Urte amaieran jakinaraziko du ofizialki, baina gero eta bide malkartsuagoa du François Hollande Frantziako Errepublikako presidenteak bigarren legealdi batera aurkezteko. Hark esana da langabezia nabarmen jaitsi ezean ez dela presidentegai izango, eta, datu ekonomikoak ikusita, ezinezkoa dirudi urte amaiera bitartean horrelakorik gertatzea. Datu makroekonomikoak alde batera utzita ere, presidenteak baditu beste hainbat faktore kontra: bost urteko legealdian hartutako norabide liberalak kaleak protestariz bete ditu, eta PS alderdian gainditu ezinezko arrakalak ireki dira. Hori gutxi ez, eta inkestetan hondoa jota dago: presidentegai izanez gero, ez litzateke bigarren itzulira igaroko. 2012an presidente izendatu zutenetik, PSk ez du beste hauteskunderik irabazi.
Gero eta murritzagoa da presidentearen jokaleku politikoa. Eskuinetik, lehiakide bat atera zaio alderdian bertan: EmmanuelMacron Ekonomia ministroak apirilean iragarri zuen mugimendu berri baten sorrera —En marche!—. Rothschild inbertsio bankuko aholkulari ohiak aspaldi utzi dio asmoak ezkutatzeari, eta ekainaren 10ean emango du haren hautagaitzaren berri. Inkesten arabera, Hollandek berak baino babes handiagoa bilduko luke.
Ezkerretik, berriz, bidea itxia du erabat, alderdiko ezker hegala matxinatu baitzaio gobernuaren jarrera neoliberalak sututa. Presidentegaia hautatu soilik ez, eztabaida ideologikoari heldu beharko diote sozialistek azkar baino lehen; langile klasetik urruntzen joan da alderdia —lan erreforma, Macron legea...—, eta politika liberalen bidea hartu du. Ezkerrerago dauden PSko hautagaien arrastorik ez da azkenaldian; Martine Aubry Lilleko alkateak ohartarazia du ez dela 2017ko hauteskundeetan lehiatuko, eta Arnaud Montebourg Ekonomia ministro ohiak utzia du politika. Primarioen aukera gero eta gehiago ari da zabaltzen, alderdia batu eta hauteskundeetan indartsu lehiatzekobeste erremediorik ez dagoelakoan. Azaroan lehen aldiz egingo dituzte primarioak Errepublikanoak —UMP zena—eskuineko alderdian.
Ezkerraren nora eza
Ezkerreko ildoa baztertzeak azal lezake PSren norarik eza hein handi batean. Izan ere, inkesta batzuek erabateko porrota iragartzen diete sozialistei, Ezkerreko Frontearen atzetik geratzeraino. Adituen ustetan, horrelako lurrikara politiko batek soilik bultza lezake ezkerraren berregituratze historiko bat Frantzian. Erresuma Batuan kontserbadoreen gehiengo osoak eragin zuen Jeremy Corbyn ezkerreko parlamentariak laboristen barne hauteskundeak irabaztea.
PSren haustura deserosoa zaio alderdiko buruzagitzari; ezker hegaleko 30 bat diputatuk gobernuak hartutako ildoaren aurka egin dute. Ez dira gehiegi, guztira 296 diputatu sozialista daudela kontuan hartuta, baina nahikoak PSren gehiengoa zapuzteko eta gobernuak proposatutako legeak atzera botatzeko. Jarrera gogorragoa hartu dute azkenaldian: orain arte, gobernua jendaurrean kritikatzearekin konformatzen ziren, baina zentsura mozioa bultzatzean zuzenean egin dute Eliseoaren aurka, ezkerreko barne ezinegonaren erakusgarri.
Promesa hautsien legealdia izan da Hollanderena. Orain bi urte, Erantzukizunaren Itunarekin enpresei erraztasunak eman zizkien, baina hitzemandako lanpostuak ez dira iritsi. Egonkortasun Itunarekin defizita eta zorra murriztera konprometitu zen, baina, iazko urtarrileko eta azaroko erasoen ondotik, Segurtasun Itunak zanpatu zuen kontuen orekari eusteko ahalegina. Azaroaren 13ko erasoetatik larrialdia ezarria du, eta epaileen baimenik gabe mia eta atxilot dezakete segurtasun indarrek.
Hollanderen azken aukera
Atentatuek zabaldutako izuaren olatua baliatu nahi izan zuen presidenteak konstituzioan aldaketak egiteko, baina saiakera hori ere ustel atera zitzaion. Herritartasun bikoitza dutenei Frantziako nazionalitatea kendu ahal izateko lege proposamena atzera bota zuen legebiltzarrak, eskuinaren laguntzarekin.
Hala eta guztiz ere, Eliseorako atea ixtear egon arren Hollandek ez du azken hitza esan; Frantziako hainbat hedabidek iradoki dute hautagaitzarako bidea prestatzen legokeela. Le Point astekariak Eliseoko iturriak aipatuta argitaratu duenez, presidentegai ikusten du Hollandek bere burua.
Apiril bukaeran eginiko mitin batean bultzatu zuten presidentearen irudia haren gertuko ministroek, hautetsiek eta alderdiburuek, sozialisten gidaritzapean herrialdeak erdietsitako «lorpenak» aldarrikatzeko. Agerraldiko mezua argia zen: «Herrialdeak hobera egin du, baina frantsesak ez dira konturatzen». Langabezia tasaren jaitsiera apurraren datuei ezin heldurik, herrialdearen arazoen pertzepzioan eragitea du Hollandek aukera bakarra. Urte amaiera arte du horretarako epea.
Frantziako lan erreforma Ondorio politikoak
Zirrikitua ixtear
Hurrengo urteko apirileko bozetara aurkezteko baldintzatzat jarri zuen Hollandek langabezia nabarmen jaistea. Datu ekonomikoek ez eze, inkestek ere bizkarra eman diote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu