Zorra murriztea, natura zaintzearen truke

Ekuadorrek zor publikoa 1.100 milioi dolar apaltzea lortu du, Galapago uharteak zaintzearen truke. Halako tratuak egin izan dira, baina klima aldaketak jotako herrialdeentzat aukera izan daiteke etorkizunerako.

Galapago uharteetako dortoka erraldoi bat, 2021ean. DANIELA BRIK / EFE.
inaut matauko rada
2023ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Ingurumena zaintzearen ordez zorra murriztea? Bai, posible da, eta Ekuador horren adibide da: Galapago uharteen inguru naturala zaintzeko konpromisoa hartzearen ordez, inoizko zor trukerik handiena egin du Ekuadorko Gobernuak, 1.100 milioi dolar murriztu baitu estatuaren zor publikoa. Maiatzaren 9an iragarri zuen neurria Guillermo Lassoren gobernuak. Antzeko tratuak egin izan dituzte beste herrialde batzuek, Belizek eta Barbadosek esaterako, baina maila apalagoan.

Hartzekodunekin egindako zorra apaltzearen ordez, Ekuadorko Gobernuak 450 milioi dolar inguru inbertitu beharko ditu datozen hemezortzi urteetan Galapago uharteak zaintzeko. Izan ere, munduko itsas erreserba garrantzitsuenetariko bat dago Galapago uharteen inguruan, baina ingurua arriskuan dago, arrantza intentsiboagatik eta klima aldaketagatik. Espezie garrantzitsu batzuk galbidean daude han, mailu marrazoak, marrazo baleak eta itsas dortokak, adibidez.

Hala izan da operazioa: estatuak jada salduak zituen zor tituluak erosi dizkie Credit Suissek hartzekodunei, hasieran 1.630 milioi dolar inguru balio zutenak, eta berriro salduko ditu, 656 milioi dolarrean. Aurrez Ekuadorko Gobernuak hartzekodunekin zuen 1.630 milioi dolarreko zor hori 2030, 2035 eta 2040 urteetarako ordaindu behar zuen, interes tasa gorakorrekin. Orain, 656 milioi dolar horiek %6,975eko interes tasa finkoarekin itzuli beharko ditu, 2041ean beranduenez, Pablo Arosemena Ekuadorko Finantza eta Ekonomia ministroaren arabera. Bankuak eta inbertsio funtsak hasiak dira jada bonuak erosten: Erresuma Batuko Legal & General funtsak 250 milioi dolar inbertitu ditu titulu berrietan.

Hartzekodunek erosi zituzten zor tituluen balioak nabarmen egingo du behera, baina erosle berriek ziurtasuna izango dute Ekuadorrek ordaindu egingo duela, aipatutako interes tasak ordainduta. Izan ere, Ameriketako Estatu Batuetako DFC International Development Finance Company finantza erakundeak ziurtatuko die operazioa bonuen erosleei, eta IDB Garapenerako Banku Interamerikarrak 85 milioi euroko bermea jarriko du.

Berme hori garrantzitsua da bonuak erosiko dituztenentzat, XIX. mendearen hasieratik hona 11 aldiz egin baitu porrot herrialdeak, inbestitzaileei zorrak ordaindu gabe utzita.

Trukean, datozen hemezortzi urteetan Galapago uharteak kontserbatzeko planak egin beharko ditu Ekuadorrek. Hala ere, inguru natural hori zaintzera bideratu beharreko diru horren gehiena ez du Ekuadorko Gobernuak zuzenean jarri beharko; izan ere, zorraren berregituraketa horrek beste 323 milioi dolar sortuko dituela kalkulatu du Credit Suissek.

Suitzako banku horren arabera, bi zatitan sortuko da diru hori datozen hemezortzi urteetan: urtean 12 milioi dolar funts berrietan, eta urtean 5,4 milioi dolar Galapagos Life Found funtsari egingo zaizkion dohaintzetan. Gainera, dohaintza horiek itsas fauna mantentzeko proiektuetan inbertituko direla dio bankuak, eta kalkulatu dute inbertsio horiek 227 milioi euroren dohaintzak erakarriko dituztela. Hala, Credit Suissek eta Ekuadorko Gobernuak kalkulatu dute datozen ia bi hamarkadetan 450 milioi dolar izango dituela Hegoamerikako herrialde hark inguru natural hori zaintzeko.

Ekuadorko Parlamentua desegin berri duen Lasso presidentearen proiektua da zorraren berregituraketa hori, eta ia bi urte daramate horretan lanean. 2021eko azaroan Glasgown (Eskozia) egin zen COP-26 Nazio Batuen Erakundearen klima aldaketari buruzko goi bileran iragarri zuen asmoa Lassok berak, eta 2023ko maiatzean egin dute akordioa. Jose Antonio Davalos Ingurumen ministroak Galapago uharteetako naturan izango duen eragin positiboa nabarmendu du: «2.500 itsas espezie babesten laguntzeaz gain, arrantza jasangarria lortzen ere lagunduko digu».

Galapago uharteak

Ekuadorko kostaldetik ia mila kilometrora dagoen uhartedi bat da, eta Ozeano Pazifikoko Humboldt itsaslaster hotzak jotzen du. Itsaslaster horrek arrain mota ezberdin asko eramaten ditu Galapago irlen ingurura, eta arrantzontziak erakarri. Arazo handia dute legez kanpoko arrantzarekin, eta hainbat itsas espezie galbidean dira horregatik.

Ekuadorko Gobernuaren arabera, Galapagoetako eremu babestuak indartuko ditu —bi itsas erreserba eta parke natural bat—, eta gehitu dute horrek uhartediko itsas ekosistema garrantzitsuen ongizatea bermatuko duela, galbidean diren espezieak babestuz.

Orain, funts berriekin, Galapago Uharteen Itsas Erreserba 130.000 kilometro koadrotik 190.000 kilometro koadrora handituko dute, eta Galapago uharteditik Costa Ricako itsas mugaraino babestutako korridore bat sortuko dute, espezie migratzaileek korridore seguru bat izan dezaten. Dirua Galapagos Life Found funtsak kudeatuko du, eta eremu naturala kontserbatzeko programak egingo dituzte datozen hemezortzi urteetan.

Inguru naturala zaintzearen ordez herrialde baten zor publikoa berregituratzea ez da kontu berria. 1970eko hamarkadan, Erdialdeko eta Hegoaldeko Amerikako herrialde askok milioika dolarreko finantzaketa lortu zuten, baina askok ezin izan zituzten zorrak ordaindu. Mexikok, esaterako, 1982an 80.000 milioi dolarreko zorra ordaintzeari utzi zion, eta herrialde askok egin zuten beste hainbeste gerora. Hala, 1987an, Boliviak bere zorretik 650.000 dolar barkatzea lortu zuen, Amazonas ibaia elikatzen duten ibaiadarrak zaintzeko 3,7 milioi dolar inbertitzearen truke.

XXI. mendean ere badira ereduak. 2021eko azaroan, Belizek ia 200 milioi dolar apaldu zuen zorra, bere itsas eremuaren %30 babesteagatik, eta Barbadosek 150 milioi euroko zorra berregituratu zuen itsasoaren %30 babestearen eta ekonomia urdina sustatzearen truke.

Ekuatoretik gertu dauden eta bioaniztasun handia duten herrialde askorentzat aukera izan daiteke antzeko operazioak egitea. Izan ere, klima aldaketak gehien eragiten dien herrialdeak dira, zorpetuta daude, eta hartzekodunei ordaintzeko zailtasunak dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.