«Bere garaian proiektu hau abian jarri izan ez bagenu, momentu honetan jartzen egongo ginen». Ainhoa Aizpuru Gipuzkoako Aldundiaren Proiektu Estrategikoetarako diputatuaren ustez,«oso positiboa» izan da urtea bete duen Ziur zibersegurtasun industrialerako zentroaren ibilbidea, egonkortu egin delako, «sustraiak bota» dituelako, eta lortu duelako lurraldeko industriari bere burua aurkeztea «balio handiko bazkide laguntzaile gisa».
«Apustua egin genuen, eta asmatu egin dugu», nabarmendu du Aizpuruk. Baliteke Ziurren traineruak, gainera, olatu handiagoa hartzea, foru diputatuak azaldu duen moduan, abagune berrian zentroak badituelako aukerak finantzaketa lortzeko Europako Berreraikuntza eta Suspertze Funtsetik. «Ziurrek bete-betean betetzen ditu pandemia ondorengo Europa horri ezartzen zaizkion ezaugarriak, Europa berdea, Europa digitala, Europa erresilientea ekarri behar duten ezaugarriak».
Funtsetatik etorria lortuz gero, Aizpuruk azaldu duenez, «Ziurrek jauzi garrantzitsu bat emango luke». Baliabide horiekin zentroak ekintza gehiago eta azkarrago egingo lituzkeela esplikatu du. Besteak beste, datorren urtearen hasieran zabaltzekoa duen laborategiaren helburuak handituko lirateke, eta unibertsitateekin lankidetzan sakonduko litzateke, «industriari interesatzen zaizkion soslai horien prestakuntzarako». Edonola ere, diputatuak ziurtatu du funtsetik baliabideak lortu ala ez Ziurrek bere bidea egingo duela; «aurrera jarraituko du, gure proiektu estrategikoetako bat delako».
Ia 300 enpresa
Ateak joan den urteko azaroan zabaldu zituen Ziurrek, eta harekin hartu-emanak izan dituzte lurraldeko industria sektoreko ia 200 enpresek, gehientsuenek formakuntza jasotzeko. Beste 70 bat izan dira hartu-eman estuagoa izan dutenak, gehientsuenak makina-erremintaren sektorekoak, AFM klusterra tarteko.
Horietatik, 35 konpainiak erabili dute joan den ekainetik Ziurren zibersegurtasuneko behatokiak eskaintzen duen autodiagnostikoaren zerbitzua. Koldo Peciña Ziurreko zuzendari nagusi berriak laburbildu du zentroaren lehen urteko ibilbidea, zeinetan inbertsioak egin dituzten bai egoitza bera egokitzeko (Donostiako Zuatzu poligonoan), bai haren laborategiko ekipamenduak aktibatzeko, eta bai webguneko korporatiboa hobetzeko.
Agenda betea dauka Ziurrek datozen asteetarako. Batetik, lehen urte honetan egin diren mehatxu, zibereraso eta jarduerei buruzko txostena argitaratuko du, eta urtea amaitu aurretik beste hiru txosten plazaratuko ditu: zibersegurtasunaren funtzioaren gida; mehatxuen txostena; eta zaintza teknologikoaren eta joeren txostena.
Horiez gain, Cyber Deception teknologiarekin erasoak detektatzeko kanpaina jarriko du abian, eta enpresak zibersegurtasunean kalifikatzeko tresna aurreratu bat erabiliz, Ziurrek Gipuzkoako industria enpresen egoera sakon aztertzeari ekingo dio.
Ziur zentroaren apustuarekin asmatu egin dutela uste du Aizpuruk
Zibersegurtasun industrialeko guneak aukerak ditu Europatik funtsak jasotzeko. Lehen urte honetako ibilbidea «oso positiboa» izan dela dio
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu