Ekonomista

Clara E. Mattei: «Zorraren mugak armak erosteko kentzen dira, ez osasunean inbertitzeko»

Matteik nabarmendu du gaur egun austeritate politikak onartzen ari direla defentsa aurrekontuak handitzeko, eta AEBetan dauden barne arazoak jarri ditu horren emaitzen adibide gisa.

Clara Mattei. CAPITAN SWING
Clara Mattei. CAPITAN SWING
inaut matauko rada
2025eko apirilaren 26a
05:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Hiru hamarkada bete ez dituen mendean hainbat austeritate garai izan dira, eta Clara E. Mattei ekonomista italiar-estatubatuarrak (Italia, 1988) uste du mundua beste baten atarian dagoela berrarmatzea ordaintzeko. Austeritatearen erroetara jo du Matteik The Capital Order: How Economists Invented Austerity and Paved the Way to Fascism liburuan (Kapitalen ordena: nola asmatu zuten ekonomistek austeritatea eta nola eman zioten bidea faxismoari). Ingalaterraren eta Italiaren kasuak aztertu ditu.

2022an idatzi zenuen austeritateari buruzko liburua. Zenbateraino aldatu dira gauzak hiru urte hauetan?

Austeritatearen agendaren indartze baten aurrean gaude, eta orain bistakoagoa da iraganean baino. Gainera, agerikoagoa da pobreen eta langileen kontrako klase gerra bat dela, ikusten ari baikara austeritatea gauzatzen ari dela aurrekontuen larrialdiaren aitzakiarik gabe. AEBetan, adibidez, Trump suntsitzen ari da zegoen ongizate estatu urria, oso modu bortitz eta esplizituan gainera. Hala ere, Alderdi Demokratak antzeko agenda izan du, baina ezkutuan egiten zuten. Garbi dago austeritateak rol garrantzitsua duela langileen ahultzean, eta hori oso garbi antzematen da Trumpen eta halakoen helburuetan.

Eta Europan?

Europa bide beretik doa. Niretzat garrantzitsua da klase analisi bat egitea austeritatea ulertzeko, lagungarria baita ulertzeko ez dela soilik gutxiago gastatzea eta gehiago zergapetzea. Hori oso definizio lausoa da. Orain ikusten dugun moduan, austeritatea da baliabideak zerbitzu sozialetatik kentzea gutxiengo baten esku uzteko. Ekonomiaren militarizazioa austeritatearen logikarekin lerrokatuta dago: sektore pribatua sustatzea eta diruz laguntzea. Beraz, ekonomia estimulatzen da kontratu militar handi horiekin, eta horrek, noski, eragina du munduan ikusten ditugun sarraskietan; Gazako genozidioak duen babesarekin, adibidez. Garrantzitsua da nabarmentzea austeritatea estatuen esku hartze aktiboagatik gertatzen dela. Austeritateak ez du esan nahi estatuaren interbentzioa murriztea: oso jardun aktiboa da, gehiengoaren kontrako jarduna.

«Ekonomiaren militarizazioa austeritatearen logikarekin lerrokatuta dago: sektore pribatua sustatzea eta diruz laguntzea»

Trumpez hitz egin duzu, baina politika horiek ikus ditzakegu gobernu sozialdemokratagoetan; Erresuma Batuan eta Alemanian, esaterako. Nola azaldu zenezake hori?

Trumpek modu argiago batean egiten du ia txoko guztietan gertatzen ari den hori. Europan, teknokrata liberalak dira berrarmatzea diseinatzen ari direnak. Joe Biden izan zen defentsa gasturik handiena izan duen AEBetako presidentea, 916.000 milioi dolar gastatu baitzituen. Horregatik, ekonomia politikoaren historia erabiltzea garrantzitsua da, berriak ez diren joerak identifikatu baititzakezu, ekonomia kapitalistaren gobernantzaren parte direnak. Austeritatea berezkoa du ekonomia kapitalistaren kudeaketak, helburua ekoizpen kostu murritzak mantentzea baita, soldatak behean eta irabazi itxaropenak goian mantentzeko. Ekonomiaz hitz egiten da zerbait naturala balitz bezala, baina ez, ekonomia kapitalista da, eta bere muga politikoak ditu. Egungo ekonomiaren ordena jendea erabaki ekonomikoetatik kanpo mantentzean oinarritzen da, eta hori garbi geratzen da banku zentralen gobernantzan, denak prozesu demokratikoekiko independenteak baitira.

Azaldu duzu berrarmatzea dela austeritatearen faktore nagusia, baina ba al dago besterik?

Gure ekonomia elementu askok ezaugarritzen dute, baina iraganean eta orain ikusten duguna austeritatearen trinitatea da: austeritate fiskala, monetarioa eta industriala. Gizarte aurrekontuak murrizten dira, dirudunak gutxiago zergapetzen dira, lan eta kontsumo tasak handitzen dira, interes tasa handiak mantentzen dira langabezia handitzeko, lan merkatua liberalizatzen da... AEBetako kasua deigarria da: etxerik ez dutenen erdiek lana dute. Jendeak ez du bizitzeko adina dirurik egiten lanean. New York hiriko eskola publikoetan zortzi ikasletik bat etxegabea da. AEBen kasua muturrekoa izan daiteke, baina erakusten du zeintzuk diren austeritatearen emaitzak. Italian, pobrezia hazten ari da etengabe, lau familietatik bat pobrezia eta bazterkeria arriskuan dago. Eta hori gertatzen da erabaki ekonomikoak erabaki politikoak direlako. Baina, azken finean, erabaki horiek onak dira kapitalistentzat.

«Adorea behar da esateko: hau ez da behar tekniko bat, behar politiko bat da, baina, horrekin hautsi, eta gure lehentasunetan pentsatzen has gaitezke»

Gobernuburu askok, Margaret Thatcher gogoraraziz, esaten dute beste aukerarik ez dutela. Hala al da?

Egia da kapitalismoan estatua behartuta dagoela modu jakin batean jarduteko, hau da, austeritate politikak egiteko, gure ekonomia gidatzen duten printzipioak babesteko, soldatapeko lana eta inbertsioen buruzagitza pribatua kontrolpean mantentzeko. Beraz, austeritate politikarik egiten ez baduzu, inbertsio pribatua galduko duzu: zure herrialdea utziko dute, zure txanponaren kontra espekulatuko dute. Lula da Silva Brasilgo presidentetzara itzuli zenean gertatu zen. Kapitalaren greba egiazko arazo bat da, eta gobernuek horrekin jardun behar dute. Horregatik, garrantzitsua da nabarmentzea  gure ekonomia politikoa dela. Jendea ekoizpenaren banaketaren erabakimenetik kanpo uzten duen sistema bat babestea hautatu dugu. Erabaki horiek inbertitzaile gutxi batzuen esku utzi ditugu. Adorea behar da esateko: hau ez da behar tekniko bat, behar politiko bat da, baina, horrekin hautsi, eta gure lehentasunetan pentsatzen has gaitezke.

Ba al du langileriak erabakimenik?

Definizioz badu, jendearen gehiengoa baita, eta balioa langileek sortzen baitute. Baina austeritatea diskurtso batekin uztartzen da, non langileak ez dauden presente. Eta, noski, austeritateak langile ahulagoak sortu ditu. Langileek indarra dute antolatzen badira, gehiengoa baitira, eta haiek gabe ez legokeelako irabazirik.

Alemaniak onartu egin du zor publikoa handitzea gastu militarra ordaintzeko. Lehen Mundu Gerraren aurreko egoeraren antzekoa da oraingoa?

Berezia da, Alemaniak zorraren mugak kendu dituelako austeritateari bidea emateko, eta horrek garbi erakusten du ez direla neurri teknikoak, politikoak baizik. Zorraren mugak armak erosteko kentzen dira, ez osasunean inbertitzeko. Lehen Mundu Gerran bezala, ekonomia politizatzen ari da, eta uste dut jendea kapazagoa izango dela ikusteko ustezko behar horiek, egiatan, hautu politikoak direla. Horrek lagundu dezake ikusarazten dena eliteen sistema mantentzeko eraikuntza bat dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.