Bihartik aurrera, greba mugagabea egingo dute Zubietako (Donostia) Gipuzkoako erraustegiko langileek, ELA sindikatuak gaur iragarri duenez. Prekaritatea salatzen dute langileok, eta segurtasun eta lan baldintzak bermatzeko eskatuko diote enpresari, lanuztearen bitartez.
Azpikontrataturiko Ekobal enpresari osasun eta lan baldintzak «hasieratik» ez bermatzea egotzi dio sindikatuak. Adierazi dutenez, «segurtasun eta osasun neurririk eza etengabea da». Salatu dute lan arriskuen ebaluazioa ez dela egokia.
Bide garbiketaren alorreko lan hitzarmena ezartzen diete langileoi, eta salatu dute hori ez datorrela bat Zubietako plantaren errealitatearekin. Horregatik, hitzarmen espezifikoa negoziatzen hasteko eskatu dute.
Grebara deitu dutenen arabera, hamabi orduko lan txandak ere egiten dituzte, etenik gabe. Horrez gain, aparteko orduak ere egin behar izaten dituzte. Lan egutegia ere egun batetik bestera aldatzen dietela salatu dute.
Adierazi dutenez, enpresak langileak kanporatzen ditu «sistematikoki» eta «inolako justifikaziorik gabe».
Sindikatuaren aburuz, Ekobal enpresak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak dute langileen eskaerei erantzuteko ardura.
Halaber, Eusko Jaurlaritzak plantan ezarri dituen zerbitzu minimoak salatu dituzte: %70 ekoizpen arloan eta %90koak zaborra errez argindarra sortzeko gunean.