Zintzarrotsa batzar nagusietan

Gipuzkoan 500etik gora baserritar mobilizatu dira, «eskaera propioekin». Erakundeei eta herritarrei «errekonozimendua eta babesa» eskatu diete.

Traktoreak Donostiako Kontxako pasealekuan. GOTZON ARANBURU / FOKU
Traktoreak Donostiako Kontxako pasealekuan. GOTZON ARANBURU / FOKU
jokin sagarzazu
2024ko martxoaren 1a
16:55
Entzun

«Gure bizitzaren gaineko kontrola galdu egin dugu. Baserri lana zer den ez dakiten eta baserri bat inoiz zapaldu ez duten agintari eta teknikarien esku gaude». Haserre mintzo da Mikel. Gero eta legezko betebehar eta baldintza gehiago ezartzen dizkietela dio, eta errentagarritasuna, berriz, gero eta urriagoa dela. Behi haztegi bat dauka Gipuzkoako Goierrin. Azkenengo urteetan lau abelburutik bat galdu duela dio. Lehenik, haietako batzuk haragitarako sakrifikatu zituen, esnetarako errentagarriak ez zirelako; iaz, beste batzuk hil zitzaizkion, gaixotasun hemorragiko epizootikoak jota. Dioenez, behin baino gehiagotan pentsatu du baserria uztea eta fabrika batean hastea, baina «eutsi» nahi dio. Kezka handi bat du, ordea: familian erreleboa hartuko ote dioten. 12 urteko semea du alboan; esku batekin aitari heltzen dio eta, bestearekin, zintzarri bati. 

Lehen sektoreak etorkizuna duela sinesten du Mikelek, horregatik parte hartu du ostiral honetan egindako mobilizazioan, beste 500etik gora nekazari eta abeltzainekin batera. Gaurkoa Gipuzkoan egiten duten bigarren protesta izan da. «Ofiziala», otsailaren 12an egindakoaren aldean, ENBA eta EHNE nekazaritza sindikatuek eta Gipuzkoako Baso Elkarteak antolatu dutelako, eta sektoreko 38 taldek bat egin dutelako. 

Goizean goiz abiatu dira 300 bat traktore, kamioi txiki, garabi eta auto Donostiarantz, lurralde osotik eta helmuga jakin batekin: Gipuzkoako Batzar Nagusiak, Miramonen. Han, beste horrenbeste lagun zituzten zain. Zintzarri, turuta eta bozina soinuen artean hartu dituzte. Aurretik, traktoreak hiriburuko erdigunetik pasatu dira, lurraldea zeharkatu ondoren.

Soslai propioa

Lehen zutabekoek, Goierrikoek eta Tolosaldekoek, Legorretako tren geltokian jarria zuten topalekua. N-1 errepidetik Tolosara joan dira, eta handik Urnieta eta Hernanitik barrena sartu dira Donostian. Bigarren zutabekoak Oriotik atera dira, Urbil merkataritza gunetik igaro, eta Kontxatik sartu dira. Eta hirugarren zutabekoak Oiartzualdetik abiatu eta Garberan geldialdia egin ondoren iritsi dira Donostiara. Une oro Ertzaintzak lagunduta egin dute bidea, eta, leku jakin batzuetan auto ilara txiki batzuk sortu badituzte ere, ez da arazorik izan. Ibilgailu ia denetan ikurrinak eraman dituzte, eta pankartak, nork bere aldarrikapenekin.

Soslai propioa erakutsi nahi izan dute mobilizazioarekin. Beste lurralde batzuetako protestekin alderatuta, «agenda eta egutegi propioa» dutela nabarmendu dute. «[Espainiako] Estatukoetan euskal baserritarron egunerokoarekin eta beharrekin zer ikusirik ez duten gauza gehiegi nahastu dira», adierazi du Miramongo elkarretaratzean Mikel Arteaga abeltzain eta ENBAko presidente ohiak. Azaldu du bat egiten dutela Europa osoan zabaldu den mugimenduaren aldarrikapen askorekin, baina Europako Batasuneko Nekazaritza Politika Bateratuak eta salerosketa libreko hitzarmenek dakartzaten «arazoetatik harago» joan beharra dagoela. «Gure lurraldetik, baserritarren egunerokoa hobetzeko neurriak martxan jar ditzakegu, eta horretan sakondu behar dugu». 

10.888

Gipuzkoako ustiategiak.

Eustaten azken nekazaritza erroldaren arabera (2020), Gipuzkoan 10.888 ustiategi zeuden: 5.972 abeltzaintzakoak, eta 4.916 nekazaritzakoak. Duela hamar urte baino 3.529 gutxiago (-%24,8). Guztira 57.852 abelburu zeuden: gehienak, behiak (%61) eta ardiak (%22). Horrez gain, nekazaritzarako 4.483 hektarea zeuden: %48 fruitu arbolentzat, eta %36 barazkientzat. Lehengoak %82 handitu dira hamar urtean —sagarrondoak, bereziki—, eta bigarrengoak %37 murriztu. 

Nagusiki gizonak dira ustiategi horien arduradunak. Lautik batean (%25,9) emakumeak daude buruan, duela hamar urte baino %5 gutxiago. Baserritarren batez besteko adina 57 urte eta erdikoa da. Hamarretik seik 40 eta 65 urte artean dituzte; %30ek, 65tik gora; eta %10ek, 40tik behera. Portzentaje horiek ez dira ia aldatu hamar urtean.

Antzera mintzatu da EHNE sindikatuko Garikoitz Nazabal, eta «bertako erakundeei» mintzatu zaie. «Bada garaia askotan aldarrikatu eta eskatu dugun errespetua eta errekonozimendua praktikara eramateko».

Helburu horrekin, 64 eskaera zehatz jasotzen dituen agiri bat adostu dute, eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidente Xabier Ezeizabarrena jeltzalearen eta gainerako taldeetako ordezkarien esku utzi dute. «Batzuk agintean daude, eta besteak, berriz, oposizioan, udaletan, foru aldundian, batzar nagusietan, Eusko Legebiltzarrean edo Eusko Jaurlaritzan. Denen ardura da lehen sektorearen jarduera sustatzea eta erraztea», azaldu dute agiriaren sinatzaileek.

Askotariko eskaerak jaso dituzte: zerga sistemari dagozkionak, elikagaien prezioekin zerikusia dutenak, ingurumen alorrekoak, basogintzakoak, azokei buruzkoak... Helburu argi batekin: egiten duten lana aitortzea eta babestea. «Lehen sektorea lehenetsi behar da». Erakundeei ez ezik, herritar guztientzako mezua ere izan dute. «Beren konpromiso aktiboa eskatzen diegu, egunerokoan, gure lurraldean ekoizten diren elikagai eta lehengaien alde egin dezaten».

Eskaera nagusiak

  1. Gobernantza sistema iraunkorra ezartzea instituzioen eta eragileen artean.

  2. Prozedurak arintzeko eta gutxitzeko lantalde bat sortzea bi hilabeteko epean.

  3. Minden aplikazioa kanoi edo ureztatze mahuken bidez bermatzea, Nekazaritza Politika Bateratuak dioena indargabetzeko.

     

  4. Landa Jabetzaren Estatutua tramitatzea, herritarrek ez dezaten mendia oker erabili.

  5. Xingola marroiari aurre egiteko laguntzak berriro martxan jartzea, atzerako eraginez.

  6. Ekoizpena eraldatzen duten baserrientzako baldintzak malgutzea.

  7. Krisi egoerei aurre egiteko prozedurak eta funtsak aurretik zehaztea.

  8. Herri mendietako azpiegiturak eta garbiketak gauzatzeko aurrekontua onartzea.

  9. Energia berriztagarriak balio handiko eta malda arineko nekazaritzarako lurretan ez jartzea.

  10. Uraren kanona ezabatzea ur hornidura publikoa bermatua ez duten baserrietan.

  11. PFEZ pertsona fisikoen gaineko zergan egun behin-behinean salbuetsita dauden gastuak betiko izatea.

  12. Zerbitzu ekosistemikoen araudi fiskala sustatzea.

  13. Basogintzan aldundiak bere eskumenak defendatzea, udal batzuen jokabideari aurre eginez.

  14. Basurdeen eta orkatzen gainpopulazioari aurre egiteko ehizaren garrantzia aitortzea eta baliabideak jartzea.

  15. Eskulanaren kalkulua egokitzea lehen sektoreko produktuen prezioak jasotzen dituen Behatokia txostenean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.