Uda honetan kaleko erreboltak ugaritu egin dira Afrikan eta bereziki Saharaz hegoaldeko herrialdeetan. Gazte belaunaldi berri bat irten da protestara Ugandan, Nigerian, Etiopian, Kenyan... Denek dute ezaugarri komun bat: itota bizi dira. Pandemiatik etengabe igo izan dira prezioak, eta, Ukrainako gerraz geroztik, gero eta nabariagoa dute arnasa falta. Horri guztiari kanpo zorraren zama gehitu behar zaio. Herrialde horietako gobernuek hartzekodunekin dituzten konpromisoak ordaindu ezinda dabiltza, eta diru hori biltzeko abian jarri dituzten erreformak ez dira herritarren gustukoak izaten ari. Azken asteotako mobilizazioetan bereziki gazteak irten dira kalera. Kenyan, Z belaunaldia ezizenarekin. Diotenez, zorraren belaunaldia da haiena, eta azkena izan dadin borrokatzen ari dira.
Afrikako gobernuak mende aldaketarekin batera hasi ziren modu bizkor batean zorpetzen, orduko interes tasa apalen eta mailegatzaile berrien eskutik —funts pribatuak eta Txina—. Diru horri esker egin ahal izan zituzten hainbat inbertsio, azpiegituretan nagusiki. Orain, baina, interesak handiak dira, eta diru beharrak ez dira desagertu. Pandemiaz geroztik, izugarri okertu da egoera, eta are gehiago AEBetako Erreserba Federalak eta Europako Banku Zentralak interes tasak handitu zituztenetik, garestiago baitzaie zorra dolarretan eta eurotan ordaintzea.
1,1Afrikaren zorra 1,1 bilioi dolar ingurukoa zen 2023an amaieran, Garapenerako Afrikako Bankuaren arabera. Duela bi hamarkadakoa halako bost da orain. Kontinente osoari eragiten dion fenomenoa da kanpo zorrarena. Nazioarteko Diru Funtsaren arabera, 22 herrialde zorra ordaindu ezinik daude.
900 milioi pertsona inguru bizi dira interesetan arreta medikoan edo hezkuntzan baino gehiago gastatzen duten herrialdeetan.
Azken protesta zikloa Kenyan piztu zen, ekainaren 18an, eta beste herrialde batzuetara zabaldu da. Kenyakoak apaldu egin dira pixka bat, baina bidean gutxienez 50 hildako zenbatu ditu Giza Eskubideen Batzorde Nazionalak. Horrekin batera, gobernuko hainbat kidek dimisioa eman dute, eta William Ruto presidenteak bertan behera utzi ditu iragarritako erreformak. Besteak beste, oinarrizko produktu ugariren zergak igo nahi zituen, etxebizitza erosteko zerga berri bat sortu nahi zuen, eta erregaientzako eta ongarriak erosteko diru laguntzak kendu nahi zituen.
NDFrekin adostu zituen aldaketa horiek. Batetik, gobernuaren diru sarrerak handitzeko, herrialdeak nazioarteko hartzekodunekin duen zorra pagatu ahal izateko. Eta, bestetik, NDFren 2.000 milioi dolarreko mailegu bat jasotzeko. Ekainean ordainketa bati aurre egin behar zion, eta laguntza hori gabe ezinezkoa zuen. Aurreko astean «beste austeritate plan bat» aurkeztu zuen eta berriz piztu dira protestak.
Gurpil zoroa
Kenyakoa beste herrialde batzuetan jazotzen ari denaren edo gerta daitekeenaren beste adibide bat da. Azken hogei urteetan Afrikan hazkunde handienetarikoa izan duten herrialdeetako bat izan da, baina baita zor handienetarikoa pilatu duena ere: 80.000 milioi dolarrekoa, bere barne produktu gordinaren %70. Ruto 2022an iritsi zen gobernura, Kenya Kwanza koalizioarekin (Kenya lehenengo, swahiliz). Rutok oso gogor kritikatu zituen aurreko gobernuen zor eta diru laguntza politikak. Horiei buelta eman nahi zien, eta gazteeei bereziki politika egiteko beste modu bat hitzeman zien. Azkenean, zorra ordaintzeko, gehiago zorpetu da hura ere.
Berriki, gauza bera egin du Etiopiak. Abuztu hasieran NDFren 3.400 milioi dolarreko beste mailegu bat jaso zuen. Orain hainbat erreforma martxan jarri beharko ditu. Afrikako herrialderik populatuenetan bigarrena da Etiopia, eta 28.000 milioi euro inguruko zorra du, bere barne produktu gordinaren %54.
Nigerian, herrialdeko 220 milioi biztanleen %40 muturreko pobrezian bizi dira, baina gobernuak bildutako diru sarreren herena baino gehiago zor publikoaren interesak ordaintzeko erabiltzen ditu. Eta Ugandak 12.000 milioi dolarreko kanpo zorra du; uztaileko mobilizazioetan, herritarrak ustelkeriaren aurka irten dira kalera.
Mendebaldeko herrialdeek Afrikakoek baino zor handiagoak dituzte, baina interes txikiagoak ordaindu behar dituzte, inbertsio funtsek konfiantza handiagoa dutelako
Afrikako herrialdeen artean Etiopiak ez du zorrik handienetarikoa. Kenyakoa nabarmen handiagoa da, baina are handiagoak dira mendebaldeko hainbat herrialderenak —Espainia eta Frantziarenak, adibidez, BPGaren %100tik gorakoak—. Haien kasuan, baina, diru sarrerak trinkoak dira, eta interes tasa txikiak ordaintzen dituzte, haiei dirua mailegatzeko prest daudelako mundu osoko bankuak eta inbertsio funtsak.
Funts pribatuak
Hori ez zaie Afrikako herrialdeei gertatzen. Haien kasuan nagusiki hiru mailegatzaile mota daude, eta bakoitzak, gutxi gorabehera, kontinenteak duen guztizko zorraren herena hartzen du. Alde batetik, nazioarteko finantza erakunde handiak daude, hala nola Munduko Bankua eta Nazioarteko Diru Funtsa. Horiek dira gaur egun herrialde gehienen irtenbide bakarra, zorrak negoziatzeko aukera ematen baitiete, edo errazago jartzen dietelako aukera hori, baina betiere erreforma jakin batzuen truke. Dena den, Munduko Bankuak eta Nazioarteko Diru Funtsak zor berregituraketetan duten zeregina ere ezbaian dago.
Gaur egun, Afrikaren zorraren heren bat funts pribatuen esku dago. Txinak ere zati handi bat du, baina, pandemiaz geroztik, gero eta gutxiago mailegatzen ari da
Beste mailegatzaile nagusiak gobernuak dira. Multzo horretatik Txina nabarmentzen da, Afrikako herrialdeen zor osoaren %12 haren esku dago. Nazio Batuen Erakundearen arabera, Kenyak Txinarekin du beste gobernu batekin duen kanpo zorraren %73, Nigeriak %83 eta Ugandak %72.
2000ko hamarkadaren hasieratik, Txinak zor handia erosi zuen kontinentean, han egindako inbertsio estrategiaren barruan, baina pandemiatik joera hori gelditu egin du Pekinek, herrialdeek dirua itzultzeko dituzten arazoak ikusita. Zanbiak, adibidez, lau urte behar izan ditu bere zorra berregituratzeko akordio batera heltzeko, Txinaren kontrako jarrera dela eta.
Baina Afrikako herrialdeek mailegatzaile edo funts pribatuekin dituzte arazo gehien. Interes tasak txikiak ziren garai batean haiengana jo zuten. Munduko Bankuaren arabera, gaur egun, zor guztiaren heren bat ia —200.000 milioi dolar— haiei itzuli behar diete, eta besteekin baino zailtasun handiagoak izaten dituzte akordioak lortzeko.
Finantzen merkatuan konfiantza ezinbestekoa izaten da, eta gaur egun Afrikako herrialdeen kasuan oso eskasa da hori. Horrek inbertitzaileak aldentzen ditu edo interesak izugarri garestitzen. Horretan kalifikazio agentziek rol garrantzitsu bat jokatzen dute, bereziki hiru handiek: Standard and Poor's, Moody's eta Fitch. Afrikako gobernuak aspalditik kritikatzen ari dira agentzia horien azterketak aurreiritziz beteta daudela eta oso lerratuta daudela. Agentzia horiek lau bulego baino ez dituzte kontinentean, denak Hegoafrikan.
Horri irtenbide bat emateko asmoz, Afrikako Batasunak (AB) uztail honetan berretsi du kontinenterako agentzia propio bat sortzeko lanetan ari dela; haren asmoa da aurten martxan jartzea. ABk adierazi duenez, agentzia berri horrek ez lituzke hiru handiak ordezkatuko, «baina bere azterketak funtsezkoak izango lirateke kreditu kalifikazio kaltegarriei aurre egiteko».