Eusko Jaurlaritzak «errespetatzen du» EAEko Auzitegi Nagusiak eremu gorrian dauden udalerrietako ostatuei zabaltzeko baimena aitortu izana, baina «ez dator bat», Bigen Zupiria bozeramailearen esanetan. Jaurlaritzaren zerbitzu juridikoek epaia aztertuko dute, eta haiek erabakiko dute helegitea jarri ala ez.
Zupiriak arratsaldean egin duen agerraldi batean azaldu duenez, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako osasun egoera «oso larria eta kezkagarria» da, eta, bihartik aurrera, Eusko Jaurlaritzak «tresna bat gutxiago» izango du hari aurre egiteko. Gobernuaren helburua da intzidentzia tasa 100.000 biztanleko 60an kokatzea; gaur egungo datuak hamar aldiz murriztea. Nabarmendu du horretarako adituei eta osasun publikoko ikerlariei egiten dietela kasu, Labi batzorde teknikoan, eta haiei dagokiela egoera aztertzea eta unean uneko neurriak proposatzea.
Datorren ostegunean batzartuko da berriz Labi batzorde teknikoa, eta ostiralean, berriz, aholku batzordea. Zupiriak adierazi du haiek «neurri aproposenak» hartuko dituztela, baldin eta uste badute egoerak hori eskatzen duela.
Jaurlaritzaren bozeramaileak herritarrei eskatu die «erantzukizunez eta gizalegez» joka dezaten inauteri garaian. «Horrek arrisku berezia dakar, eta Jaurlaritzak hari aurre egiteko tresna bat gutxiago izango du», ohartarazi du.