Fagorreko arduradun batek orain dela urte asko kontatutako pasadizo bat da. Txina ezagutzeko asmoz joaten ziren lehen euskal enpresen garaiak ziren. Azoka batean Txinako agintari politiko bat hurbildu zitzaion. «Nire probintzian garbigailuak saltzeko lantegi bat kokatzea nahiko nuke», azaldu zion, serio. Diplomaziaz erantzutea erabaki zuen Fagorrekoak, zuhur. «Lantegi bat non kokatu erabakitzeko gauza asko hartzen ditugu kontuan. Probintzia baterako bakarrik ez dugu jarriko». Txinatarrak halako erantzun bat espero zuen, prest zegoen. «Nire probintziak», zehaztu zion, «30 milioi biztanle baino gehiago ditu». Garbigailu asko ziren horiek.
Tamaina kontua da, azken finean, eta eskala kontuetan Txinak ez du parekorik munduko historia garaikidean. Ezin liteke ulertu ekonomia modernoa edo globalizazioa Txinaren sarrera indartsurik gabe. Ia hiru hamarkada iraun duen jauzia eman du herrialdeak, etengabeko hazkunde indartsu baten eskutik, potentzia ekonomiko itzel bat bihurtu arte. Munduko ekonomiaren %16 da, ia AEBen pare. Hazkundean garrantzi are handiagoa du. Nazioarteko ekonomia lau motorreko hegazkina balitz, horietako bat osorik bultzatuko luke Txinak.
Ez da harritzekoa merkatu erraldoi bat irekitzeak zirrara sortzea. Mundu osoko enpresek ekin zioten Txinan lantegiak eta ordezkaritzak irekitzeari, bereziki herrialdea MME Munduko Merkataritza Erakundeko kide ofizial izatea onartu zuenetik. Kostu apalak erakarrita joan ziren, bai, baina baita 1.300 milioi biztanlera hurbiltzeko abaguneak erakarrita ere. Zirrara hori ere iritsi zitzaien Euskal Herriko enpresei, 1990eko hamarkadaren bigarren erditik aurrera. Txina bazkide komertzial adierazgarria da euskal enpresentzat, baina garapen mailakatua izan da. Itsutu gabe, azken batean.
Hego Euskal Herriko enpresek 757 milioi euroren esportazioak egin zituzten joan den urtean Txinara. Kalkulu horretan sartuta daude bi lurralde administratibo berezietara egindako salmentak ere: Macau, eta, batez ere, Hong Kong. Hamar urte lehenago 238 milioi euroren esportazioak zeuden. Hazkunde itzela da, baina bere neurrian jarri beharrekoa. Kanpora egindako salmenten %2,5 baino ez doa Txinara. Krisiaren enbatak indartu du apustua, eta jadanik mila enpresa inguru dira ohiko esportatzaile.
Datu orokorrak harremanaren parte bat azaltzen du, baina ez guztia. Txinak hartu duen pisua ezberdina da herrialdearen arabera. Hala, Txina kontinentalera egindako esportazioen erdiak Gipuzkoatik ateratzen dira, eta ia %30, Arabatik. Asiako erraldoiak orain izan dezakeen geldialdi ekonomikoak horietan eragingo luke. Produktu jakinetan ere bai, saldutako produktuen bi heren ekipo ondasunak direlako. Autogintza eta eskulangintza amaitugabeak gehituta, esportazioen %85 dira.
Udako turbulentziek nazioarteko giroa aztoratu dute. Eusko Jaurlaritza ere interes handiz ari zaio erreparatzen gertatzen ari denari. Alex Arriola SPRIko zuzendaria Txinan dago egunotan; besteak beste, egoerari tenperatura hartzeko eta bertan dauden euskal enpresen ikuspuntua jasotzeko. «Garapen handiko garai batetik datoz, eta beharbada heldu zaie ordua gelditzeko eta egoera ordenatzeko», zehaztu du. Azken hilabeteotako zurrunbiloaren ondoren egonkortasuna iritsiko dela ere uste du.
Ekonomiaren ajea iragankorra den argitu bitartean, datuetan islatzen da makinak izan duen abiadura paregabea moteltzen ari dela, baita Euskal Herriari dagozkionak ere bai. Aurtengo lehen erdian Hego Euskal Herritik Txinara egindako esportazioak %32 erori dira. Gipuzkoaren kasuan jaitsiera are handiagoa da: %42. Batzuetan enpresa baten proiektu handi batek datuak desitxuratzea posible da. Ez dirudi oraingo kasua.
