Javier Goienetxea. Erkide federazioko presidentea

«Zergetan ez dago kooperatiben aldeko diskriminaziorik»

Kooperatibek, batez beste, sozietate zergan %10etik beherako tasa ordaintzea defendatu du Goienetxeak: «Kenkariek enplegua eta I+G saritzen dute, eta geuk egiten dugu hori, eta asko egiten dugu».

ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS.
Ivan Santamaria.
Arrasate
2017ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako kooperatiben %70 bilduta daude Erkide federazioan. Erakundeko presidenteak, Javier Goienetxeak (Lekeitio, Bizkaia, 1960), sozietate zergan proposatu diren aldaketak ondo neurtzeko eskatu du, enpresen lehiakortasuna ere balantzan jarrita.

Kooperatibak jopuntuan jarri zituen Cebekek, daukaten zerga tratua kritikatuta. Harritu zintuen halako mezua bidaltzea?

Lehen aldiz irakurtzean, bai, baina gero jakin dugu eurek ez dutela asmorik horrekin gerra bat egiteko. Ez Cebekek, ez Confebaskek.

Zuk zintzotasuna eskatu zenion Bizkaiko patronalari, kooperatibei buruz hitz egiteko orduan.

Geuk baditugu tasa parafiskal batzuk. Legeak ezarrita, irabazien %10 bideratzen ditugu gizarte ekintza egiteko diru funts batera. Mozkinen beste %20 derrigorrezko erreserba funts batean sartu behar ditugu. Funts horretako dirua ezin da banatu, eta, kooperatiba ixten bada, gizarteari bueltatzen zaio. Horiek kontuan hartuta, antzeko oreka dugu, bestelako sozietateekin alderatuta.

Sozietate zergan tasa txikiagoa duzue —%21; orokorra, berriz, %28 da—. Zergatik?

1997an, zerga araua berraztertu zen. Orduan, azterketa sakonak egin ziren, eta pentsatu zen oreka hura ona zela. Geuk uste dugu hala jarraitu beharko lukeela. Ezberdintasunak ditugu. Ez ditugu tasa berdinak ordaintzen, baina egiten dugun ekarpena berdina edo oso antzekoa da.

Zerga tasa eraginkorra, benetan irabazietatik ordaintzen dena, %10etik beherakoa da kooperatiben kasuan, batez beste. Zentzua du horrek?

Bai, zentzua du, zerga tasa nominaletatik harago badirelako kenkariak. Orain arte indarrean egon diren kenkariek enplegua sortzea eta I+G egitea saritu dute. Kooperatibetan egiten dugu hori, eta asko egiten dugu. Patenteen laurden bat sortzen ditugu, eta hamabost zentro teknologiko ditugu martxan. Salmenten %3 bideratzen dugu horretara. Besteek baino gehiago egiten dugu, eta horregatik ditugu kenkari gehiago.

Batek pentsa lezake kooperatibei zerga tratu berezia ematea erabaki zen garaian ez zituztela buruan gaur egungo talde kooperatibo multinazional handiak.

Zergetan ez dago kooperatiben aldeko diskriminaziorik. Ez zaigu iruditzen. Kenkariak hobeto baliatzen dituzte enpresa handiek, egia da, baina baita merkataritza enpresek ere. Edonola, tamaina handiko kooperatibak ez dira asko.

Cebekek argi esan zuen zer nahi duen: enpresek zerga gutxiago ordaintzea. Erkide bat dator mezu horrekin?

Ez, ez daukagu argi. Ez dugu soilik sozietate zergan pentsatu behar. Ikusi behar ditugu nolako beharrak dauden gizartean, zer-nolako diru sarrerak behar ditugun horiei aurre egiteko, eta nondik atera behar den diru hori. Errenta zerga ezin da ukitu? Ematen du goia jo duela eta ezin dela ukitu; ez dakit ba. BEZa zergatik da den bezalakoa? Ezin da progresiboa izan? Sozietate zerga igo behar dela erabakitzen bada, igo dadila, baina guk diogu oreka bat egon behar duela, geure lehiakortasunak antzera jarrai dezan.

Lehiakortasuna kolokan jarriko luke sozietate zerga igotzeak?

Zerga igotzeak zuzenean eragiten die enpresaburuei. Euskal Herrian ez gara oso lehiakorrak kanpoko inbertsioak erakartzeko. Zergekin zenbat eta gehiago zigortu, orduan eta zailtasun handiagoak jarriko ditugu. Tasak aldatzea erabaki aurretik ondo pentsatu beharko da, baina egin behar bada, bada, igo egingo da.

Ez da patronalekin talka egiten duzuen lehenbiziko aldia. Harremanik al duzue haiekin?

Ez, harreman oso gutxi daukagu patronalekin. Oro har, kooperatibak oso itxiak gara, eta zabaltzea ona litzateke. Gogoetak egin ditugu, eta beharrezkoa litzateke gehiago zabaltzea. Harreman gehiago behar ditugu instituzioekin, beste enpresa mota batzuekin, merkataritza ganberekin eta gizartearekin. Egiteko daukagun zerbait da.

Zuek eskatu izan duzue Eusko Jaurlaritzak abian dituen organo soziolaboraletan egotea. Horri ezetz esan dio Confebaskek, baita sindikatuek ere.

Hiruzpalau fronte ditugu irekiak. Jaurlaritzari eskatu diogu ekarpenak egin nahi ditugula SPRIn. Hor nahi dugu egon, eta eskola kontseiluan ere bai. Bi kasu horietan badira bi lege proposamen martxan, Eusko Legebiltzarrean, gertatzea ahalbidetuko dutenak. Geratzen zaiguna Lanbide da. Hor egon nahi dugu. Formakuntza integratuko da, Hobetuz sartuta, eta formakuntzan nahiz enplegu arloan asko dugu esateko. Traba da patronalek eta sindikatuek ez dutela nahi, orain arte oso eroso ibili direlako. Hirugarren bat sartzea ez zaie komeni.

Duela lau urte gertatu zen Fagor Etxetresnen erorketa. Batzuek kooperatibismoa bera zalantzan jarri zuten. Ondorioak izan ditu mesfidantza horrek?

Ez. Oso tokiko krisi bat izan da, Arrasaten kokatu dena, baina ez da harago joan. Bi mila lanpostu galdu ziren, baina Debagoienean ez da langabezia tasa handitu. Zortea izan dugu industria taldeko kooperatibak, Mondragonekoak, ondo aritu direlako urte hauetan, eta horrek konpondu du gaia, neurri handi batean.

Kooperatibismoaren aurkako indarrek aukera aprobetxatu zuten zuen aurka egiteko?

Bai. Kritika errazegiak egin ziren kooperatiba bat erori zelako. Merkataritza enpresa pila erortzen dira, eta inork ez du ereduaz hitz egiten.

Edonola ere, kooperatibismoa berrasmatzeko beharra aipatu zenuten mugimendutik. Zer ikasi duzue prozesu horretatik?

Badaukagu talde sendo bat egoera txarretan elkartasuna eta elkarlana handitzen dakiena, eta elkarrekin bagaude, gauzak konponduko ditugu.

Arazoak daudenerako finantza baliabide aski dituzte kooperatibek?

Hausnarketa handiak ditugu martxan, eta ez Fagorren gertatu zenagatik. Badakigu zertara doan irabazien %30. Beste %70 bana dezakezu: erreserbetara bideratu edo etxera eraman. Bazkideak gara, jabeak gara, eta zaila da erabakitzea dirua banatu gabe uztea.

Legez erreserbetarako ehuneko bat ezartzea ondo legoke, hala kooperatiba bakoitzari utzi behar zaio erabakia?

Oso galdera ona da. Logikoena litzateke bakoitzak erabakitzea. Azken finean, bazkideenak dira, eta eurek jakingo dute. Baina muga batzuk jartzea ez litzateke txarra, kooperatiba indartzea lekarkeelako. Geure helburua ez da dena etxera eramatea, baizik eta ahalik eta gehien uztea datorren belaunaldirako, guk geuk aurkitu genuen bezala. Zati bat eramatea, bale, baina mugak egotea ondo legoke. Mondragonen badaude jarrita, esaterako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.