Austeritaterako urratsa egin du Frantziako Gobernuak. Haren aurrekontu proiektuaren muina da heldu den urtean 60.000 milioi euroren zuloa estali nahi duela, eta zergak handituko ditu eta gastu publiko gutxituko du horretarako. Defizit publikoa BPGaren % 5era jaitsita, finantza merkatuak baretu nahi ditu Parisek, azken asteetan urduri azaldu baitira Frantziaren kontu publikoen egoera txarrarekin.
Iragan astean, Michel Barnier lehen ministroak ziurtatu zuen ahaleginaren bi heren etorriko zirela gastu murrizketatik eta beste herena zerga igoeretatik, baina HCFP Finantza Publikoen Kontseiluak, aurrekontua aztertu ondoren, beste kalkulu bat egin du: %70 ekarriko dute zergek, eta %30 gastu murrizketek.
Urtean 250.000 eurotik gora irabazten duten zergapekoek —500.000 eurotik gora bikoteen kasuan— gehigarri bat ordaindu beharko dute errenta zergan hurrengo hiru urteetan.
Enpresei dagokienez, 1.000 milioi eurotik gora fakturatzen duten 400 enpresa handienek tasa berezi bat ordainduko dute sozietate zergan, eta guztiek gizarte kotizazio handiagoak ordainduko dituzte.
Zerga berri bat ere izango da, enpresek beren akzioak erosten dituztenean ordaindu beharrekoa. 2023az geroztik hala egiten dute AEBetan ere. Enpresek haien akziodunei irabazi gehiago banatzeko praktika bat da. Izan ere, erositako akzioak desagertzen direnez, beste akziodunei irabazien zati handiagoa dagokie, eta, gainera, akzioen balioak gora egin ohi du.
Auto kutsagarrienek ordaintzen duten tasa handitu egingo da, baita hegaldien gaineko tasa ere.
Erretreta hartuko duten langile publikoak ez ordezkatzea izango da gastua txikitzeko neurrietako bat. Urtebetean 2.200 gutxiago izango dira, eta, batez ere, hezkuntzan eta enplegu bulegoetan antzemango dute; armadan eta justizian, ordea, gora egingo dute.
Neurri deigarriena, ordea, pentsioen eguneratzea sei hilabetez atzeratzea izango da, uztailaren 1eraino. Halaber, ministerioek diru gutxiago izango dute gastatzeko, eta tokiko erakundeen finantzaketa ere jaitsi egingo da.
Gehiago etorriko dira
Gerrikoa estutzeko lehen saioa izango da, baina ez azkena. Barnierrek agindu du 2029an iritsiko dela defizita Europako Egonkortasun Itunak finkatzen duen maila gorenera, %3ra. Aurreko gobernuak 2027rako egingo zuela esan zuen, baina azken bi urteetan zerga bilketak emaitza kaskarrak eman ditu, eta, murriztu beharrean, %7era iritsiko litzateke 2025ean ezer egin ezean.
Lau puntuko jaitsiera, dirutan, 120.000 milioi euro dira. Dirutza da hori, batez ere kontuan hartuta Frantziako Errepublikaren kontu publikoen arazoa egiturazkoa dela: 1970eko hamarkadaz geroztik urtero izan du defizita. Azken urteetan, COVID-19aren pandemiari aurre egin behar izateko neurriek eta inflazio handiaren kaltea arintzeko hartutakoek puztu dute defizita, eta aurreko gobernuak izoztutako gastuek ez dute egoera onbideratu.
Defizit hori zor publikora gehituz doa, eta hori eragiten ari da Frantzia izatea bere zor publikoa handitzen duen EBko kide bakanetakoa. Aurten BPGAren %113ra iristekoa da, eta %115era datorren urtean. Konparazioa egiteko, Espainiaren eta Frantziaren zorrak parekatuta zeuden 2022an, %111n, baina Espainiarena %100era gerturatuko da hurrengo urteetan, defizit txikiagoa espero delako —%3tik beherakoa aurten bertan— eta hazkunde ekonomiko handiagoa izango duelako.
«Herrialdea zamatzen duen benetako Damoklesen ezpata haren zor publiko kolosala da», esan zuen Barnierrek joan den astean, bere gobernuaren politikaren ildo nagusiak aurkeztu zituenean. Merkatuen presioa zuen buruan Barnierrek adierazpen hori egin zuen egunean.
Azken asteetan gora egin du arrisku sariak, inbertitzaileek gero eta zalantza gehiago dituztelako Frantziak bere zorra itzultzeko gaitasunari buruz. Inbertitzaile zuhurrenak Frantziaren zorra saltzen aritu dira, eta, horren ondorioz, %3tik gorako interesa ematen du Frantziako hamar urteko bonuak, eta Espainiakoaren pare jarri da. Oso ezohikoa da hori, historikoki Frantziak Espainiak baino gutxiago ordaindu duelako bere burua finantzatzeko, herrialde fidagarriagoa zelako merkatuentzat. %3ko interesak ordaindu behar izateak zailago egiten du zorra murrizteko dirua aurkitzea, baina neurri batean eramangarria da. Benetako arriskua beste bat da: urduritasuna hedatzea merkatuetan, eta Greziarekin eta beste batzuekin 2010eko hamarkadan gertatutakoa gertatzea, hots, kopuru neurrigabe batzuetara iristea.
49.3 artikulua
Barnierren gobernuarentzat, kontu publikoak onbideratzea bezain lan zaila izango da bere neurrietarako babes politikoa lortzea. Ezkerrak ez dio arnasarik emango, Asanbleako talde nagusia izanik, legitimitatea ukatzen diolako Barnierri. Baina arazo nagusia etxe barruan du lehen ministroak: macronistak, gobernuaren babes nagusia izanagatik, egurra eman diote azken egunotan, argudiatzen baitute zerga igoerek kolokan jartzen dutela Emmanuel Macronen agintaldiaren ildo nagusia, hots, zergak jaistea jarduera ekonomikoa biziberritzeko.
Gauzak horrela, oso litekeena da 2025erako aurrekontua aurrekoen bide beretik joatea eta Frantziako Konstituzioaren 49.3. artikuluaren bidez onartzea. Hau da, bozketarik gabe. Erabaki horrek zentsura mozioei atea irekiko die, baina hori gainditzeko nahiko babesa du Barnierrek, aste honetan bertan ikusi denez; RN eskuin muturrak ez du babestu ezkerraren zentsura mozioa.