Motelaldiak eragina izango du euskal enpresetan. Horri buruz ez dago zalantzarik. Makina-erremintaren sektorea ari da hori jasaten. Azken urteotan salmentetan eta esportazioetan eboluzio oso ona izan eta gero, arazoak datoz. «Txina lehen edo bigarren herrialdea izan da makina-erremintarentzat, eta orain beherakada oso handia izaten ari da», azaldu du Arriolak.
Enpresak ez dira homogeneoak eta eragina ez da zientzia zehatz bat. Txinaren motelaldiari gobernuak yuana debaluatzeko erabakiarekin erantzun dio. Horrek esan nahi du, esaterako, Txinatik produktua esportatzea merkeagoa egingo zaiela euskal enpresei. Barne kontsumoa ahuldu izanak, ordea, kalte egin diezaieke. Askorentzat inbertsioa izango da urduritasun handien sortzen duen aldagaia, euskal enpresa askoren produktuak fabrikaziora begira eginak daudelako.
Enpresak, bidegurutzean
Orain arteko eredu ekonomikoa eraldatzeko prozesuan buru-belarri sartuta dago Txina. Inbertsioan eta esportazioan sostengatutako hazkundea aldatu, eta barne kontsumoak pisu handiagoa izatea nahi dute. Pilatu dituen desorekak —zorpetzean, esaterako— trantsizio leun baterako traba dira. Inork ez daki aldaketa horren erritmoa, baldintzak eta ondorioak zeintzuk izango diren. Enpresak bidegurutzean daude, zer gertatuko den esperoan.
Nazioartera ateratzeko estrategian berebiziko garrantzia hartu du Txinak Hego Euskal Herriko konpainientzat. 1990eko hamarkadan hasi zen lantegiak eta ordezkaritza komertzialak ezartzeko prozesua, baina benetan abiadura 2005. urtetik aurrera hartu du. Krisia iritsi zenean, enpresa askori lagundu egin zien gorabidean dauden herrialdeetan aritzeak —bereziki Txinan—.
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ia 200 enpresa ari dira gaur egun Txinan lanean. Presentzia oso garrantzitsua dute lantegi produktiboak. 80 baino gehiago dira, beste edozein herrialdetan baino gehiago. Hego Euskal Herritik kanpo dauden lantokien %18 daude Txinan. Ipar-ekialdean eta ekialdean daude, batez ere, Pekin eta Shanghai lotzen dituen korridorean, eta gutxi batzuk hegoaldean, Kantonen edo Hong Kongen. Euskal enpresa asko daude Juangsun, Shanghairen ondoan. Probintzia horrekin harremana du aspaldi Jaurlaritzak, eta Arriola ere hango agintariekin bildu da egunotan.
Atzerrian merkatu berrien bila atera nahi zuten enpresentzat El Dorado moduko bat bilakatu zen Txina garai batean. Zailtasun kulturalak eta teknikoek enpresa batzuk uxatu zituzten arren, konpainia asko erakarri zituen. Apustu aitzindariak ere egin ziren. Esaterako, Mondragon Korporazioak industrialde bat jarri zuen martxan Kunshanen 2007. urtean. Egoera eta Txinaren ametsari buruzko ikuspuntuak aldatu dira, ordea. Industrialde horretan zeuden bi enpresek — Fagor Industrial eta Orbea — lantegia ixtea erabaki dute, lehiakorrak ez direla ondorioztatuta.
Txinatarrak, inbertitzaile
Turbulentzia ekonomikoek eta enpresa batzuek Txina utzi izanak ez du aldatzen herrialdeari buruz Jaurlaritzak duen iritzia. «1.300 milioi biztanle dituen herrialdea da, eta horrek, berez, oso erakargarri bihurtzen du», argudiatu du SPRI taldeko Arriolak.
Zer gertatzen da kontrako bidean? Euskal Herria erakargarria izan daiteke Txinako enpresentzat? Oraingoz ez da hala izan. Txinak egindako kanpo inbertsioak Hegoaldean hutsaren hurrengoa dira. Balantza komertziala alde dute, hori bai. Iaz 1.400 milioi euro esportatu zituzten Hegoaldera, inportazioen halako bi.
ZTE multinazionalak Euskaltelekin sinatu duen aliantzak kontrako bidea mugitzen ari dela islatzen du. Ez da interesa duen Txinako enpresa bakarra. «Euskal enpresa ezberdinekin proiektu bat egin nahi duen Txinako enpresa bat dago», aurreratu du Arriolak.
Txina. Euskal Herriarekin harremana
Zirrarak itsutu gabe
Txinara hurbiltzeko sukarrak ere jo izan ditu euskal enpresak. Ia 200 zuzenean ari dira lanean herrialdean, eta mila ohiko esportatzaile bihurtu dira. Oraindik ere salmentetan duen pisua ez da handia, hazkunde erritmoa bizia izan bada ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu