«Suitzan oso zoriontsu naiz, baina hori onartzen bada, berriz pentsatu beharko ditut gauzak». Tord Kolstad norvegiarraren hitzak dira, elkarrizketa batean esanak, 100.000 sinadurarekin Alpeetako herrialdean oinordetza zerga federala ezartzeko proposamenak erreferendumean bozkatua izateko aukera irabazi ostean.
Sozialdemokraten gazteen proposamenarekin, oinordetza zergak 50 milioi franko suitzarretik gorako ondare jarauntsi guztien erdia bilduko luke, eta diru hori klima larrialdiaren ondorioak borrokatzera joango litzateke. Edonola ere, oraindik parlamentuak proposamena aztertu behar du, baita kontraproposamena ere, halakorik balego, eta zerga bi urte barru bozkatuko litzateke erreferendum batean. Suitzako Gobernua kontra dago.
Baina balio izan du dirudunak zergapetzeari buruzko eztabaida Suitzara iristeko, eta hango aberatsak asaldatzeko. Haien kontrako argudio nagusiak bi dira: bat, oinordetza zerga horrek herrialdeko ekonomiari kalte egingo diola; eta bi, herrialdetik joan egingo direla.
Kolstadentzat, adibidez, hori egiten duen bigarren aldia litzateke; higiezinen magnatea Luzernara orain bi urte aldatu baitzen Norvegiatik, hango gobernu laboristak aberatsenei ondarearen eta kapital irabazien gaineko zerga bikoizteko prozesua abiatu zuenean. Ez zen bakarra izan; norvegiar aberats mordoxka bat aldatu dira Suitzara.
Dubain ez dago errentaren eta kapitalaren gaineko zerga indibidualik
Izango du Kolstadek toki gehiago zerga abantailen bila joateko. Oraingoz, Suitza berak balio dio; han, aberatsek kantoiekin negozia dezakete zerga tasa orokor pertsonalizatua. Baina badira beste hainbat herrialde egoki. Orain puri-purian daudenak, batez ere Singapur eta Arabiar Emirerri Batuak dira; Dubain ez dago errentaren eta kapitalaren gaineko zerga indibidualik.
Hain zuzen, Dubaira aldatzea pentsatzen ari dira orain arte Erresuma Batuan bizi izan diren atzerritar dirudun asko, han dituzten abantailetako batzuk galtzear daudelako. Kolonien garaiko erregimen bati esker, Erresuma Batuan bizi eta atzerrian helbideratutako dirudunek ez dute zerga britainiarrik ordaintzen atzerrian lortutako errenta eta kapital irabaziengatik, hamabost urtez. Aurreko gobernu kontserbadoreak lau urtera jaitsi nahi zuen epea; orain, Keir Starmerren gobernu laboristak iragarri du kendu egingo duela erregimena, eta oinordetza zerga ezarriko diela atzerritar horien atzerriko aktiboen fideikomisoei.
Norvegian gertatu bezala, Erresuma Batutik aberats mordo batek alde egingo duela espero da. Zerga baldintza hobeagoen bila aldatzeko joera handitu egin da azken urteetan milioidunen artean. Diruak paradisu fiskaletan izanda, lehen errazagoa zitzaien nahi zuten tokian bizitzea, baina garaiak aldatu direla diote finantza aholkulariek, informazio trukea hobetu da, eta banku sekretua ia desagertu. Orain, aldatzea da irtenbidea, herrialdeen politikan eragiteak funtzionatzen ez duenean.
Oro har, aberatsei zerga indibidual arinak ezarrita, herrialdeek uste dute jende arruntak baino gehiago kontsumitzen duten aberatsen aberastasuna kontsumo zergetatik bilduko dutela. Baina horren ifrentzuak izan daitezke etxebizitza garestiegiak, gentrifikazioak, herritarren suminak...
Zerga globala
Hala ere, atzerrira joango diren mehatxua baino argudio hobeak gutxi izango dira, aberatsen gaineko gutxieneko zerga global baten alde egiteko. Hori dio Gabriel Zucman ekonomistak, zeinak G20koen Rioko Adierazpenerako txostena prestatu duen. Mila milioidunentzako zerga proposatu du Zucmanek, beren aberastasunaren %2 paga dezaten urtero, modu batera edo bestera. Lehen urratsak baino ez ditu egin proposamenak, baina aberatsei dagozkien zergak ordainaraztearen aldeko joeraren beste erakusgarri bat da.
Badago beste argudio oso on bat aberatsenei zergak handitzeko: proportzioan beste edozein herritarrek baino askoz ere zerga indibidual gutxiago ordaintzen dituztela; oso gutxi ehun milioitik gora dutenek, eta apenas mila milioidunek. Gainera, horretarako ez dute Dubaira joan beharrik.
%13Aberastasunaren kontzentrazioa. 1993. urtean, mila milioidunek munduko barne produktu gordinaren ia %3 kontrolatzen zuten, eta, gaur egun, %13 baino gehiago.
Zucmanen txostenaren arabera, munduko mila milioidunek —3.000 bat pertsonak— ez dute errenta zergarik ordaintzen, berez, ez dutelako errentarik sortzen. Haien negozioek dirutzak irabazten dituzte —eta sozietate zerga ordaintzen—, baina gero dibidendurik ez bada banatzen —adibidez, berriz negozioan inbertitzeko—, ez dago sarrera indibidualik, nahiz eta berez haien aberastasuna edo ondarea handitu den. Berdin gertatzen da negozioaren jabeak ez badu bere parte hartzerik edo akziorik saltzen.
Baina, orduan, nola pagatzen dute beren kontsumo ikusgarria? Askok erabiltzen duten modu bat da dirua maileguan hartzea, zorpetzea, jabetzako aktibo eta parte hartzeak berme gisa erabilita.
Holding sozietateak erabiltzea da mila milioidunek errenta zergarik ez ordaintzeko duten beste modu bat, batez ere Europan. Sozietate horiek izaten dira negozioetako parte hartzeen jabeak, eta dibidenduak jaso ditzakete. Eta sozietate horien jabeek zerga indibidualik ordaindu gabe irabazi horiek erabil ditzakete.
Bada mila milioidunak zergapetzeko beste argudio on bat. Zucmanen arabera, aurreko jokaera horiei guztiei esker, munduko aberastasuna haiengan kontzentratzen ari da, eta azkar gainera. 1993. urtean, mila milioidunek munduko barne produktu gordinaren ia %3 kontrolatzen zuten, eta, gaur egun, %13 baino gehiago.