Asteburu honetan, arnasa pixka bat hartu dute Nafarroako hego isuriko lurrek. Egindako euriak, eskasak izanagatik ere, itxaropen izpi bat izan dira nekazarientzat. Dena den, beltz, oso beltz ikusten dute egoera. Lehortea gogor jotzen ari da aurten ere, eta iazko esperientziak erakutsi die egoerak okerrera baino ezin duela egin.
Ikusi gehiago:Erribera ihartzen ari da
Ureztatzen ez diren lurretan —euria soilik erabiltzen dutenetan— bi hilabete falta dira neguan landatzen den zerealaren uzta jasotzeko —garagarra, garia eta oloa—, eta Nafarroako hegoaldeko zenbait sorotakoak galdutzat eman dituzte. Iparraldekoenetan hobea da egoera, baina lurra hasia da estres hidrikoa nabaritzen, eta, hurrengo egunetan euri gehiago egiten ez badu, arazoak izango dituzte. «Landareak ura behar du bihia edo alea egiteko. Orain ez badu ura, ez da bihia egiten, eta ez da errentagarria uzta biltzea. Horregatik ematen da galdutzat. Orain, bihia egiten egon behar luke, baina landareak ez du indarrik», azaldu du Patxiku Irisarrik, EHNE sindikatuko idazkari nagusiak.
Ureztatzen diren lurretan, berriz, urtegien araberakoa da egoera: bildutako ur kopurua eskasa da, eta horrek zail egiten du labore horien kanpaina osatzea. Bereziki kezkatuta daude Bardeako eta Erriberako lurretan. Aurreikusten dute ur murrizketak egongo direla, eta horrek bat egingo duela artoa landatzeko garaiarekin —apiril amaieran, maiatzean—. Artoak ura behar du, eta laborariek duda dute erein ala ez.
Horri aurre egiteko, Intia Nekazaritza Elikagaien Teknologia eta Azpiegituren Nafarroako Institutuak aholkatu du artoaren ordez ekilorea landatzea, ur gutxiago behar duelako. «Hainbatek arto hazia erosia zuten, eta ez dakite zer egin horrekin», gogoratu du Irisarrik.
Ekilorera jo dutenak ere badaude. Haietako bat da David Navarro UAGN sindikatuko eleduna. Baina zalantza askorekin egin du hori. «Nire lurren zati batean landatu dut. Baina lur hauetan untxi eta txori ugari daude, eta ekilorea asko gustatzen zaie. Egokitzapena ere ez da ona eta komertzializazioa ez da erraza, inguruotan ez dagoelako erosle handirik. Horregatik da bazterrekoa hemen».
Beste uzta batzuen kasuan, nekazari batzuek planifikazioa egin dute abuztuan brokolia, azalorea edo orburua landatzeko, eta, horretarako, lurrak landatu gabe utzi dituzte, babak bildu ostean. Baina ez dute argi. Berdin piperrarekin eta tomatearekin. «Erabaki behar dute ea arriskua hartzen duten edo zuzenean ez duten ezer landatzen», azaldu du Navarrok. Gainerakoan, aukera gutxi dituztela dio. «Erriberan landatu daitezke ur gutxiago behar duten laboreak, baina ez dira ongi moldatzen, eta kasu batzuetan jada pasatu da ereiteko epea».
Itoitz, berriz ere
Argi daukate denek datozen aste eta hilabeteetan ureztatze kuotak ahalik eta ondoena erabili eta banatu beharko dituztela, noizbait txorrota itxi egingo dietelako. Ez litzateke berria. Urtegietara begira daude, eta aspalditik gainera. Hala dio Navarrok: «Iaz, ureztatze denboraldiaren ondoren gaizki bukatu zuten urtegiek, Esakoak bereziki. Horri batu zaio negu honetan ez dela nahiko euri eta elurrik izan. Arazo oso serioa dugu, bigarren kanpaina delako defizit hidrikoarekin».
Esaren betetze maila %57an dago gaur egun, eta garai honetan ohikoa izaten da %80tik gora egotea. Beste lur batzuk Lodosako ubideak ureztatzen ditu, baina haren emaria Ebroren mende dago, eta Reinosako urtegia (Kantabria, Espainia) %40 dago beteta.
Nafarroako ubidea hobeto dago, Itoizko urtegiak hornitzen duena, %69an. Itxaropenak han jarriak dituzte; azken urteetan Irati ibaiaren bidez Erriberako lurretara eraman dituzte hango urak, eta aurten ere hala egitea espero du Navarrok. Irisarrik ez du gaizki ikusten hori egitea, baina irtenbidea beste bat izan behar dela uste du. «Gu historikoki urtegi horren kontra egon gara, baina hor dago. Itoitz egoteak, dena den, ez du esan nahi denontzat ura egongo denik». Azken urteetako lehorteak berriz ere ekarri du mahai gainera ur azpiegiturei buruzko eztabaida Nafarroan. «Ureztatze berriak egin aurretik, daudenak modernizatu beharko lirateke», azaldu du EHNEko eledunak.
Antzera pentsatzen du Diego Galileak, Alinar Nafarroako, Errioxako eta Aragoiko Nekazaritzako Elikagaien Industrien Elkarteko zuzendari nagusiak, baina hark ez du azpiegitura berriak egitea baztertzen. «Nafarroako ubidea diseinatu zenean aurreikusitako beharrak ez dira oraingoak. Irtenbide gehiago behar ditugu. Azterketa bat egin behar da datozen 20-30 urteak kontuan hartuz. Gai apolitikoa dela uste dut, saihestu behar dugu gai hau politizatzea».
Irisarriren arabera, azpiegituretatik haratago ere eztabaidatu behar da, eta nekazaritza eredua mahai gainean jarri. Azken hamarkadan Nafarroako nekazaritza paisaia asko eraldatu dela azpimarratu du: idorreko lurretatik ureztatzekoetara pasatu dela, eta hori birpentsatu behar dela. «Klima aldaketa hemen dago. Ura izanen da, baina ez beti guk nahi genukeen adina».
Galilearen ustez, baliteke nekazariek hurrengo urteetan ur gutxiago behar duten zerealetara jotzea, baina gogoratu du Nafarroako «produkzio izarra» barazkiak direla, eta horrekin loturiko industria indartsu bat dagoela. Aurtengo egoera kritikoa dela azpimarratu du. «Lehortea soilik Nafarroara mugatuko balitz, beste toki batzuetan erosita salbatuko genuke urtea, baina pentsa nola dauden han ere. Arazo honek luze joko du», ohartarazi du.
Laguntzak, lanpostuak
Egoera aztertzeko, bitan bildu da Nafarroako Lehortearen Mahaia aurten, eta maiatzaren 4an egingo dute hurrengo bilera. 2012tik ez ziren elkartzen, eta iaz ekainean bildu ziren aurrenekoz. «Horretan bada aldea, aurten ez da hain berandu arte itxaron», adierazi du Irisarrik.
UAGNko Navarroren iritzian, ondo daude halako bilerak, «baina neurri konkretuak behar dira». Azaldu duenez, Intiak aipatutakoa gomendatu besterik ez du egin gobernuak, eta diru laguntzei buruz esan die Madrilen esku dagoela horiek ahalbidetzeko dekretua aktibatzea. Horrez gain, haren ustez, Bruselak aurten indarrean sartu duen Nekazaritza Politika Bateratuaren puntu bat malgutu beharko litzateke. Nekazariek deklarazio bat egin behar dute landatzen dutenarekin, eta, aurreikuspenak betetzen ez badituzte, zigorrak jaso ditzakete. Horrek egungo egoeran zentzurik ez duela azpimarratu du Navarrok.
Galilearen arabera, berriz, industriaren egoera ere kontuan hartu beharko litzateke. «Ekoizpen murrizketa handiak izango ditugu. Horrek kostuak handituko ditu, eta eragina izango du langileengan». Lehorteak eragindako egoerari aurre egiteko geratzen den «bide bakarrenetako bat» enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienteak izango direla uste du.
Lehortea Nafarroan. Nekazaritza
Zerura eta urtegietara begira
Lehortea oso gogor jotzen ari da Nafarroako hego isurian. Datozen egunetan euri gehiago egiten ez badu, Iruñerriko zereal uztak kolokan geratuko dira, eta Erriberako batzuk galdutzat eman dituzte dagoeneko. Gobernuak nekazariei gomendatu die artoa ekilorearekin ordezkatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu