Etorkizunak aspaldi utzi zion igarleen eremu esklusiboa izateari. Are gehiago, etorkizunaren eta orainaren arteko muga gero eta laburragoa da. Debate filosofikoa den hori hezur-haragizko bihurtzen da industrian, edo, hobeto esanda, aluminiozko eta plastikozko, horiek baitira etorkizuneko materialak. Izan ere, etorriko denari aurrea hartzea da lehiakortasunaren gako handietako bat, eta horretarako antolatu dituzte Basque Industry 4.0 jardunaldiak. «Ongi etorriak etorkizunera», esanez bukatu zuen atzo Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak jardunaldietako aurkezpen ekitaldian. Esaldi borobila, eta grafikoa, etorkizunak bi eguneko bisita egingo baitu BEC erakustazokan.
Zientzia fikziozko film bateko agertokiaren eta herriko azoka baten arteko hibridoa da BEC egunotan. Basque Industry jardunaldien seigarren ekitaldia da aurtengoa, SPRIk eta Jaurlaritzak antolaturikoa, eta urtez urte hazten ari da. Iaz, 130 enpresa joan ziren, eta aurten, berriz, 170 dira euren produktu eta zerbitzuak erakutsi dituztenak. Bisitarien kopurua ere bikoiztu egin da, 3.600 biltzeraino, eta antolatzaileek horregatik eman dute jauzia BECera. «Ikastera etorri gara; enpresariok, irakatsi iezaguzue zuen esperientzietatik», eskatu zuen Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenerako sailburuak. «Ezin gara atzean gelditu: aitzindariak izan behar dugu, nondik nora jo erabaki ahal izateko».
Ikasleak eta trajedunak
Ikasketa aipatu zuen Tapiak, eta zenbait ingeniaritza eskola eta fakultatetako ikasle despistatuen multzoek eman zioten kolorea lehen egunari. Enpresari trajedunekin mimetizatu, eta lotsagabe galdetu zuten postuetan. Ikusminik handiena sortu zutenetako bat Tecnaliaren taxi hegalariarena izan zen: 100 kilorainoko karga garraiatzeko gai den gailu bat, oraingoz hamabost minutuko autonomia duena. Bertan zegoen ikusgai, sabaitik eskegita.
Udan egin zuten aurkezpena, eta, orain, enpresei eskaintzeko garaia iritsi da. «Teknologia hau erabil daitekeela erakustea da gakoa. Teknologia zentro bat gara, eta haiei begira egin behar dugu lan. Lehen aplikazioak eremu itxietan izango direla aurreikusten dugu, materialak garraiatzeko. Esaterako, biltegi handi batean edo fabrika baten barruan», azaldu zuen Joseba Lasa proiektuko arduradunak. Automozioan gailu elektrikoetarako jauzia egin den bezala, aerodinamikan ere egin daitekeela uste du. «Turbinatik helizerako pausoa da. Gainera, drone bidezko sistemak desplazamenduetan zehatza izatea baliatzen du. Hori funtsezkoa da materialak garraiatzeko garaian».
Elektrizitatea aipatu du Lasak. Etorkizuna entxufearen bitartez elikatuko da, bai behintzat garraioan. «Iaz Norvegian saldu ziren autoen erdiak elektrikoak izan ziren. Udan, gurean, auto salmentak behera egin zuen; auto elektrikoaren kasuan, aldiz, bikoiztu egin ziren». Esaldia Alberto Delgadorena da, eta hark ez ditu auto elektrikoak ekoizten, auto elektrikoak kargatzeko gune txikiak baizik. Veltium Gasteizko enpresako ordezkaria da, jardunaldietan bildutako start-up-etako batekoa. «Edozein tokitan autoa kargatzeko gune bat jar dezakegu; nahiko da edozein etxetan arrunta izan daitekeen argindar potentzia kontratatua izatea. Ondo dago karga bizkorreko guneak egotea, egungo gasolindegien antzekoak, baina ideia da autoa geldirik dagoenean kargatzen edukitzea , eta, horretarako, sarrera puntu bat behar duzu. Norvegian, esaterako, ia ez dago karga bizkorreko gunerik». Aparkaleku berrietan, izan pribatu izan publiko, argindar iturri sendoak txertatzen ari dira auto elektrikoarentzat, eta horiek egokitzen ditu Veltiumek.
Basque Industry jardunaldiak plastikozkoak dira. Plastikoa ageri da bazter guztietan. Garai batean irain edo mespretxu esaldi izan zitekeena lore bilakatu da orain. «Plastikoa luzarorako iritsi da industriara. Milaka mota daude, eta ia makina guztietan dauden plastikozko osakinak». Asier Alburquerquek egin du material horren aldarria, Maquinser Iurretako lantokiko langileak. Enpresa horrek 32 urte darama makina-erremintaren sektorean, eta, duela lau urtetik, hiru dimentsioko inprimagailuak banatzen ditu. 38 zentimetro luze, beste hainbeste zabal, eta 28 zentimetroko piezak egin ditzakeen makinak banatzen dituzte, HP etxearenak. Erakustokian hainbat pieza ditu, tartean auto baten galga batekoa. «Ez da plastikoa: poliamida da», zehaztu du, eta abantaila agerikoa da: pisua. Material gogorra da, eta arina. Aluminioa baino lau aldiz arinagoa. «Autogintzan, oraingoz, piezetarako baino gehiago erremintak egiteko erabiltzen dute», nabarmendu du, etxeak berak ekoitzitako piezak.
Dena, baina, ez da ekoizpena. Tapiak aurkezpenean esan zuen erronka handia dela teknologia enpresa txikiagoetara eramatea, baita teknologiak izan ditzakeen negozioak ere, baina muinean «pertsonak» daudela. Giza faktorea dago atzean, eta haiek trebatzen ari da Ludus, Bilbon egoitza duen eta BECera joan den beste start-up bat. «Guk lan simulazioak sortzen ditugu», azaldu du Ricardo Pascualek. Errealitate birtualeko betaurreko lodi batzuk ditu eskuan. «Langileak gero egin behar duen lanaren simulazio bat sortzen dugu, behin hasten denean zer eta nola egin behar duen ikas dezan: zer pieza hartu, nola, non kokatu... Trebatua hasteko modu bat da». Dagoeneko 25 enpresari ematen diete zerbitzua. «Hau jada ez da zientzia fikzioa: enpresa handiek erabiltzen dute. Esaterako, batzuetan, langileak simulagailutik pasatu behar du oporretatik bueltatzen denean». Hala ere, dioenez, hasiberrientzat pentsatuta dago gehiago. Alde horretatik, lan istripuak ere simulatu daitekeela dio, eta erreakzio ahalmena neurtu.
Gaur, zibersegurtasuna
Basque Industryk bi egun iraungo du. Atzo, industriako zenbait arloren —logistika, ekoizpena, zerbitzua...— inguruko hitzaldi eta mintegiak egon ziren, eta gaur, berriz, zibersegurtasuna izango da egitarauaren ardatza. Antolatzaileek arreta berezia jarri dute sektore horretan, eta segurtasun informatikoko zerbitzuek ematen dituzten hogei enpresa baino gehiago gonbidatu dituzte, bederatzi herrialdetakoak. Azken hilabeteetan, Euskal Herriko hainbat enpresak salatu dute zibererasoak egin dizkietela.
Zientzia da, baina ez fikzioa
170 enpresa handik eta txikik industriaren bilakaeraren hurrengo pausoen arrastoak erakutsi dituzte Basque Industry 4.0 jardunaldietan. Zibersegurtasunari arreta berezia jarriko diote gaur
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu