Zorraren zamak ez du mehatxu izan nahi

Espainiako Gobernuak erkidegoei zorra barkatzeko erabakiak kezka piztu du Hego Euskal Herriko erakundeetan. Finantza autonomia badute ere, litekeena da kupoaren eta ekarpenaren bidez zor horren zati bat ordaindu behar izatea etorkizunean.

Montero eta Azpiazu Madrilen, 2020-2024 aldiko kupoa adosteko bileran. JAVIER LIZON / EFE
Montero eta Azpiazu Madrilen, 2020-2024 aldiko kupoa adosteko bileran. JAVIER LIZON / EFE
aitor biain
2025eko martxoaren 7a
13:33
Entzun 00:00:0000:00:00

Hitz gutxitan esanda, karpeta tiraderaz aldatzea bezalako keinu sinple bat da: norberaren tiraderan zegoena beste batenean sartzea. Hori da Espainiako Gobernuak erkidegoei zorra barkatzeko erabakiaren oinarrian dagoena: erkidegoek zuten zorraren zati bat Espainiako Estatuaren gain geratuko da aurrerantzean. Baina ekintza itxuraz arrunt horrek ñabardura ugari ditu; besteak beste, ondorioak ez direlako denentzat berberak izango, eta onurak ere ez.

Hego Euskal Herriko erakundeen kasua da hori: zorraren kitak hasiera batean eragingo ez badie ere, litekeena da zeharka zama horren zati bat hartu behar izatea etorkizunean. Zergatik? Euskal Autonomia Erkidegoak eta Nafarroak finantza autonomia izanagatik ere, bi administrazioen kontu publikoen egonkortasuna Espainiaren finantza publikoen desoreken menpe dagoelako.

Zer adostu dute?

Historiak erakutsi du zorra handiegia denean ezin izaten dela dena ordaindu. Bada, horixe argudiatu du Maria Jesus Montero Espainiako Ogasun ministroak ere: 2008ko finantza krisian finantzaketa murriztu zitzaiela erkidegoei, eta, gehiegi zorpetu zirenez, gobernuak orain zama hori arindu nahi diela ito ez daitezen. Hori dela eta, Espainiako Ogasun Ministerioak onartu du erkidegoek duten zorraren zati bat barkatzea. Guztira, 83.252 milioi euroko zorra hartuko du bere gain Espainiako Gobernuak. Hau da, erkidegoen tiraderan zegoen karpeta Estatuaren tiraderara aldatuko da.

Nori eragingo dio?

Monterok nabarmendu zuen erabakiak erkidego «guztiei» egingo diela mesede. Tira, bai eta ez. Zor kitatze hori erkidegoen erreskate funtsaren bidez egingo delako, Autonomien Likidezia Funtsa (FLA) delakoaren bidez. Hala adostu zuten PSOEk eta ERCk, Pedro Sanchezen inbestiduraren truke. Funts hori finantza krisiaren garaian sortu zuen Madrilek, 2012an, merkatuetan lortu ezin zuten dirua Estatuaren bidez eskuratu zezaten, zorra hartuta. Baina funts horretan ez daude erkidego guztiak, eta, beraz, onura ez da guztientzat izango, zuzenean bederen.

Nola eragingo du hemen?

EAE eta Nafarroa ez daude likidezia funts horretan, ez eta araubide orokorrean ere. Finantza autonomia dute, hots, beren zergak biltzeko eta kudeatzeko ahalmena dute. Kontzertu Ekonomikoaren eta Hitzarmen Ekonomikoaren bidez arautzen da, eta horrek Estatuarekin aldebiko harremana izateko modua ematen die. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak adierazi dute gaia bitariko bilera horietan aztertuko dutela, baina baztertu dute oraingoz haiek ere zorraren zati bat barkatzea eskatuko dutela.

Zergatik?

Bi administrazioek azpimarratu dute Madrilen erabakiak ez duela kupoaren eta ekarpenaren zenbatekoan eragingo. Hau da, ez diotela diru gehiago ordainduko Espainiari, hark EAEri eta Nafarroari ematen dizkion zerbitzuengatik. Zerbitzu horien artean daude, besteak beste, armada, monarkia, atzerriko ordezkaritza eta azpiegitura batzuen kudeaketa (portuak, aireportuak, trenbideak…). Kupoaren eta ekarpenaren bitartez ordaintzen da, halaber, Estatuaren zorraren interesen eta amortizazioen zati bat.

