Bizkaiko metalgintzako enpresen fakturazioak behera egin zuen iaz, eta urteroko barne inkestaren arabera, jardunarekin zerikusia duten ia neurri guztiak 2023koak baino okerragoak izan ziren. Sektoreak ezkor amaitu zuen urtea, baina inkestako erantzunen arabera, aurten beste ilusio bat sumatzen duela azaldu du Begoña San Miguelek (Bartzelona, 1966): «Enpresek berezkoa dute baikortasuna, bizirik irauteko jaioak dira». EHUn Enpresa Zientziak ikasitakoa da, eta FVEM Metalgintzako Enpresen Bizkaiko Federazioko presidente kargua eta OJA-REM enpresako finantza zuzendaritza uztartzen du. Euskalduna da, baina nahiago izan du elkarrizketa gaztelaniaz egin.
Zuen azken txostenetik ateratako esaldi bat: «2024a, urte txarra jardunari dagokionez». Zer gertatu zen?
Zerikusia du Europako egoerarekin, bereziki Frantziaren eta Alemaniaren egoerarekin; gure esportazioen helmuga diren herrialdeekin, alegia. Haien merkatuek behera egin dute, eta horren ondorioak nozitu ditugu. Zenbait azpisektore ditugu, baina ekoizpena autogintzara bideratzen dutenek urte zaila izan zuten. Elektrikoek eta energiarekin zerikusia dutenek, aldiz, ona.
Hainbestekoa al da Frantzia eta Alemaniarekiko menpekotasuna? Merkatu berrien bila hasi al dira enpresak?
Hala dirudi, bi merkatu nagusiak dira. Enpresak helmuga berrien bila dabiltza beti, eta, kalte egiten dien aldagai bat sumatzen dutenean, merkatu ahul bat, adibidez, beste baten bila hasten dira. Guk, esaterako, iaz enpresa talde bat eraman genuen Marokora federazioaren bitartez, autogintzako lan asko dagoelako iparraldean, Tanger inguruan. Aurki Arabiar Emirerri Batuetara joatekoak gara.
Iazko balantzea txarra da. Urduritasunik sumatzen al duzu sektorean?
Ziurgabetasuna nabaritzen dut. 2022a eta 2023a hazkunde urteak izan ziren, eta horrek laguntzen du. Baina ziurgabetasuna lagun txarra da inbertsioak egiteko, kontratatzeko, ikerketak egiteko...
«Azken bost urteetan, gure federazioko kide ziren 83 enpresa itxi dituzte, gehienak txikiak eta oinordekorik gabeak. Fokupetik kanpo, gure ehun industrialaren parte bat desegiten ari da»
Autogintza eta ekipo ondasunen azpisektoreek urte gogorra izan zuten, eta pisu handikoak dira sektorean. Uste dute luze gabe joera alda daitekeela?
Autogintza sektorea zaila da. Batetik, oso globalizatua dagoelako, eta, bestetik, oso azkar moteltzen eta bizkortzen delako. Adibidez, 2019ko azken hiruhilekoa oso ona izan zen, baina 2020an auto garbien araudia ezagutarazi, eta hoztu egin zen. Eta orain zer? Denok dugu suspertuko den itxaropena. Orain entzuten ari gara Bruselak arauak malgutu ditzakeela. Alemania mezu asko bidaltzen ari da Europara, eta Bruselak norbaiti kasu egingo badio, Alemaniari egingo dio.
Bost urte pasatu dira 2020tik, eta, orain, trantsizioaren bigarren mugarria sartuko da indarrean, isuriak are gehiago murriztuko dituena, eta isunak gogortu. Bost urte hauetan, herritarrok ez dugu jakin zein auto erosi, eta ondorioz auto parkea asko zahartu da. Alegia, gutxiago kutsatu beharrean, gehiago kutsatu dugu, autoak zahartu egin baitira, eta utzi egin baitiogu eraginkorragoak diren konbustio autoak saltzeari. Argi dut CO2 isuriak kontrolatu egin behar direla, baina bide orrietan pentsatu behar da.
Esan zenuen Europako zuzentarauak kalte egiten ari zaizkiola Bizkaiko metalgintzaren lehiakortasunari. Langa goregi al dago? Planeta berotzen ari da urtez urte.
Nik uste dut egitasmoak onak direla, ikerketek erakusten baitute bizkor mugitu behar dugula isuriak murrizteko, baina errealistak izan behar dute, jomugan jarritako helburuak betetzeko. Nik zalantza dut Europaren bide orria ondo adostu ote zen aldaketa bideratu behar zutenekin: autogileak, auto elektrikoak kargatzeko azpiegiturak egiten dituztenak... Badirudi bide orria ez dela bat etorri inbertsioekin eta bezeroa konbentzitzeko egin beharreko lanarekin. Azkenean, bezeroek erosten dituzte auto elektrikoak. Zerbait ez dugu ondo egin.
Urte gogorra izan zen, baina ia seiehun lanpostu sortu ziren Bizkaiko metalgintzan.
Ezagutza, talentua, eskulan espezializatua... denak ere ondasun urri bilakatu dira. Iragarpenak onak ez izan arren, enpresek ez dituzte langile trebatuak galdu nahi. Pentsatzen dute: «Orain jendea kentzen badut, aurkituko al dut berriro premia izatean?». Enpresa batzuek ahalegin handia egiten dute jendea mantentzeko, hurrengo urteak hobeak izango diren itxaropenez.
«2020az geroztik, ez dugu jakin zein auto erosi, eta, ondorioz, auto parkea asko zahartu da. Alegia, gutxiago kutsatu beharrean, gehiago kutsatu dugu, autoak zahartu egin baitira»
Eskulan trebatua lortzeko arazoak al daude oraindik?
Arazo handienetan bigarrena da. Hutsune asko daude bete ezinda. Pentsa, gure webgunean lan eskaintzak daude, eta batzuetan soslai orokor jakin bat eskatzen dugu, bai baitakigu beti izaten direla halako langileak behar dituzten enpresak. Esaterako, elektrizitate espezialista asko falta dira. Mantentze elektrikoko ikastaro batzuk sustatu ditugu aldundiarekin, eta bertako ikasle guztiek eskaintzak dituzte.
Arazoa lan baldintzetan datza, edo bokazioan?
Bokazioan, ez baitut uste baldintza kontua denik. Zuloa ikastaroetako matrikulazio datuetan ikusten dugu. Zuloa deitzen diogu, elektrizitateko profesionalen premia dugulako eta ikastaro horiek ez direlako betetzen. Jende gaztearentzat industria ezezaguna da.
Tailerrak prestigioa galdu al du?
Bai, industriak oro har. Gazteek uste dute industria garai bateko kontua dela, zikina, astuna... Aurreko belaunaldiek ez zuten nahi seme-alabek industrian lan egiterik, eta gure erronka da ikusaraztea lanerako toki aproposa dela.
Aurtengo, baikortasun zantzu batzuk ikusten ziren inkestan. Zertan oinarritzen dira?
Baikortasuna bainoago, beherako joera geldituko den ustea da. Enpresek berez izan behar dute baikorrak. Baikortasuna non? Proiektu berrietan: esaterako, deskarbonizazioak eta energia trantsizioak sortutako egitasmoetan.
Zuen ikerketen arabera, absentismoa arazo larri bilakatu da. Hainbesterako al da? Ala kanpaina bat da?
Hainbesterako dela esan dezakegu, datuek hori berresten dute eta. Eskertzen dugu gaur egun gu ez izatea gaiaz mintzo diren bakarrak, erakunde publikoek ere onartu baitute kalte egiten diela. Goraka ari delako da kezka iturri, batez ere azken bost urteetan. Ezer baino lehen, ni aldi baterako gaixo baimenez bakarrik ari naiz. Zer gertatzen den ikusi behar da, arazoa zaila baita, eta ertz askokoa. Konponbidea guztientzat da ona: osasun hobea langilearentzat, gastu publiko gutxiago eta lehiakortasun handiagoa enpresentzat.
Harria bota eta eskua ezkutatzea ez al da hori? Alegia, ez dela inor seinalatu nahi haserretu ez dadin.
Ez. Kontu handiz hitz egin behar da, osasunaz ari baikara, eta osasuna gai delikatua da. Ni harritzen nauena da ikustea Euskal Herriko ratioak inguruko lurraldeetakoak baino handiagoak direla beti, eta ez dakigu zergatik den.
Langileen batez besteko adina ere handiagoa da.
Bai, hala da, baina absentismoa adin tarteen arabera aztertzen denean, ikusten da langile gazteek gaixo baimen gehiago hartzen dituztela zaharragoek baino; beraz, ez dirudi adina azalpen bat denik. Horregatik esaten dut gaiari heldu behar zaiola, eta ikertu.
«Goraka ari delako da absentismoa kezka iturri. Batezbesteko adina ez da goraldiaren arrazoia: ikerketek erakusten dute langile gazteek gaixo baimen gehiago hartzen dituztela zaharragoek baino»
Aldundiek iragarri dute hurrengo zerga erreforman enpresen fiskalitatea ukituko dutela. Zer eskatzen die federazioak?
Enpresek zerga asko ordaintzen ditugu, eta ziurgabetasun garai batean gaude. Azken bost urteetan, gure federaziokoak ziren 83 enpresa itxi dituzte, txikiak ia guztiak. Tantaka-tantaka, enpresa txikiak ixten ari dira. Fokutik kanpo daude, bizpahiru langile dituzte, lekukoa hartzeko inor ez... Itxi eta lokal bat hutsik. Ehun industrial hori desagertzen ari da, eta horrek enpleguak eta ezagutza galtzea dakar.
Zer eskatzen dugun? Egoera kritiko batean gaudenez eta ekonomia itunak horretarako modua ematen digunez, murriztu ditzagun pixka bat ordaindu behar ditugun zergak, lehiakideak baino erakargarriagoak izateko. Aragoi alboan dugu, eta orain Euskadi baino erakargarriagoa da enpresentzat. Lurra du, energia merkea... Lehia ez dago Turkian, hemendik kilometro gutxira baizik. Ogasunek zer egin behar dute? Erakargarriago izaten lagundu behar digute. Gutxiago ordaintzen badugu, jende gehiago etorriko da, oinarria handituko da, eta ordaintzaile gehiago izango dira.
Zuen lan hitzarmena da Euskal Herrian langile gehieni eragiten diena. Urtebete falta da berritzeko, eta gaur egun ia ez dago gatazkarik sektorean. Mezurik bidali nahi diezu sindikatuei?
Pentsatzen dut urte hasieran deituko dela negoziazio mahaira. Nik elkarrizketa eskatzen dut negoziazio mahaietan, eta esperientziak esaten digu azkenean lortzen dugula ados jartzea. Baina alde guztiek izan behar dugu negoziatzeko borondatea, eta saiatu greba ez jartzen lehen neurri moduan.