Zumarragaren bihotzean zulo bat dago. 2016. urtean eten zuen ekoizpena hasieran Orbegozo izan zenak eta amaieran Arcelor Mittal izandakoak, eta 90.000 metro koadro inguruko eremua jarduerarik gabe gelditu zen. Zumarragako Udalak hamaika saiakera egin ditu beste markaren bat erakartzeko, baina oraingoz lantegiko tximiniek ez dute kerik botatzen.
2021. urtean Eusko Jaurlaritzak lantegiaren zati bat erosi zion Arcelorri zazpi milioi euroren truke, Sprilur sozietatearen bidez. Zehazki, ijezketa atala izandakoa bereganatu zuen. Handik gutxira jakin zen Plastic Energy konpainia britainiarrak bertan errotu nahi zuela «plastikoaren ekonomia zirkularraren berrikuntzarako poloa». Asmo horiek, ordea, ez ziren gauzatu; udaleko oposizioa aurka agertu zen, eta herritarrak kontra mobilizatu ziren, «erraustegi bat» zela argudiatuta.
Era berean, Zumarragako Udalak berak baztertu zuen Arcelorreko lurretan arma lantegi bat ezartzea, «udal gobernuen asmoekin bat ez zetorrelako», Mikel Serrano (PSE-EE) alkateak azaldu zuenez.
![Arcelorrena zen galdarategia, Kaminpe izenez ere ezaguna. Bertan ezarriko du GZSk bere planta. GOTZON ARANBURU / FOKU Arcelorrena zen galdarategia, Kaminpe izenez ere ezaguna. Bertan ezarriko du GZSk bere planta. GOTZON ARANBURU / FOKU](/uploads/s1/71/22/07/8/ef-201044-14655097_49_1000x666.jpeg)
Arcelorren esku segitu zuten galdarategiak —Urretxuko lurretan dago— eta harri lubetak. Bada, zati horietan izango da jarduerarik etorkizunean. GZS Gipuzkoako Zepa Siderurgikoa enpresak 2023. urte bukaeran erosi zizkion Arcelorri. Enpresako iturriekBERRIAri kontatu diotenez, toki horren alde egin zuten eremu horrek enpresaren asmoak gauzatzeko ezaugarriak betetzen dituelako eta, gainera, Gipuzkoan dagoelako. «Gure enpresa hemen errotuta dago. Bertan ditugu hainbat instalazio, eta horietan erabiltzen ditugun materialei beste erabilera bat eman nahi diegu».
GZS enpresa Campezo-Calcinor taldearen parte da. Hondakin industrialak berreskuratzen dituzte, «beste erabilera bat emateko». «Guk ez ditugu hondakinak kudeatu nahi, ekonomia zirkularrean sakondu nahi dugu. Hori egin nahi dugu Zumarragan», zehaztu dute.
Esaterako, taldearen beste adar bat harrobiak ustiatzea da. GZSren Zumarraga-Urretxuko lantegiaren bidez zera lortu nahi dute, baliabide naturalak gutxiago ustiatu behar izatea. Hondakinak ere gutxituko dituztela iragarri dute. «Alderagarria izango da Europa mailako proiektu modernoenekin».
«Hasierako fasean dago», aitortu dute. Behin eremua erosita, hainbat azterketa egin behar izan dituzte. «Denak ondo atera dira». Orain, instalazioak txukuntzeko lanetan ari dira: «Lurra ondo jarri behar da, sekulako zuloak baitaude eta horiek estali egin beharko baitira. Teilatua txiki-txiki eginda dago... Pixkanaka goaz». Erabateko jarduna hasteko denbora beharko dela iragarri dute. Gaineratu dute udalekin eta Eusko Jaurlaritzarekin harremanetan ari direla lanean.
Arcelorretik hurbil, trenbidearen beste aldean, urteetan abandonatuta egon diren bi lantegi martxan jartzeko lanetan ari dira Urretxuko Mugitegi industrialdean ere. Irimo erreminta lantegia zegoen tokian Telleria tailer mekanikoa jarriko dute, eta Smartlog enpresak berrikuntza eta talentu zentroa eraikiko du garai bateko Sarralde fabrikaren orubean.