Zer ondorio ditu horrek?

Estatuaren zorra handitzen bada, litekeena da EAEren kupoaren eta Nafarroaren ekarpenaren kalkuluan eragina izatea. Horregatik esan du Jaurlaritzak ongi aztertuko duela akordioaren «letra txikia». Izan ere, bereganatu gabeko eskumenengatik Espainiako aurrekontuetan dutenaren %6,24 ordaintzea dagokio EAEri, eta %1,6 Nafarroari. 1981ean finkatu zuten erreferentzia hori Kontzertu Ekonomikoan eta Hitzarmen Ekonomikoan, hura baitzen Espainiaren barne produktu gordinean zuten pisua —gaur egun antzekoa da Nafarroaren kasuan, baina EAEren pisua ez da %6ra iristen—. EAEren kasuan, 1.472 milioi eurokoa da behin-behineko kupoa; Nafarroaren ekarpena 510 milioikoa da. Bost urtean behin berritzen da oinarri hori. Hala ere, zenbatekoa urtero eguneratzen da: Estatuaren gastuaren arabera handitu edo txikitu egiten da, esaterako.

Nola eragingo du horrek?

Horrek esan nahi du EAEren kasuan «2027ra arte» gutxienez ez duela eraginik izango, 2022an berritu baitzen azkenekoz kupoaren behin-behineko oinarria. Dena den, hortik aurrera zein eragin izan dezakeen «ongi aztertuko» duela esan zuen Jaurlaritzak. Nafarroaren kasuan, berriz, 2025-2029 bost urteko aldirako ekarpenaren legea berritzea egokitzen zaio aurten, eta ikusteko dago zorraren gaiak zer eragin izan dezakeen negoziazioan. 2020-2024 aldikoa onartzerakoan ere mahai gainean egon zen gaia, COVID-19aren ondorioz Espainiaren zorra izugarri handitu zelako.

Orduan, ez da mehatxu?

Kupoa eta ekarpena kalkulatzeko metodologia konplexua da, eta baldintza askok eragiten dute. Esaterako, defizit publikoari lotutako konpentsazio batzuk jasotzen ditu, eta horrek modua ematen du zorraren eragina hainbestekoa ez izateko. Baina ikusteko dago zorra kitatzeak nola eragingo duen —onartzen baldin bada, betiere—. Dena den, eztabaida mahai gainean dago. Jaurlaritzak esan du kalkuluak egiten ari dela, kupoan izan dezakeen eragina «neutralizatzeko». Nafarroan, atzo aztertu zuten gaia parlamentuan. Beste erkidegoei emandako «tratu bera» emateko eskatu zuen UPNk mozio baten bidez, baina ez zuten onartu. Duela urte batzuk, halere, Geroa Baik proposatu zuen Hitzarmen Ekonomikotik kentzea zorraren interesen eta amortizazioen zati bat ordaintzearen aipamena, badaezpada, etorkizunean zamaren harlauza euskal herritarren bizkar gera ez dadin.

Zorpetze muga «malgutzeko» eskatuko du jaurlaritzak

Eusko Jaurlaritzak ez du oztoporik izan nahi egoera geopolitikoak eraginda aparteko gastuak egiteko, eta horretarako, Espainiako Gobernuari eskatuko dio zorpetze muga «malgutzeko». Hala iragarri du Imanol Pradalesek gaur Eusko Legebiltzarreko kontrolerako osoko bilkuran. Madrilekin elkarrizketak hasi dituela esan du, eta Kontzertu Ekonomikoko Batzorde Mistoaren hurrengo bileran mahai gainean jarriko duela azaldu. Horri lotuta dago, hain justu ere, joan den astelehenean egindako iragarpena: gobernuak 1.000 milioi euroko zorra hartuko du «eraldaketa ekonomikoa eta industriala bultzatzeko». Noel D'Anjou Ogasun eta Finantza sailburuak esan du egun Jaurlaritzak badituela baliabideak diru hori aurreratzeko, eta ez diola Madrilekin adostutako %13ko mugari eragingo. Baina aurrera begira muga hori handitzeko ahalmena izan nahi du. Sailburuak ez du aurreratu, ordea, zenbat handitu nahi duen.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.