«Hemen ez daukagu lantegietarako lekurik». Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak esan zuen esaldi hori, duela hilabete batzuk, eta paradoxa bat du: lurraldean industria eremu eta eraikin asko utzita edo abandonatuta egon arren, lurzoru industriala behar da. Fenomeno hori ez da Araban bakarrik gertatzen; Hego Euskal Herri osoari eragiten dio, Bizkaiari eta Gipuzkoari bereziki, eta funtsezko dilema bat planteatzen du: beharrezkoa al da industrialde gehiago eraikitzea, edo nahikoa litzateke hutsik daudenak lehengoratzea?
Sprilur industria lurzorua sustatzeaz eta leheneratzeaz arduratzen den Eusko Jaurlaritzaren sozietate publikoaren arabera, gaur egun Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako industrialdeen %85 okupatuta daude. Eskari handiena Bizkaian dute, batez ere Txorierrin eta Ezkerraldean, haien «kokapen estrategikoagatik».
Hala ere, arazo nagusia ez da orube horien erabilgarritasuna, tamaina baizik. Hala azaldu du Txaber Ouro Sprilurreko zuzendari nagusiak: «Euskadin industria lurzoruaren defizit handia dago, batez ere lursail handiena, 20.000 eta 400.000 metro koadro bitartekoena. Horiek dira gehien eskatzen direnak eta aurkitzen zailenak».
Erabiltzen ez direna berroneratzeari buruz, Ourok dio espazio horiek «zenbait kasutan» oso aukera onak izan daitezkeela, baina nabarmendu du lur horiekin ez dela nahikoa gaur egun dagoen eskari motari erantzuteko.
«Baldintzak gero eta zurrunagoak dira. Enpresek ezin dute hainbeste denbora itxaron proiektuak martxan jartzeko, eta joan egiten dira. Ezin ditugu inbertsio horiek galdu»
TXABER OUROSprilurreko zuzendari nagusia
Sprilurrek 25 berroneratze proiektu ditu martxan. Hala 1.250.000 metro koadro merkaturatu nahi ditu legegintzaldi honetan, eta garapen berrien bidez, beste 1.600.000 metro koadro. «Gero eta gehiago lehengoratzen ari gara, baina ez da aski. Datozen urteetan, lurzoru industrial berriak sortzeko bi moduak izango dira abian: lehengoratzea eta berriak sortzea».
Beti ezin da
Azken urteetan, erabiltzen ez diren lurzoruak berroneratzea lehentasun bihurtu da Jaurlaritzarentzat. «Aukera jasangarriagoa da, eta eremu berriak urbanizatzen ez segitzeko modua ematen du». Hala ere, halako egitasmoak aurrera eramateko epeak gero eta luzeagoak dira, eta baldintzak, «zurrunagoak», Ourok ohartarazi duenez: «Mendearen hasieran, lauzpabost urtean egin zitekeen. Gaur egun, kasurik onenean, epe hori bikoiztu egin da, eta proiektu konplexuagoetan, are gehiago».
«Adituak bihurtu gara lurzoru industriala sortzeko mendiak zulatzeko praktikan. Beste leku batzuetan pentsaezinak liratekeen operazioak egin dira hemen»
MIKEL AZKONAEHUko Arkitektura Eskolako irakaslea eta urbanista
Sprilurreko zuzendariaren arabera, arrazoiak askotarikoak dira: «Udalen hirigintza planak, lurzoruaren kutsadura eta ibaietatik edo bestelako azpiegitura batzuetatik gertu egoteak sortzen dituzten arazoak, eraikinak babestutako ondare aitortza izatea...». Horri gehitu behar zaizkio lurren berroneratzeak aurrera eramateko behar izaten diren baimenak. «Enpresek ezin dute hainbeste denbora itxaron beren proiektuak martxan jartzeko, eta beste leku batzuetara joaten dira. Ezin ditugu inbertsio horiek galdu; hori luxu bat litzateke».
Erlazionatuta
![LARRAMENDI BERGARA LARRAMENDI BERGARA](/uploads/s1/71/04/14/4/17384327261215_49_1000x666.jpeg)
Mikel Azkona EHUko Arkitektura Eskolako irakasle eta zoru industrialean espezializatutako urbanista bat dator epeak luzatu egin direla. Baina hark uste du hori ezin dela argudio nagusia izan gero eta industrialde berri gehiago egiteko: «Adituak bihurtu gara lurzoru industriala sortzeko mendiak zulatzeko praktikan. Beste leku batzuetan pentsaezinak liratekeen operazioak egin dira hemen. Bi adibide datozkit burura: Oiartzungo Aranbarri poligonoa eta Bergarako Larramendi».
Logistikako «munstroak»
Azkonak azaldu du halakoak maiz ikusten direla Bizkaian eta Gipuzkoan. Eta nabarmendu du horren atzean Euskal Herrian izugarrizko indarra hartzen ari den sektore baten beharrak daudela: logistikarenak. «Lurzorua gero eta urriagoa da, eta, aurreikusten ez zen moduan, azken urteotan zoru industrialaren eskariak gora egin du nabarmen. Sektore batena, nagusiki: logistikarena. Jarduera horrek espazio gose handia dauka, espazio handiak behar ditu, eta Euskal Herrian horretarako leku gutxi daude, ez bada Araba eta Nafarroa hegoaldean».
![AMAZONEN BILTEGI LOGISTIKOA AMAZONEN BILTEGI LOGISTIKOA](/uploads/s1/71/03/94/4/ef-897724-9162131_49_1000x666.jpeg)
Neurri handi batean horregatik lehenesten ari dira industrialde berriak egitea, zaharrak edo utzita daudenak berritzearen gainetik, Azkonaren iritzian. «Horietako asko ez dira egokitzen munstro horien beharretara. Azken batean, gurean izan dugun industria tradizionala, garai bateko industria, tokira oso egokituta zegoen, bailara ibarren baldintza fisiko berezietara egokituta, beren-beregi toki horietarako eta beren funtzioetarako eraikita».
Logistika enpresek, berriz, lursail oso handiak bilatzen dituzte; besteak beste, garraio azpiegituretara lotutakoak —autobide, trenbide, portu eta aireportuetara— . Halakoak egon badaude, baina horrek beste ondorio bat dakar, EHUko irakaslearen arabera: «Lursail handiak haientzat erreserbatzen dira, eta enpresa txikiek eta ertainek, berriz, gero eta zailtasun gehiago dituzte hiriguneetatik gertu espazio egokiak aurkitzeko».
«Udalen ikuspegia oso lokala izaten da. Etxebizitza faltagatik, horri ematen diote lehentasuna, baina Euskadik ezin du galdu industria inbertsioetarako aukerarik»
TXABER OUROSprilurreko zuzendari nagusia
Lurzoru industrialaren tamainarekin loturik ere badago aintzat hartu behar den beste kontu bat, bi adituen iritzian: erabileraren eraginkortasuna. «Helburua ez da lurzoru gehiago sortzea bakarrik, daukaguna hobeto erabiltzea baizik», aitortu du Ourok.
Horren aurrean, Azkonaren irudiko, «eredu trinkoago eta optimizatuago» baten alde egin beharko litzateke: «Azken urteotan, ikusi dugu nola eraiki diren planta bakarreko pabiloi logistiko handiak, kamioientzako maniobra gune handiekin-eta. Baina badira beren produktibitatea modu bertikalagoan egiten duten enpresen adibideak, hainbeste leku behar ez dutenak. Biltegiratze sistema robotizatuen gorakadarekin, aukera hori gero eta bideragarriagoa da».
Industria ala etxebizitza?
Baina lurzoru industrialaren kudeaketarekin loturik beste gatazka handi bat dago. Udalen eskumena da beren hirigintza planen bidez erabakitzea zertarako erabili herriko lurrak, baina, Ourok nabarmendu duenez, udalerri gehienetan industria orube izandakoak birkalifikatzea erabakitzen dutenean, ohikoena da etxebizitzak eraikitzeko egitea hori: «Etxebizitza faltagatik, udalek lehentasuna ematen diote horri. Joera hori areagotu egin da azken urteotan, eta etorkizunean ere hala jarraituko du».
Jarduera industrialetarako baimentzen dutenean, berriz, Sprilurreko buruak uste du udalek erabiltzen duten ikuspegia «oso lokala» izaten dela. «Euskadik ezin du galdu industria inbertsioetarako aukerarik». Haren ustez, ezinbestekoa da erakundeen arteko lankidetza —Sprilur, udalena eta ingurumen arlokoena— auziari «konponbide arrazoizkoagoak eta azkarragoak» emateko.
![LANDABEN LANDABEN](/uploads/s1/71/04/06/4/ef-190019-14373629_49_1000x666.jpeg)
Azkonak beste ikuspuntu bat du. Haren ustez, lurzoru industriala kudeatzeko modua «birplanteatu» beharko litzateke. «Ezin dugu espazio monolitiko gisa tratatu, hiritik bereizita». Hark ere uste du hirigintza plangintzak ere malgutu beharko liratekeela, baina beste helburu batzuekin. «Garai batean dena zen arinagoa, errazagoa. Eta lurzoruen erabileren nahasketak ere errazagoak ziren».
«Auzo hibridoak»
EHUko irakasleak oso ongi ezagutzen du Londresko kasua: Greater London Authority delakoarentzat hirigintza lan pilotu batzuk zuzendu ditu, eta industriaren egoeraren inguruko bere kezkak txertatu zituen horietan. Europako herrialde batzuetan garatu diren «auzo hibridoen» kontzeptua defendatu du. «Horietan etxebizitzak eta tailer txikiak, bulegoak eta dendak elkarrekin daude. Hemen, oraindik ere pentsatzen dugu lurzoru industriala fabrikentzat baino ez dela, edo, lehengoratuz gero, etxebizitzentzat bakarrik».
Azkonak ulertzen du udalek lur horiek auzo berriak eraikitzeko erabili nahi izatea: hiri atondurak edo instalazioak sartuta dauzkate, hiriaren jarraitasuna bermatua izaten dute —garraio publikoa, zabor bilketa...—. Horrek guztiak «oso tentagarri eta zentzuzko» egiten ditu erabilera horretarako.
«Hiriguneetako pabiloiak zaharberritzen ari dira, negozio berrientzat, baina, aldi berean, tailer 'zikinak' desagertzen ari dira, prezio berriak ordaindu ezin dituztelako»
MIKEL AZKONAEHUko Arkitektura Eskolako irakaslea eta urbanista
Haatik, gogoratu du jarduera industrial txikietarako eta zerbitzuetarako ere faktore ezinbestekoa izaten dela «espazio malguak eta merkeak edukitzea». Horrek, gainera, bestelako ondorio batzuk era baditu. «Erabilera horietako askok alboan duten hiri, herri edo eskualdea zerbitzatzen dute, eta enpresak errotzen dituzte, jarduera bakarreko pabiloi oso handiek ez bezala».
Haren ustez, dena den, kontuan hartzeko arriskuak ere badaude, eta gaur egun industrialde batzuetan ere gertatzen ari den errealitate bati buruz ohartarazi du: gentrifikazioaz. «Ahalmen ekonomiko handiagoa duten enpresa asko hiriguneetatik gertu dauden industria pabiloiak zaharberritzen ari dira, negozio eta bezero berriak erakartzeko. Hori positiboa da biziberritzeari dagokionez, baina, aldi berean, lantegi edo tailer zikinak eta negozio tradizional txikiak lekualdatzen ari dira, edo desagertzen, lurzoruaren prezio berriak ordaindu ezin dituztelako».
![(ID_17386770402325) (/EZEZAGUNA) (ID_17386770402325) (/EZEZAGUNA)](/uploads/s1/71/11/12/4/ef-691981-17386770402325_49_1000x666.jpeg)
orube ABANDONATUak: arriskuak eta ardurak
Eztabaida honetan badago beste auzi bat: zer gertatzen da abandonatuta dauden industria eraikinekin? Horiek bota edo mantendu ditzakete jabeek. Baina batzuetan, eta «batez ere enpresaren jabea desagertu denean», administrazioek esku hartu behar izaten dute, segurtasun publikoagatik; besteak beste, luiziengatik, ustekabeko suteengatik, lapurretengatik eta kontrolik gabeko edo legez kanpoko erabilerengatik.
Legea, halere, argia da: jabeena da ardura osoa. Beste kontu bat da udalek erostea eta haiek kargu egitea, edo, jarduera ekonomikoko eremuetara bideratu nahi badira, Sprilurrek hartzea bere gain. «Hor egongo gara, baina beti zeresana duten gainerako administrazioen laguntzarekin. Bestela, ez da posible, ezta bideragarria ere», azaldu du Txaber Ouro Sprilurreko zuzendari nagusiak.
Izan ere, industrialde zaharrak berroneratzeko orduan eragozpen handi bat egoten da: kutsadura. Ihoberen arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, kutsatutako lurzoruen %70 industria eremuetan daude, eta metal astun eta hidrokarburo ugari izaten dituzte. Horiek berrerabili nahi badira, aurrena deskontaminatu behar dira, eta, Ourok azaldu duenez, baldintzek eta kostuek eragin dezakete «ekonomikoki bideraezina» egitea asmo hori: «Deskontaminazio metodorik garestienak hautatuz gero, lurzorua merkatutik kanpo geratuko da, edo, besterik gabe, ez da deskontaminazio prozesua egingo, eta berdin jarraituko du».
Kasu horretan ere jabeena da ardura. Hala ere, Sprilurreko buruaren ustez, galdera ez da nork hartu behar duen bere gain deskontaminazioaren kostua, «baizik eta nork egin dezakeen modu eraginkorrean eta nola». «Konponbide pragmatikorik aurkitzen ez badugu, azkenean lan hori sektore publikoaren esku geratuko da, baina hark ez du gaitasunik eta bitarteko nahikorik deskontaminazio kasu guztiei heltzeko».