Zer da zetaren bide berria?
Antzinako Arotik XVIII. mendera arte Txina eta Europa Asia Erditik barrena batu zituen merkataritza bidearen bertsio modernoa da. Beste izen bat ere jarri dio Pekinek: One Belt, One Road (Ingurabide bat, Bide bat). Xi Jinping Txinako presidenteari estuki lotutako ekinaldi bat da, hark proposatu zuelako lehen aldiz, 2013. urtean, kargua hartu berritan. Edonola ere, 2015. urtera arte ez zen hasi Txinako Gobernua bidearen helburua zein zen zehazten. Gaur egun ere, batik bat proiektu sinboliko bat da, abian zeuden hainbatinbertsio biltzen dituen zaku bat.
Zein da asmoa?
Ofizialki, Europako eta Asiako herrialdeen arteko merkataritza handitzea da zetaren bidearen helburua. Horretarako, errepideak, trenbideak, portuak, zubiak, oliobideak, energia plantak eta horrelako azpiegiturak eraiki nahi dituzte, horien eskasia duten herrialdeetan. Txinako Gobernuak dio ez dela proiektu berekoi bat; kontrara, ziurtatu du bere asmoa dela Europarako bidean dituen herrialdeen garapen ekonomikoa bultzatzea, eta, horren eskutik, herrialde ziurragoak egitea. Baina denek ez dute proiektua Pekinen begiez ikusten. Haren bidez Txinak bere eragin geopolitikoa handitu nahi duela diote batzuek, eta badira portuen eraikuntzaren atzetik Pekinen hedapen militarrerako asmoak ikusten dituztenak ere. Ekonomikoki ere, proiektuak badu kritika bat: herrialdeen garapena bilatzea baino, Txinan lana amaitzen ari zaien eraikuntza enpresak lanpetuak izateko modu bat dela, edo bere fabrikek erruz ekoizten duten altzairua eta porlana erabiltzeko bide bat. Salaketa horiek guztiak ukatu ditu Xi Jinpingen gobernuak. Bereziki ukatzen dute proiektu neokolonial bat dela, eta Marshall plan baten bertsio txinatarra dela hainbat estatu ahulen baldintzagabeko leialtasuna lortzeko.
Zer neurri du proiektuak?
Erraldoia. Zetaren bide berriak 68 estatu zeharkatu nahi ditu. Horietan 4.400 milioi biztanle bizi dira, eta munduko barne produktu gordinaren %40. Pekinen, Xik agindu du 113.000 milioi euro inbertituko dituztela, diru freskoan eta maileguetan. Proiektuak finantzatzeko, sortutako Txinako Garapenaren Bankua eta Asiako Azpiegituretan Inbertitzeko Bankua erabiliko ditu.
Martxan dago?
Bai. Proiektuaren aterkipean geratuko den zenbait azpiegituraren eraikuntza dagoeneko abian da. Logistika gune erraldoi bat egiten ari dira Khorgos hirian (Kazakhstan), trenbide bat Karakhorum mendiak zeharkatzeko, 1.800 kilometroko autobide bat Kunming hiritik (Txina) Bangkokera (Thailandia)...
Nola hartu du proiektua Europak?
Mesfidantzaz, baina baita interesez ere. Pekingo ekitaldian izan ziren Italiako, Espainiako, Greziako eta beste herrialde batzuetako agintariak. Baina kontinenteko hiru potentzia nagusiak falta ziren: Alemania, Frantzia eta Erresuma Batua. Hirurak hauteskunde prozesuetan buru-belarri daudela argudiatu zuten. Txinarekin merkataritza handitzea ez dute, oro har, gaizki hartzen, baina beldur dira zetaren bidearen bidez Pekin ez ote den saiatuko EBko ekialdeko edo erdialdeko estatu pobreagoak azpiegitura lan handiekin limurtzen, eta bere orbitara erakartzen.
Eta AEBek?
Proiektuak alde batera uzten du, erabat. Geografiaren ondorio da hori, baina baita Txinak AEBen aurrean indartzeko duen asmoarena ere. Gainera, badirudi Donald Trumpek bidea garbi utzi nahi diola Txinari: TPP Pazifikoko merkataritza itunetik atera da, eta aldebiko merkataritza harremanak hobetsi nahi ditu, gainontzekoak AEBentzat kaltegarriak izan direlakoan. Globalizazio prozesuan AEBek izan duten lidergoa Txinaren esku uztea da hori.
Errusiak zer jarrera du?
Vladimir Putinek jarrera anbiguoa du Txinarekin. Batetik, harekin harremana sakontzen ari da, Mendebaldearekiko menpekotasun komertziala gutxitzeko. Baina ez da ahaztu behar Errusia bera inperio bat dela, eta begi txarrez ikusten du Txinak eragin handia lortzea Asia Erdiko herrialdeetan (Kazakhstan, Tadjikistan...), bere orbitakotzat baititu.
Beste mesfidatirik?
Bai, India. Narendra Modi Indiako presidentearen hutsunea oso nabaria izan zen Pekinen. India munduko lurralde populatuena bilakatuko da urte gutxiren buruan, eta potentzia ekonomiko ere izan nahi du. Gainera, oso gaizki hartu du abian jarritako proiektuetako bat izatea Txinatik Arabiako itsasora doan korridore bat Pakistandik igarotzea.
ZETAREN BIDE BERRIA
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu