Pandemia hasi zenetik, erruz handitu da Europako Batasuneko estatu kideen zorra; izan ere, gobernuek gastu publikoa handitu egin zuten kalte sozialak eta ekonomikoak txikitzeko, noiz-eta jardueraren gutxitzeak haien diru sarrerak asko apaldu zituen garai batean.
Zorpetzea. 2020ko lehen hiruhilekotik 2021eko lehenengora 1,36 bilioi euro handitu zen EBko 28 kideen zor publikoa (%12,3). Gaur egungo zorra, 12,42 bilioi eurorena, BPGaren %92,9 da, eta ia hamalau puntu handiagoa da pandemiaren aurrekoarekin alderatuta (%79,2).
Zorpetuak. EBko estatu kide batetik bestera alde handia dago. Portzentualki, Europa hegoaldeko estatuek handitu dute gehien zorra: +29,5 Italiak, +28,6 Greziak, +26,2 Espainiak, eta +22,1 Ziprek. Gutxien, berriz, Irlandak (+1,4), Bulgariak (+5), eta Herbehereek (+5.6).
Hegoaldea. Kontinentearen hegoaldeko estatuak dira, gainera, guztien artean zorpetuenak, haiei eragin zielako gehien euroaren zorraren krisiak, eta haiek dutelako zerga egiturarik ahulena kutxa publikoei eusteko. Grezian jada BPGaren %209,3ra iritsi da zorra, Italian %160ra, Portugalen %137ra, Zipren %125,7ra, eta Espainian %125,2ra.
Iparraldea. Kontrara, %60ko muga ospetsura ez dira iristen Europa iparraldeko eta erdialdeko zenbait estatu: %18,5eko zor publikoa du Estoniak, %28,1ekoa Luxenburgok, %40,7koa Danimarkak, eta %40,3koa Suediak. Gutxien zorpetutakoen artean daude EBko bi herrialderik pobreenak ere —Bulgariak %25,1eko zorra du; Errumaniak, berriz,%47,7koa—, baina zerbitzu publikoen ahultasunak eragin handia du horretan.
ZORPETZEA EB-N
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu