeen zeregina nabarmendu du: «Argi dago indarrean dagoen eraikuntza ereduak baduela zer hobetu: zaharkituta dago, eta oso kutsatzailea da».

Azkarateren hitzetan, eredua «aldatzen» ari da, eta «lehengai jasangarriagoak» erabiltzea izango da gakoetako bat: «Horretan, zurak rol garrantzitsua izango du etorkizunean».

Jose Maria Gonzalez Pinto Hego Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialeko dekanoak esan du zurak oraindik ere «pisu txikia» duela eraikuntzaren arloan beste material batzuekin alderatuta: «Guri dagokigu lan egitea pisu hori gero eta handiagoa izan dadin».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.