Zergen erreformarako akordioa egin dute EAJk eta PSE-EEk

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako diputazioen kontseiluetan zehaztuko dira aldaketa proposamenak. Araban eta Gipuzkoan gutxienez beste alderdi baten babesa beharko lukete: EH Bildurena edo PPrena.

Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusia eta Andoni Ortuzar EAJko EBBeko presidentea, artxiboko irudi batean. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusia eta Andoni Ortuzar EAJko EBBeko presidentea, artxiboko irudi batean. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Irune Lasa.
2024ko urriaren 30a
12:45
Entzun

Zerga erreformaren ideiak bultzada berria hartu du gaur, EAJk eta PSE-EEk gaur jakinarazitako akordioarekin. Adostutako aldaketa horiek hiru aldundietako —Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako— diputatu kontseiluetan arau proiektu gisa onartzea izango da hurrengo pausoa, eta ondoren batzar nagusietan eztabaidatu eta onartu beharko dira.

Hitzartutako aldaketek bide hori errazagoa izango dute Bizkaian, bi alderdien koalizioak gehiengo zabala baitu Biltzar Nagusietan. Aldiz, Arabako eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan gutxienez beste talde baten babesa beharko dute: PPrena edo EH Bildurena.

«Ulertzen dugu gainerako alderdi politikoei eskua luzatu behar zaiela, ahalik eta akordiorik zabalenak lortzeko»

EAJ eta PSE-EE 

Egoera horretan, gainerako alderdiei eskua luzatu diete. «EAJk eta PSE-EEk, hiru lurralde historikoetako erakundeetan dugun erantzukizun instituzionala oinarri harturik, ulertzen dugu gainerako alderdi politikoei eskua luzatu behar zaiela, ahalik eta akordiorik zabalenak lortzeko, horrek berekin ekarriko duelakoan, foru eta zerga arau berriak onartu ahal izatea bermatzea ez ezik, justizia sozialaren mesedetan eta herritar guztien mesedetan lortuko diren helburuak partekatzea ere».

Hain zuzen, joan den astean, Pello Otxandiano EH Bilduko eledunak Eusko Legebiltzarrera eraman zuen zerga erreformaren gaia, eta Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakari jeltzaleari galdegin zion erabakitzea ea EH Bildurekin edo PPrekin adostu nahi duen erreforma.

Xehetasun gutxi

Gaur plazaratutako agiri bateratuan, EAJk eta PSE-EEk xehetasun gutxi eman dituzte erreformarako proposamenei buruz. Agian gehiago jakingo da bihar, Bizkaiko eta Gipuzkoako diputatuen kontseiluak beren aurrekontu proiektuak aurkeztekoak direlako.

Gaur, besteak beste, bi alderdiek azaldu dute aurrera egingo dutela «trantsizio berdea, deskarbonizazioa, energia eraginkortasuna eta energia berriztagarriak bultzatuko dituen fiskalitatean».

Berritasun aipagarri bat izan daiteke etxebizitza politikarekin lotutakoa. EAJk eta PSE-EEk «alokatzeko etxeen kopurua handitzen lagunduko duen fiskalitate bat» aitatu dute, «etxebizitza eskubidea bermatzeko, gazteengan jarriz arreta nagusia».

Berdintasun eraginkorra lortzeko neurriak eskaintzeko borondatea ere azaldu dute, «kontziliazioa bermatuz eta lan merkatuan sartzeko erraztasunak emanez».

Bi alderdiak bat datoz «indarrean dagoen zerga esparruak funtzionatu duela». Hala ere, ulertzen dute adostu dituzten neurri berriek «aukera ematen dutela zerga progresibitaterako bidean aurrera egiteko, errenten banaketa hobetzeko, betetzeko geratzen diren erronkei erantzuteko eta erakundeei baliabide nahikoak emateko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.