Balenciaga ontziolak zama arintzea lortu du, eta mugimendu horri esker agian hondoratzea eragozteko modua izango du. Espainiako Gobernuak zorraren zati handi bat barkatuko dio ontziolari. Enpresen finantzaketarako funtsak kudeatzen dituen Cofides sozietate publiko-pribatuak hamabost milioi eurotik 8,5 milioira murriztuko dio zorra Zumaiako enpresari (Gipuzkoa), eta horrek beharbada dirua jarriko duten inbertitzaile berriak erakarriko ditu.
Ontziolaren erregulazio txostena daraman kudeatzaileak baieztatu du albistea, langileekin gaur izan duen bileran. Bi aldeek «akordioaren aurrekoa» lortu dute oraingoz, eta oraindik beste hartzekodun batzuekin adostu beharko litzateke, erabakia berresteko. Balenciaga hartzekodunen konkurtsoan dago iazko abendutik, eta martxoaren 31ra arteko epea du zorra bere gain hartuko duen norbait aurkitzeko —egun horretan amaituko da 71 langileei eragiten dien aldi baterako lan erregulazio txostena—. Baina zorra txikituta, errazagoa izango zaio orain ontziolaren jarduna berma dezaketen inbertitzaileak aurkitzea. Epaileak oniritzia eman dio Cofidesen erabakiari, gainera.
«Urte eta erdirako lan karga dugu eta enkargua egin zuen bezeroak itxaroteko prest dagoela esan dio konkurtso kudeatzaileari»
DAVID TEJERA Balenciagako langile batzordeko burua
Langileak kexu ziren erakundeen eta, bereziki, Cofides sozietatearen jarrerarekin, uste baitzuten hura ari zela oztopoak jartzen inbertitzaile berriak etor ez zitezen. Keinu honek itxaropena piztu du langileen artean, baina «zuhurtzia» eskatu du David Tejera langile batzordeko buruak (CCOO): «Duela astebete baino hobeto gaude, baina martxoaren 31ko datak hor jarraitzen du».
Xehetasun txikiak falta diren arren, Cofidesen keinua irmoa da. Hain justu, asteon elkartu dira Madrilen Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria sailburua eta Carlos Cuerpo Espainiako Ekonomia ministroa ontziolaren etorkizunaz hitz egiteko.
Inbertitzaileak eta lana
Astelehenean agerraldia egin zuten langileek Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Bilkuran, alderdi sozialistako batzarkide Maria Jose Egidok iragarri zuen dirua jartzeko prest dauden bi inbertitzaile daudela; «bertakoak eta nazioartekoak» omen dira, baina oraingoz ez dute taxuzko proposamenik aurkeztu. Gaur kudeatzailea izan da inbertitzaileak egon badaudela berretsi diena eta haren atea jo dutela enpresaren berri izateko. Hori bai, Tejerak nabarmendu du haien izenik ez dutela jaso.
Zorra murriztu izanak inbertitzaileak sartzea erraztuko du, baita lan karga izateak ere. Izan ere Balenciagak bi itsasontzi egiteko enkargua hartu duen iazko uztailean eta kudeatzaileak esan dienez, bezeroak itxaroteko zain daude egoera argitu bitartean: «Hori albiste ona da, inbertitzaileentzat asko erakargarriagoa da hasi eta berehala lan karga bermatuta duen enpresa batean». Hori bai, Tejerak erakundeen inplikazioa eskatu du egitasmo horien finantzazioa lortzen dutela bermatzeko.
Tejeraren arabera, enkargu horrekin aurtengo eta hurrengo urte osorako jarduera bermatuta lukete. Azken aldian itsasoko haize errota parkeetara joateko ontziak ekoitzi dituzte Balenciagan.
Gaur egun 71 langile ditu ontziolak, baina zeharka 600 pertsonari ematen die lana ontzi bat eraikitzeko lanetan direnean. Tejerak gogorarazi du zenbait hilabetez dirurik jaso gabe egin zutela lan, eta ondorioz, enpresak dirua zor diela, «bost, sei edo zazpi hilabeteko nominak» gutxienez. Enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientea zabaldu zieten joan den udan, eta egoera horretan daude orduz gero. Esan bezala, martxo amaieran amaituko da espedientea.