Zor erosketa moteldu egingo du Europako Banku Zentralak

EBZk uste du ekonomiaren errebote sendoa pizgarrien beharra arintzen ari dela. Aspaldiko partez, inflazioari adi ere badago, baina igoera aldi baterakoa dela dio

Christine Lagarde Europako Banku Zentraleko presidentea, atzo, Frankfurten. RONALD WITTEK / EFE.
Iker Aranburu.
2021eko irailaren 10a
00:00
Entzun
Europako Banku Zentraleko usoen eta belatzen arteko eztabaida amaigabea beste fase batean sartu da. Pandemia lehertu zenetik, usoen tesia nagusitu da, hau da, eurogunean jarduera ekonomikoari eusteko gehiago egin behar da, eta ez gutxiago. Atzo, ordea, belatzek aspaldiko partez ikusi zuten beren ildoen aldeko keinu bat: urteko azken hiruhilekoan, EBZk aurreko bietan baino zor gutxiago erosiko du. Erabakia aho batez hartu zutela nabarmendu zuen Christine Lagarde EBZko presidenteak. «Kontu honetan ezin duzue belatzez eta usoez hitz egin», ohartarazi zien kazetariei.

Azken hilabeteetan, gutxi gorabehera 90.000 milioi euroren erosketak egin ditu hilero EBZk. Horrekin lortu du merkatuak baretzea, interesak oso maila apalean geratzea eta euroguneko estatu kideek —eta neurri batean enpresek eta herritarrek— oso merke finantzatu ahal izatea pandemiari lotutako gastuak. Kopururik ez dute eman, baina 60.000-70.000 milioi euroren aktiboez jabetuko da orain banku zentrala. Nahikoa da hori estatu kideek jaulkiko duten zor berri guztia irensteko.

Gainera, EBZk ohartarazi du ez duela zertan guztiz gastatu PEPP pandemiari lotutako zor-erosketa programaren 1,85 bilioi euroak; bilioi erdi falta zaio. Plan hori martxoan da amaitzekoa, eta, hurrengo hilabeteetan pandemiak edo egoera ekonomikoak okerrera egiten ez badute, ez dute luzatuko.

Azken urteetan, Mario Draghirekin lehenik eta Lagarderekin ondoren, usoek garaipenak kateatu dituzte, eta horregatik irten da EBZ inflazioaren kontrol hutsak markatutako bidezidor ortodoxo estutik. Usoen eskutik, banku zentralak zerora jaitsi ditu interes tasak, eta zor publikoa eta pribatua erosi du euroguneko ekonomia Atzeraldi Handitik eta koronabirusaren krisitik ateratzeko. Baina aldeko haizea sumatzen hasi dira belatzen habietan, hau da, Alemaniako Bundesbanken, eta Herbehereetako eta Austriako banku zentraletan. Izan ere, haien mamu nagusia, inflazioa, itzultzen ari da, eta ezohiko neurriak indargabetzen hasteko ordua gerturatzen ari da. Ez da, ordea, berehala etorriko, baizik eta urratsez urrats. «Iristen ari gara, baina oraindik ez gaude hor», esan zuen Lagardek, eta krisi aurretik baino bi milioi langabe gehiago daudela oroitarazi zuen. Eta Margaret Thatcherren esaldi bat moldatuta erakutsi nahi izan zuen EBZk beste banku zentralak baino zuhurrago jokatuko duela laguntzak kentzean: «The lady isn't tapering»[Anderea ez da pizgarriak kentzen ari].

Baina Lagardek ezin du ezkutatu inflazioa agertokira itzuli dela eta aurreko urteetan ez bezala jaramon egin behar zaiola. Abuztuan, esaterako, %3ra iritsi da eurogunean, tasarik handiena 2012az geroztik, eta EBZren beraren %2ko helburuaren oso gainetik. Hainbat faktorek azaltzen dute igoera hori: gasaren eta argindarraren garestitzea, konfinamenduen amaierak hornidura kateetan sortu duen estresa, lehengai batzuen eskasia, itxialdietan pilatutako aurrezkia gastatzeko irrikak eragindako kontsumo handia... Belatzek diote faktore horiek luzatu egingo direla, dagoeneko soldata igoera handiak eragiten ari direla, eta horrek gehiago elikatuko duela inflazioa. Usoek, berriz, esaten dute faktore horietako batzuk hurrengo hilabeteetan amaituko direla eta ez dela, hortaz, inflazioa seko geratzeko neurririk hartu behar —interes tasen igoera handi bat—, horrek ekonomien suspertzea trabatuko lukeelako.

Dialektika horretan, oraingoz, usoen tesiak nagusitzen ari dira. Atzoko bileraren osteko agirian, ez zen bide horretatik urrundu, eta epe erdian inflazioa %2an geratuko dela iragarri zuen, «nahiz eta trantsizio garai batean balitekeen helburutik nahiko gora dagoen inflazio bat egotea».

Aldaketak, abenduan

EBZk abendurako utzi du beste erabaki bat: zer egingo du zorra erosteko programa arruntarekin PEPP bukatzen denean? Aurreko krisitik datorren programa horrekin —APP izenekoa— hilero 20.000 milioi euroren zorra erosten duela. Bertan behera uzteko eta ohiko tresnetara itzultzeko presio egiten ari dira belatzak, baina usoek uste dute kentzeak arrisku asko dakartzala, neurri batean merkatuak diru horren jonkiak bihurtu direlako. Horregatik, merkatuak lasaitzeko eta gobernuen finantzaketa beharrak asetzeko, analista gehienek uste dute PEPP agortzen denean 40.000 milioira handituko duela.

Programa horri buruz ere bada argitu beharreko beste gauza bat: malgutasuna. Alemanian ez zezaten esan haren bidez EBZk estatuak finantzatzen dituenik —debekatua dauka—, banku zentralak muga bat jarri zion bere buruari: estatu kide baten zorraren herena baino gehiago ezin du erosi. Arazoa da kopuru horretara iristen ari dela Alemanian bertan, Herbehereetan eta beste herrialde batzuetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.