Katalizatzaileak birziklatzeko planta bat jarriko dute Zumarragako Arcelorren

Siderurgia enpresarenak ziren lurrak hutsik daude 2016tik. Bidasoa Metal 78k bere lehenengo lantegia eraikiko du han, SPRIren eta Espainiako Gobernuaren laguntzarekin. 40 lanpostu sortzea aurreikusten dute.

Erakunde publikoetako ordezkariak eta enpresako arduradunak, gaur Zumarragan egindako aurkezpenean. GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
Erakunde publikoetako ordezkariak eta enpresako arduradunak, gaur Zumarragan egindako aurkezpenean. GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
jokin sagarzazu
2025eko apirilaren 7a
15:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Itxi eta bederatzi urtera, industria jarduera itzuliko da Arcelorrek Zumarragan (Gipuzkoa) zituen lursailetara. Bidasoa Metal 78 enpresak zati bat hartuko du: 90.000 metro koadroetatik 6.000. Enpresa horrek autoen katalizatzaileak birziklatzen ditu.

2026. urtearen hasierarako martxan egotea aurreikusten du, eta 40 lanpostu sortuko dituela kalkulatu du. Guztira hamabi milioi euroko inbertsioa egingo du, eta horietatik bost milioi Espainiako Gobernuaren bidez eskuratuko ditu, Europako Batasunaren Next Generation funtsetatik. Eremua egokitzeko gastuak —12,5 milioi euro—, berriz, Sprilur sozietate publikoak hartu ditu bere gain.

2016. urtean sortu zen Bidasoa Metal 78, eta Jose Manuel Muriel da haren kudeatzailea. Irunen (Gipuzkoa) du egoitza soziala, baina ez du ekoizpen plantarik. Hortaz, Zumarragakoa izango litzateke lehena. Eusko Jaurlaritzak enpresaren kapitalaren %18,84 du, SPRI taldearen arrisku kapitaleko sozietatearen bidez.

Bidasoa Metal 78k teknologia propio bat eskaintzen du autoen katalizatzaileak birziklatzeko —motorraren errekuntzako gas kaltegarriak murrizten dituzten ibilgailuen ihes hodiaren ondoan dauden piezak dira katalizatzaileak—. Horren bidez, paladioa, platinoa, rodioa eta gisako metalak erauzten ditu, ondoren beste erabilera bat emateko.

Hori egiteko erabiltzen duen sistema «%100 hidrometalurgikoa» da, «fusiorik gabea eta karbono aztarna nabarmen txikiagokoa». Enpresak bere webgunean dioenez, bere teknologiaren bidez, halako prozesuetan sortzen diren CO2 isuriak %60 murrizten ditu, eta bizkorragoa da; produkzio kostuak ere txikiagoak dira.

«Gipuzkoan metal horiek berreskuratzeak Europako Batasunarekiko kanpo mendekotasuna murrizten lagunduko du, haren autonomia estrategikoa indartuz eta industriarako lehengai kritikoen hornidura bermatuz», azpimarratu du Gipuzkoako Foru Aldundiak, komunikabideetara bidalitako oharrean.

Lurrekin zer egin

Bidasoa Metal 78k Arcelorren lehenengo bi pabiloiak hartuko ditu, eta jardun ahal izateko egokitzapen lanak hasiak dira dagoeneko.

Zumarragako Udalarentzat eta Eusko Jaurlaritzarentzat buruhauste bat izan da Arcelorrek hartzen zituen lurrekin zer egin erabakitzea. Jaurlaritzak 2021ean erosi zuen eremu horren zati bat, Sprilur sozietatearen bidez.

Ordutik beti izan dute hizpide eremu hori ekonomia zirkularrarekin loturiko jardueretara bideratzeko aukera. Egitasmo batzuek, halere, ez dute aurrera egin. Adibidez, Jaurlaritzak lurrak eskuratu eta gutxira, Plastic Energy Erresuma Batuko konpainiak jakinarazi zuen bertan errotu nahi zuela, baina udaleko oposizioa aurka agertu zen, eta protestak egon ziren herrian, erraustegi bat zela argudiatuta. Bestelako jarduera batzuetarako eskaintzak ere jaso dituzte erakundeek: adibidez, arma lantegi bat jartzeko, baina udalak ez zuen babestu hori.

Jaurlaritzarenak ez diren baina Arcelorrenak izan diren beste lur batzuk ere erabiliko dira industria jarduerarako: GZS Gipuzkoako Zepa Siderurgiko enpresak —Campezo-Calcinor taldearena— «hondakin industrialak berreskuratzeko» planta bat jarriko du. 2023aren amaieran erosi zuen eremu bat horretarako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.